Amasako XXV. Mendiduatloia, urriaren 22an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 20a, 02:00

Datorren igandean, 11:00tan lasterka abiatuko dira Mendiduatloiko parte hartzaileak Amasan. Korrika 4,18 km, bizikletaz 17,79 km eta berriz ere korrika 2,43 km egin beharko dituzte proba amaitu baino lehen. Eneko Gurrutxaga antolatzaile eta lasterkariak eman ditu lasterketaren azalpenak, herritarrak parte hartzera animatzearekin batera:

Zein berrikuntza dakar Amasako XXV. Mendiduatloiak?
Urterokoaren ildotik antolatu da, baina 25.a urte borobila denez, berrikuntzarik ere bada. Amasako proba zirkuitu baten barruan antolatzen da eta urtero, Euskal Herriko txapelketa izaten da probetako bat. Aurten Amasan izango da proba hori eta Amasatik aterako da Euskal Herriko txapelduna. Amasako proba, txapelketa nagusia ez ezik, ligarako puntuagarri ere izango da.

Jende gehiago erakarriko ote du, beraz, txapelketak aurten Amasara?
Bai eta ez. Alde batetik, txapelketa izanda, jende gehiago anima daiteke, baina bestetik, txapelketak agian herri mailako parte hartzaileak atzendu ditzake, maila altuagoa izango delakoan. Nik jende asko animatzea espero dut. Antolaketa aldetik, festa giroa bultzatuz ari gara lanean; hamaiketakoan janari gehiago eskainiko da, lasterkari bakoitzari emango zaion opari-poltsa ere politagoa izango da… Festa giroa bultzatzen saiatu gara batez ere, txapelketak berez baduelako eduki behar duen pisua.

Ibilbidean aldaketarik izango al da?
Iaz ibilbidea berritu egin genuen eta orokorrean parte hartzaileak gustura geratu zirenez, aurten, aurreko ibilbide bera mantenduko dugu. Zirkuitu berriak mendira jotzen du gehiago. Nire ustez, iazko zirkuitua politagoa da aurrekoa baino, naturalagoa. Aurreko bidea belaze astunagoetatik igarotzen zen. Oraingoa bizikletan egiteko bide atseginagoa da.

Proba berezia al da zuretzat herrian antolatzen dena?
Oso gustuko dut Amasako lasterketa. Mountain bikean ibiltzea betidanik gustatzen zait, korrika ibiltzea ere bai. Lasterketen artean, etxeko hau oso berezia da niretzat. 16 urterekin hartu nuen parte lehen aldiz, X. edizioa zen.

Antolakuntza lanetan buru-belarri ibili zara…
Bai, lasterketaren aurreko lanak egiten ditut. Etxe laguntzaileekin harremanetan, diru-laguntzak eta materiala lotzen. Bezperan, ordea, herri guztia mobilizatzen da zirkuitua prestatzeko eta nik  deskantsatu egiten dut orduan. Egunean bertan ere, muntaia lanak, bidegurutzeen zaintza, aparkalekuak, izen-emateak, sailkapena…, herritar asko aritzen da lanean. Jendea laguntzeko prest egoten da eta beharrezkoa da hori.

Iaz lehen postua eskuratu zenuen Amasan. Zein aurreikuspen duzu aurtengorako?
Iaz lasterketa ona egin nuen, baina halakoak ziren zirkustantziak ere. Lider zenak eta fuerteen zegoenak egun txarra izan zuen eta podiumaren borrokan nenbilenean, bigarren-hirugarren egiten genuenak geratu eta etxeko zirkuitua izatearen abantailarekin, irabaztea lortu nuen. Ez dakit, ordea, liderrak egun txarra izan ez balu, lortuko ote nukeen. Egia da, azken urteotan, jendeak eguraldi onarekin entrenatu arren, egunean bertan euria egin duela. Horrek ibilita ez dagoen jendeari gehiago eragiten dio. Nik zirkuitua bustita nahiz lehorrean, ondo ezagutzen dut. Aurtengoari begira, Alain Santamaria liderra oso fuerte dago. Iñaki Isasi eta Alex Ordeñana ere bai. Jon Erguinek oraindik ez du parte hartu, baina Amasan aterako da eta faboritoen artean sartu behar da. Lau lasterkari oso gogor izango dira, baina saiatu egingo gara. Dena ematera aterako naiz.

Zein dei luzatuko zenieke herritarrei?
Iaz Amasa izan zen bikoteka parte hartzeko aukera eskaini zuen lehenengoetako proba. Bietako batek korrika eta besteak bizikletan parte hartzekoa, hain zuzen. Aurten, Amasan ez ezik, liga barruan ere bada aukera hori. Beraz, bi herritar elkartu eta bat korrika eta bestea bizikletan ateratzera animatuko nituzke herritarrak. Denentzako sari berdinak izango dira eta ondo pasako dute, bakoitzak bere esparruan ahal duena eginez. Probak badu teknikotik, baina beste proba batzuekin alderatuta, zailtasun fisiko gutxiago du Amasakoak. Nahiz eta asko ibili ez, ohituta dagoenak egiteko proba polita da. Iaz 125 lasterkarik hartu genuen parte, ea aurten 150eko muga gainditzen dugun!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!