EAJ-PNVren kritika Udal gobernu taldearen jokabideari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 22a, 02:00

Andoaingo EAJ-PNVk urriaren 26ko batzarraldian “Hondakinen bilketa sistema hobetzeko” mozioa aurkeztu nahi izan zuen, baina ez da horri buruzko eztabaidarik izango bozeramaileen batzordean aukera horri atea itxi baitzitzaion. EAJ-PNVk Aiurriri igorri dioen oharrean dio penaz hartu duela Udal gobernu taldearen erabakia, “izaera politikoa duen mozio bat dugu eztabaidagai, inolako eragin exekutiborik ez duen mozioa” argudiatuz.

Jeltzaleen ustez, EH Bilduk mozioa plenoan eztabaidatzea eragoztea justifikatzeko erabili dituen argudioak ez dira balizkoak “egia da diktamen beharra duen erabaki administratibo orok: eragin ekonomikoak, lan alorrekoak edo bestelakorik eduki dezakeen edozein erabakik batzordetik pasa beharra duela, baina kasu honetan erabat izaera politikoa duen mozio bat dugu eztabaidagai, inolako eragin exekutiborik ez duen mozioa”.

EAJ-PNVtik aurreratu dutenez “hondakinen bilketa sistemaren hobekuntzaz eta herriari eragiten dioten beste hainbat gairen inguruan proposamenak planteatzen jarraituko dugu, horretarako balizkoak diren foro guztietan”. Proposamen eraikitzaile positiboak egiteari eutsiko diotela berretsi dute, “herriko udal talde ezberdinen artean eztabaida politiko sanoa sustatzeko lanean jarraituko dutela”.

Jeltzaleek tasa eta zergen ez ohiko batzarrean dagoeneko euren iritzia plazaratu zuten [Bideoan ikus daiteke].

Ernairen manifestazioarekin haserre

Jeltzaleek, bestalde, Ernaik Gazte egunean egin zuen manifestazioaren lema kritikatu dute. Zuen errautsetan itoko zarete! Errausketarik EZ! lema jeltzaleentzat, “arerio politikoari errautsetan itotzea desiratzea iraganeko konfrontazio eskema da. Konfrontazioa eta enfrentamentua bilatu nahi dituenak ez gaitu bide horretan topatuko, proposamenak egiten jarraituko dugu, elkarrizketaren eta hitzaren aldeko aldarria eginaz, akordioak lortzeko erraminta ezinbestekoak baitira”.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!