Juan Jose Izeta Arrue Mozotegi baserrian (Goiburu auzoa) jaio zen, 1909ko uztailaren 28an. Senideak honakoak izan zituen: Joakin, Manuel, Modesto, Karmelo, Maria, Mikela, Ramon, Jeronimo eta Joxepa. 1936an Goiburu auzoko Galardi Borda baserrian bizi zen, Urnietan eskola publiko irakasle zen Angela Arrue bere izebarekin batera (Urnietako Udal artxibategia).
Juan Jose ezkongabea zen, eta baserritarra ogibidez. Ideologia abertzalekoa zen, eta EAJko zinegotzia Urnietan, 1931ko apirilaren 12ko Udal hauteskundeez geroztik. 1936ko irailaren 18an atxilotu zuten faxistek. Baina horretarako, jakin beharrekoak dira aurreko egunetan gertatu ziren gertakariak. Gipuzkoa mendean hartzeko asmotan Nafarroatik Molak gidatuta abiatu ziren tropa faxistak abuztuaren 16an sartu ziren Andoainen. Buruntza abuztuaren 30ean lortu zuten hartzea; ordura arte indar errepublikanoek gogor eutsi zioten goi-posizio estrategiko horri, nahiz eta armez eskas ibili.
Andoaingo eta Urnietako herritar ugarik exodoan parte hartu zuen abuztuko lehen egunetan, jakinaren gainean baitzeuden tropa altxatuek herri bat hartu eta agudo giza sarraskiak egiten hasten zirela, atxiloketak, desagerketak, ile mozketak... Nolanahi ere, altxamenduarekin bat egiten ez zuen beste hainbat jende etxean geratu zen, sinetsita ez ziotela inori kalterik egin eta ez zutela errepresaliarik jasango. Horietako bat izan zen Juan Jose Izeta.
Izeta irailaren 18an atxilotu zuten, Urnietako eta Andoaingo beste bederatzi pertsonekin batera. Alegia, Urnietako Manuel Lasarte eta Rafael Barkaiztegi (semea) eta Andoaingo Sixto Prestamero, Sekundino Anton, Jose Lasa, Ramon Gantzarain, Maximino Lasarte, Faustino Aldaz eta Mikaela Aldaz. Andoaingo komandantzia militarrera eraman zituzten denak ere, matxinada militarraren akusaziopean. Eta handik Ondarretako espetxera hurrengo egunetan.
Sekundino Antonen familiak Aiurri aldizkariari utzi dizkion agirien arabera, Donostian gerra-kontseilu sumarisimoa ezarri zitzaien. Garaitsu hartan Donostian eguneroko bihurtu ziren epaiketa fartsa haietako bat jasan zuten hamar lagunek: zilegitasun demokratikoa zeukan II. Errepublikaren aurka indarkeriaz altxatu zirenek herritar errugabeak errebelio militarraren salaketapean epaitzea, alegia. Epaileak, fiskala eta akusatuen defendatzaileak, denak ere militar kolpe zaleak izan ziren. Gainera, epaiketan zehar, Andoainen eta Urnietan kolpe militarraren alde egin ostean agintean jarri ziren zenbait pertsona kualifikatuen deklarazioak (alkateak, idazkariak…) hartu ziren kontuan azken epaia atontzeko; auzipetuen aurkako deklarazioek egin zituzten guztiek ere. Izetarengandik adierazi zuten milizia marxistekin jardun zuela. “Sujeto peligroso y muy separatista” omen zen.
1936ko urriaren 14an jakinarazi zuten epaia gupidagabea izan zen: heriotza-zigorra Manuel Lasarte, Juan Jose Izeta, Rafael Barkaiztegi, Sixto Prestamero, Secundino Anton, Jose Lasa eta Faustino Aldazentzat; 30 urteko kartzela zigorra Mikaela Aldazi, eta 15 urteko kartzela zigorra Maximino Lasarte eta Ramon Gantzaraini. Ondarretako patioan erail zituzten lehenak, urriaren 20an, eta Polloeko hilerrian lurperatu. Mikaela Aldaz Saturrarango kartzelara eraman zuten, eta Maximino Lasarte eta Ramon Gantzarain, berriz, Burgoskora.
Berrogei urteko diktadura frankistak berebiziko saiakerak egin zituen 1936ko kolpe militarraren ondoren errepresioak zapaldu zituen herritar horien izena eta memoria ahazturaren leizean gal zitezen. Ondoren ezarri zen demokraziak ere ez zuen ahalegin berezirik egin justizia ezarri zedin behingoz, nahiz eta azken urtetan abian jarri diren zenbait ekimen herri elkarteen eta instituzioen aldetik, Debakoaren antzekoak. Utzikeria horren adierazle izan daiteke, honako datua: egun, Espainiako justiziarentzat, ofizialki, Andoaingo eta Urnietako hamar herritar horiek gaizkileak eta altxamendu militarraren eragile edo laguntzaileak izaten jarraitzen dute.