Zaborren bilketa sistema azaltzeko azken egunak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 23a, 02:00

Urnietan organikoaren eta errefusaren edukiontziak, derrigorrean, txartelarekin ireki behar dira. Materia organikoa biltzeko edukiontzi marroia egunero ireki ahal izango da; errefusaren edukiontzi grisa, berriz, asteazken eta igandetan soilik. Informatzaileak kalean ibiliko dira gaur eta bihar, xehetasunak eskainiz:

Urriak 23, astelehena:
10:00-11:30:
-Zabaleta, 6.
-Idiazabal 41 parean.

11:30-13:00:
-Idiazabal 40 parean.
-Etxeberri plaza (garajeetako sarbidea).

Urriak 24, asteartea:
10:00-11:30:
-Lizardi, 5 (Egape ikastola).
-Aranzubi (San Juan, 2).

11:30-13:00:
-Kiroldegia (Pintore, Zubitxo 7).
-Errekalde, 1.

Udal gobernuko Mikel Pagola alkateak eta Jorge Segurado zinegotziak eman zituzten azalpenak urriaren 11n, prentsaurrekoan. Alkateak aditzera eman zuenez, “Udalak hondakinen kudeaketa ariketarik egokiena egin nahi du, eta horregatik urrats berria eman du. Ingurumenarekiko konpromiso sendoa hartu nahi badugu, derrigorrezkoa dugu guztion artean Urnietako bilketa selektiboaren tasa igotzea. Egun, landa eremua, herrigunea eta industriguneak kontuan hartuta, %52 birziklatzen da Urnietan. Bere garaian Udaleko hiru alderdiek gutxienik %65ra igotzeko konpromisoa hartu genuen, eta bide horretatik jo beharra dago”.

Txartelaren bitartez ezarriko den derrigortasunaren zergatia azaldu du Pagolak. “Errefusaren edukiontziaren irekiera asteazken eta igandeetara mugatuko da, eta horrekin lortu nahi dugu herritarrek etxean sortzen dituzten hondakinak etxean bertan banatu eta birziklatzea”.

Alkateak egunerokotasunean ohitura hartzeari eman zion garrantzia: “Behin etxeko lan horretara jartzen garenean, konturatzen gara birziklapena lantzea egunero-egunero egiten dugun ekintzarik errazenetakoa dela, ohitura batzuk hartzea dela kontua, eta ez duela aparteko ahaleginik eskatzen. Horretara jada ohitu garenok badakigu zertaz ari garen”.

Alkateak aitortu du sistema berriak zenbait herritarrengan erresistentziarik eragin dezakeela. Horrexegatik, mezua helarazi die: “lankidetza eskaera egin nahi diegu Urnietako herritarrei, beharrezkoa baita beren inplikazioa. Sinetsi egin behar dute sistema berria mesedegarria dela, ingurumenaren alde. Norbaitek pentsa dezake zailtasunak jartzen ari garela; hala izan daiteke agian, baina gauzak ondo egiten ikasteko neurriak dira ezarri ditugunak. Eta dinamika horretan sartzen garenean, ziur nago hasierako erresistentzia horiek gaindituz joango garela guztiok, eta erraz egin daitekeen lana dela konturatuko garela. Gainera, ondo egiten badugu, agian ez da beharrezkoa izango bi egun horietan errefusaren edukiontzia ireki behar izatea, eskarmentuak esaten baitigu baxu-baxua izaten dela horra joan ohi den kopurua”.

Salbuespenak errefusaren irekieran
Errefusaren edukiontzia bi egunetan ez baizik eta egunero zabaltzeko aukera izango dute, esate baterako, haur oihalak erabiltzen dituzten gurasoek (0tik 4 urte bitarteko haurrak dituztenak), edota mendekotasuna duten adineko pertsonak etxean dituzten familiek. Horretarako, interesa dutenek Udalean eskaera egin beharko dute.

HERRIAREN HEREN BATEK EZ DU TXARTELA ESKURATU
Jorge Segurado zinegotziak adierazi zuenez, urriaren 11 bitarte 5.000 txarteletatik 3.382 banatu zituzten. Azken egunetan, urriaren 14ra bitarte kopuru hori igo egin zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!