GazteArt, artea eta elkarbizitza eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 22a, 02:00

Artearen inguruko jakin-min berezia duten gazteei zuzendutako ekimena da GazteArt. Aiztondo eta Urolako gazteak, Italiatik etorritako taldearekin elkarlanean jarri ditu.

Ekainean luzatu zuten GazteArt ekimenean parte hartzeko deialdia. Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak, eta Zizurkilgo Udalak osatutako proiektua da GazteArt, Italiako Napoli hiriko Ennea elkartearekin batera. Euskal Herriko hamabi gazte eta Italiako beste horrenbeste ari dira ekimenean parte hartzen.

Arte diziplina ezberdinetan dabiltzan gazteak bildu dira GazteArt ekimenaren baitan. Argazkigintza, arte plastikoak, eskultura…, baita dantza edota musika lantzen duten gazteak ere. Urriaren 9an jarri zen martxan ekimenaren lehen atala. Egun horretan elkartu ziren gazteak Zarauzko aterpetxean. Aiztondo bailarako lau gazte, Urola inguruko zortzi, eta Napoli hiri italiarretik gerturatutako hamabi gazte. Haiekin elkartu ziren lau irakasle nahiz koordinatzaileak ere, bi euskaldun eta beste bi italiar. Elkar ezagutzeko baliatu zuten lehen eguna eta hortik aurrera, arte munduan sakontzeko tailer eta bisita ezberdinak egiteari ekin zioten.

Ekimen aberasgarria

Maria Altuna artista zizurkildarra gazteon irakasle lanetan aritu da eta gustura dago ekimena ematen ari denarekin. “Oso aberasgarria izaten ari da guztiontzat. Azpeitian, esaterako, argazkilaritza landu genuen. 1850eko kamera zahar batekin egin genituen argazkiak, antzinako teknikak ikasiz. Gazteak asko ari dira gozatzen, eta baita gu ere. Horrez gain, taldean denetarik dugu; arte plastikoetan dabilen jendea, diseinatzaileak, dantzari eta abeslariak…, horrek asko aberastu du egunotako jarduna. Profil ezberdinetako jendea izateak elkarrengandik ikasteko aukera ematen du. Gainera, oso giro polita sortu da gazteen artean, eta hori ere ikasteko baliagarria da”. Gitarraren laguntzaz, kalean abestu eta dantza egiteko aukera ere izan dute Zarautzen.

 

Urmarara bisita

Argazkilaritza tailerraz gain, beste hainbat tailer eta ekintza izan dituzte Euskal Herrian egindako egonaldian. Besteak beste, Koldobika Jauregik Alkizan duen Urmara museoan izan ziren ostegunean. Museoan zehar ibilaldia egiteaz gain, Koldobikaren azalpenekin gozatzeko aukera ere izan zuten gazteek. Paperaren inguruko tailerra ere eskaini zien gazteei. Adi jarraitu zituzten Koldobikaren azalpenak.

Maria Altunak berak ere tailerra eskaini zien, egonaldian zehar egindako lanak koadernatzen laguntzeko. Larunbatean, egonaldiari amaiera emateko, erakusketa zabaldu zuten Plazida Otaño liburutegian. “Egun hauetan zehar egin ditugun ekintzetan ateratako argazkiak jarri ditugu ikusgai. Modu horretan, ekimenak zertan datzan ikusi eta errezago ulertzeko aukera eskainiko diogu jendeari”, azaldu du Mariak.

 

Gogotsu

Arte munduan murgilduta pasa zuten gazteek astebete osoa, eta abenduan, aukera bera izango dute, Italian. Maria Altunak azaldu duenez, “irrikitan gaude. Napolin egingo dugu egonaldia, Euskal Herrian bildu den talde berarekin. Ez dakigu oso ondo han zer nolako tailerrak egingo ditugun, edo zer erakutsiko diguten, baina ziur gaude aberasgarria izango dela”.

