670 urte, zortzi senideren artean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 21a, 02:00

Zizurkilgo Olatza baserriko Arrastoa Malkorra anaia-arrebak zortzi senide dira. Guztien artean 670 urte batzen dituzte eta sasoiko daude oraindik ere.

Egun, hiru seme-alabatik gora dituzten familiak oso gutxiengoa badira ere, garai batean ohikoa zen baserrietan anaia-arreba ugari izatea. Olatza baserrian, esaterako, zortzi anaia-

arreba dira eta guztiak osasuntsu bizi dira Asteasun, Villabonan, Zizurkilen nahiz Usurbil edota Oiartzunen. Joan zen urriaren 7an, familia bilkura egin zuten Asteasuko Aitz Ondo elkartean eta hantxe egin zuten anaia-arreba guztien adinaren batura. 670 urte osatzen dituzte guztien artean. Ez da marka makala! Hala ere, errekorra ez omen da eurena, “Zizurkilgo Xaldu baserriko senideek ustez 800 urte ospatu zituzten. Egun ez dira guztiak bizi, baina hamabi bat anaia-arreba izan ziren haiek”, azaldu dute arrastoatarrek.

 

Baserrian zailduak

Pedro, Migel, Joxe, Juli, Milagros, Xerapi, Manoli eta Juanito; zortzi senide, bata bestearen atzetik, segida-segidan jaioak. Luis Arrastoa zuten aita (zizurkildarra, Olatza baserrikoa) eta Martina Malkorra orexarra ama. Hamalau bat urtera arte Zizurkil goiko eskolan ikasi zuten senide guztiek. Ume-umetatik lanean zailduak, “baserriko lanetan, baratzean eta urrutirago ere aritzen ginen, mendiko lanetan”, diote: “belarretan, garotan, egurretan edo orbeletan ere bai. Denean; lan bat bukatutakoan, hurrengoan hasten ginen segidan. Besteak beste, urrian, txerrientzako ezkurrak biltzen aritzen ginen Adunibarko basoan”, gogoratu dute urteak atzera eginez. 1943. urtean hil zitzaien aita, pulmoniak jota; seme gazteenak bi urte eta erdi zituela. Luis semea hil ondorenean, astebetera, ordura arte osasuntsu zegoen Migel aitona hil zen bat-batean, tristuraz. Hori guztia, testuinguru oso ilunean; gerra ondorengo urte gogorrak baitziren haiek. Martina amari, esku bete lan geratu zitzaion, lehenaz gainera, baserria eta familia aurrera ateratzen –nahiz eta Maria amonaren laguntza izan zuen–. “Hamaika urte eta erdi nituen nik aita hil zenean eta, alaba zaharrena izanik, anaia gazteena zaintzen laguntzen nion batik bat amari”, azaldu du Juli Arrastoak. Bizimodu gogorra izan zuten dudarik gabe, baina bata bestearen babesean moldatu eta aurrera egin zuten. “Baserritik etorkizun handirik ez zegoela ikusita, etxetik kanpora lanean hasi ginen anaia-arreba guztiok batean eta bestean”. Argi dute, ordea, ez zegoela gaur adinako erraztasunik.


{{IMG-39233}}
Olatza baserriaren atarian 1942an ateratako argazkia. Atzeko ilaran: Joxe, Martina Malkorra ama, Pedro, Luis Arrastoa aita eta Migel. Aurreko ilaran: Milagros, Juanito, Xerapi, Manoli eta Juli.

