Aierbeko pasabidea ez dute autoentzat zabalduko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 20a, 02:00

“Guztion segurtasuna dago jokoan” adieraziz, Udalak oinezkoen eta txirrindularien pasabideari lehentasuna eman dio Aierbeko pasabidea itxita mantentzeko orduan.

Udaz geroztik itxita dago, eta horren aurrean hainbat herritar Aierbeko pasabidea ibilgailuentzat itxi izanaren aurka agertu dira. Baita ehunka sinadura lortu ere. Udalak bigarren aldiz aztertu du gaia, eta azkenean itxita mantentzea erabaki du. Hauxe Udal gobernu taldearen argudioak:

“Aierbeko pasabideak oinezkoen segurtasunean eragiten zituen arriskuez jakitun, pasabidea ibilgailuentzat ixteko erabakia hartu zen gehiango zabal batez pasa zen ekainean Hirigintzako batzordean. Erabakia udaltzainburuaren aldeko txostenaren bermearekin hartu zen, izan ere, pasabidearen zabalera estuagatik, ezinezkoa gertatzen da oinezkoak eta ibilgailuen arteko elkarbizitza.

Horren ondotik, uztailean, Aierbeko pasabidea ixteko hartutako erabakiaren aurka eta pasabidea irekitzearen aldeko sinadura bilketa baten berri izan genuen Udalean. Udal gobernuak bilerara deitu zituen sinadura bilketaren sustatzaileak uztaila amaieran, ordura arteko prozedura zein izan zen eta hartutako erabakiak oinezkoen segurtasuna bermatze aldera hartu zirela azaltzeko. Sinadura bilketaren sustatzaileek zenbait neurri proposatzen zituztenez, udaltzainburuari txosten berri batean horiek aztertzeko eskatu genion, eta gaia ikasturte hasieran berriz ere batzordera eramateko konpromisoa hartu genuen.

Irailaren 25an ospatu zen ikasturteko lehen Zerbitzutako batzordea. Agindu bezala, gaia batzordera eraman genuen, udaltzainburuaren txosten sakonago batekin; mahaigainean zeuden proposamenak aztertu ostean, horiek ez zirela bideragarriak eta, azkenean, berriz ere, boto ematera jarri eta pasabidea ixtearen aldeko erabakia hartu zuen batzordeak.

Ixtearen arrazoiak, hasieratik azken erabakira arte, berberak izan dira: Pasabide horrek duen zabalera estuagatik ezinezkoa da ibilgailuen eta oinezkoen arteko elkarbizitza gauzatzea; egunak joan eta egunak etorri, hainbat arrisku egoera suertatzen dira autoen eta oinezkoen artean; horietako askoren testigu gara egunerokoan. Hori dela eta, udal gobernuaren irudiko, ezin dugu besterik gabe beste aldera begiratu. Oinezkoen segurtasunak izan behar du beti lehentasuna. Gure zeregina da Andoaingo herritarrak babestea, arrisku puntuak identifikatzea eta horiek saihesteko neurriak hartzea, eta errore handia litzateke eremu horretan oinezkoak berriz ere babesgabe uztea. Udalaren erantzunkizuna litzateke norbaiti zerbait gertatuko balitzaio, beraz, ondoren damutu baino, prebentzio neurriak hartzea ezinbestekoa zaigu.

Espero dugu pasabidea irekitzea eskatzen zuten bizilagunek ulertuko dituztela ixtearen arrazoi nagusiak, guztion segurtasuna baitago jokoan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!