 

 

Iosu Usandizaga. Azpeitia
{{IMG-39235}}

“GazteArt ekimena oso aberasgarria izaten ari da guztiontzat”

Euskal Herriko eta Italiako gazteak elkartu gara GazteArt ekimenaren baitan; elkartrukea egitea da helburu nagusia. Oso arlo ezberdinak lantzen dituen jendea bildu gara, eta hori oso aberasgarria izan da, elkarrengandik ikasteko aukera eskaini digulako. Azpeitian egindako argazkilaritza tailerrean, esaterako, ikaragarri ikasi genuen, baita Koldobika Jauregi edota Maria Altunarekin egindako saioetan ere. Horrez gain, bildu garen gazteok ere mundua ikusteko modu ezberdina dugu, eta asko ikasten ari gara elkarrekin hitz egiten. Komunikazio polita lortu dugu, gaztelaniaz, ingelesez…, ahal dugun moduan aritzen gara. Giro jatorrean gabiltza italiarrekin. Italia hegoaldekoak dira, eta oso izaera irekikoak, alaiak eta jatorrak.

Napolira joateko gogo ikaragarria piztu zaigu. Abenduko bigarren astean joango gara hara; hango parajeak ikusteaz gain, bertako arte eta kulturaz gozatzeko aukera izango dugu. GazteArt ekimena oso aberasgarria izaten ari da guztiontzat. Duela hilabete izan nuen ekimenaren berri, eta ez nuen zalantzarik izan. Elkarbizitzak asko erakusten du eta horri tailerrak gehituta, esperientzia borobila izaten ari da.

 

Irene Zaldua. Zizurkil
{{IMG-39236}}

“Abenduan Napolira joango gara; aberasgarria izango da”

Esperientzia polita izaten ari da GazteArt. Oso profil ezberdinetako jendea elkartu gara. Nire kasuan, batxilergo artistikoa egin nuen eta betidanik gustatu izan zait margotzea. Orain, ikus-entzunezkoen munduak erakartzen nau bereziki. Horrekin lotuta, asko gustatu zitzaidan Azpeitian egindako argazkilaritza tailerra, nire arloarekin lotura duelako. Oso interesgarria izan zen garai batean argazkiak egin eta errebelatzeko erabiltzen zuten teknika ezagutzea.

Zarauzko aterpetxean egin dugu egonaldia, eta hori ere oso polita izan da. Bailarako lau gazte elkartu gara eta gure artean ezagutzen ginen, baina Urola inguruko jendea ekimen honi esker ezagutu dugu, eta baita italiarrak ere, noski. Giro polita dugu gure artean. Abenduan Napolira joango gara eta egonaldi hori ere oso aberasgarria izango dela iruditzen zait.

Plazida Otaño liburutegian izan nuen GazteArt ekimenaren berri, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Asko ikasiko genuela pentsatu nuen, eta halaxe izaten ari da.

 

Maria Rosa Valdini. Napoli
{{IMG-39237}}

“Euskal Herriko paisaia ikaragarria da; asko ari naiz gozatzen”

Esperientzia ikaragarria izaten ari da. Euskal Herriko paisaia ikaragarria da eta asko ari naiz gozatzen. Koldobika Jauregiren museoan barrena egindako ibilaldia, esaterako, ikusgarria izan da. Naturaz gozatzen dut eta hemengoa ikusgarria da. Koldobikaren azalpenak, gainera, oso aberasgarriak izan dira. Ni dantzaria naiz, eta ez dut harreman zuzenik arte plastikoekin, nahiz eta mundu hori ere gustatzen zaidan. Ez naiz batere trebea, baina tailerrak egin ditugunean, gustura geratu naiz lortu dudan emaitzarekin. Argazkilaritza tailerrean, esaterako, argazkiren bat edo beste egin nuen, eta pozik aritu nintzen.

Oso gustuko dut, bestalde, jende ezberdinarekin egotea. Gauzak egiteko modu ezberdinak ikusi, bertako gazteekin hitz egin... GazteArt ekimena oso aberasgarria izatea espero nuen, eta halaxe izaten ari da.

Abenduan Napolira joango dira Euskal Herriko gazteak, eta desiatzen nago. Nire herria ikaragarri gustatzen zait, eta gustura erakutsiko diet hemendik joango direnei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!