Arrastoa-malkorratak

  • Pedro (1927). Denbora tarte batean fabrikan lanean aritu bazen ere, baserriko lanari eutsi dio ume zenetik; baratzean, mendian nahiz hazienda gobernatzen. Adunako Eskolastika Zabalarekin ezkondu zen eta Olatza baserrian bizi dira. Oraindik ere baratzeko lanetan jarraitzen du eta baita abereak zaintzen ere, zertxobait.
  • Migel (1928). 24 urtera arte bizitu zen Olatza baserrian, soldadutza tartean. Lau hilabete obran lanean igaro eta gero, Lasarteko Michelin lantokian hasi zen eta bertan aritu zen jubilatu artean. Ezkondu bitartean, Usurbilgo baserri batean bizitu zen apopilo. Usurbilera ezkondu zen eta han bizi da geroztik Karmen Zabala emaztearekin batera. Oraindik ere badu baratze koskorra eta hantxe aritzen da, gustura. Milaka kilometro eginak ditu mendian, 80 urte bete ondorenean ere, Erniora igo izan da.
  • Joxe (1929). 14 urte zituela hasi zen Adunako torlojutegian lanean. 53 urtez aritu zen bertan, horietako asko tailerreko arduradun gisa. Olatza baserrian bizitu zen Anttoni Balerdirekin ezkondu bitartean. Villabonan bizi da azken urte luzeetan. Ehiztaria izana eta perretxikozale amorratua; oso gustuko du oinez ibiltzea.
  • Juli (1932). 24 urtera arte aritu zen baserri eta mendiko lanetan. Galtzak josten ikasi zuen Tolosan eta Xerapi ahizpari irakatsi ondoren, Donostiako Gros auzora joan ziren biak, sastreri batera lanera. Zortzi urtez interna bizitu ziren bertan. Etxera itzulita, Antonio Azkuerekin ezkondu eta Asteasun jarri ziren bizitzen. Bertan bizi da egun. Groseko lana utzita ere, beti jarraitu zuen jostun lanetan, baita Donostiako sastreri baterako ere. Asteasun duten baratzera bueltaxka egitea gustuko du, 60 urte pasatxorekin igerian ikasi zuen Villabonako igerilekuan.
  • Milagros (1934). Bederatzi urte zituela hil zitzaion aita eta izeba-osabekin bizitzera joan zen orduan Donostiako Antigua auzora. 15 urte zituela neskame lanetan hasi zen Donostian bertan eta pare bat urte igarota, Antiguako Gurutze Gorrian jarraitu zuen. Hamahiru urtez aritu zen Gurutze Gorriko sukaldean nahiz gaixoekin lanean, bitartean Antiguan interna bizi zela. Luis Isasarekin  ezkondu eta Oiartzuneen bizi da geroztik
  • Xerapi (1936). 20 urterekin abiatu zen Donostiara, Juli ahizpa helduagoarekin batera, sastreriarako galtzak jostera. Zortzi urtez bertan bizitu ostean, herrira itzuli eta Antonio Sarasuarekin ezkondu zen. Asteasun bizitu ziren lehenik zazpi urtez, geroztik Villabonan bizi dira. Josten jarraitu izan du bizitza guztian zehar. Villabonako igerilekuan igerian ikasia eta ttipi-ttapa oinez ibiltzeari eutsi dio beti.
  • Manoli (1938). Gaztetxotan joan zen baserritik; Irungo hotel batera lanera lehenengo, Donostiako San Inazio ondoko etxe batera neskame gero. Pedro Legarrarekin ezkondutakoan, Zizurkil behera jaitsi zen bizitzera eta etxeko-lanetan ez ezik, jostun lanetan ere aritu da geroztik. Bertan bizi da egun. Oinez arin-arin ibili zalea eta, bi ahizpa nagusiagoak bezala, Villabonako igerilekuan igerian ikasia.
  • Juanito (1941). Anaiarik gazteena, Olatza baserrian, anaia helduenarekin batera urterik gehien bizitu zena; 31 urtera arte zehazki. Pena handiarekin atera zen baserritik, dioenez, oso ondo zaintzen zutelako. Pedro anaia, aitaren parekoa izan zen beretzat. 16 urterekin Villabonako Ula lantokian hasi zen lanean, autobus fabrikan. 1965 urtean Michelin lantokira joan zen, anaia Migel bezala, gurpilak egitera. Tapizero lanetan esku finekoa. Villabonan bizi da, Milagros Odriozolarekin ezkonduta.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!