Bertsoa eta rocka uztartuta eta aztertuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 23a, 02:00

Alberto Irazu andoaindarrak 'Rocka puntua' liburua aurkeztu zuen Donostian, joan zen ostegunean. Angel Mari Irigarai, Joxerra Gartzia eta Andoni Egaña izan zituen ondoan, rockak eta bertsolaritzak gaurdaino jasan duten uztartze prozesua aztergai duen saiakera aurkezteko.

[Bideoa] Kronika:

Pamiela argitaletxeak argitaratu du liburua, eta Durangoko azokan nabarmenduko den kultur produktuetako bat izango da ziurrenik; tankera hori hartzen zaio behintzat.

Argitaletxeko arduradun Irigaraik hartu zuen lehenengo hitza. Poza agertu zuen jende ugari bildu izanagatik aurkezpenera; izan ere, Irazuren senide eta lagunak ez ezik, Andoaingo gaztetxe zaharreko kide ugari ikus zitezkeen publikoan nahasita. Liburua “mami biziki interesgarrikoa eta hizkuntza aberatsekoa“ zela azpimarratu ostean, Joxerra Gartziari eman zion hitza. 

Honen ahotik ere laudoriozko hitzak entzun ziren. “Ikuspegi komertziala alde batera utzita, merezi duen liburua da. Kuriosoa da, baina lortzen du erraza ez dena: informazio baliagarria irakurketa gozagarriarekin uztartzea. Unibertsitatetik nator ni, eta kokoteraino nago saiakera akademiko tristeekin; badirudi lehiaketa antolatzen dela nork gehiago aspertu jendea. Irazuk neurriz kanpoko izugarrizko irrikaz idatzi du, eta eskertzekoa da bere emana gaurko prosa tristearen panoraman”.

“Batetikan korroxka…”

Andoni Egaña izan zen hurrena liburuaren irakurketak eragin dizkion gogoetak azaltzerako orduan. Bera liburuko azaleko argazkian ageri da, orain 28 urte sagardotegi batean atera zena Peñagarikanorekin eta Negu Gorriak taldeko kideekin batera, eta umoreari ekin zion lehenengo eta behin: “zeure burua ikusteak sustoaz gain poxa ematen du. Poza, argazkia ikusteko aukera daukadalako makina bat urte pasa arren”.

Bera rocka Euskal Herrian zabaltzen hasi zen garaikoa dela aitortu zuen, “garai nahasian hazia”, eta gazte garaiko pasadizoa kontatu zuen: “60ko belaunaldikoa naiz, eta beraz, rocka ez zitzaidan hain arrotza; ez naiz Lazkao Txiki edo Joxe Agirreren belaunaldikoa. Aitortu behar dut 17-18 urterekin ez nintzela bertso zalea; ni bertso zaletu, 1980ko Errege eguneko goizean egin nintzen, Amuriza txapelketan kantari entzun nuenean hain zuzen. Urte bete lehengo, gogoan dut kuadrillako lagunak nola joaten ginen Zarautzeko tabernarik zaharrenetakora, Xipri-ra. Paretan bazegoen kuadro bat, Basarriren bi bertso oso klasikoekin, Danbolina eta txistua izenburua zeramatenak. Beste doinurik ez geneukalako, edo-eta kontrasteak grazia ematen zigulako, baina kontua da ardo batzuk edan eta gero kuadrillakoek bertso haiek kantatzen genituela; baina hori bai, Errobiren Telebista abestiaren doinuarekin!”.

Urtetan aurrera, bertsolaritza eta rocka uztartzen hasi zireneko garaiak hartu zituen gogoan Egañak, eta Negu Gorriak taldearen bertso hop-a jarri zuen mugarri gisa:  “Uste dut Fermin Muguruzak eta ingurukoek senez lotu zituztela bertsolaritza eta rocka, bertso hop-a grabatu zutenean, liburuak daraman azaleko argazkia atera zen sasoian. Izan ere, hiru urte lehenago, 1986ko Euskal Herriko txapelketan, Peñak eta biok kantatu genuen bertso-saioa gero abestira eraman zuten. Bertso-hopa plazaratzearekin, kalean aldaketa nabaritu genuen; ordura arte nahiko anonimoak ginen, baina handik aurrera, edozein etorri zitekeen gugana kantari “batetikan korroxka, bestetik errena…”, behin ilunduz gero batez ere”.

80ko hamarkadaren hondarretik aurrera bertsolaritzak bizitu zuen garapena ulertzeko, hiru-lau faktore aipatu zituen eragingarriak izan zirenak: ”bertsozaleen elkartea sortzea, bertso eskolak, Hitzetik Hortzera ETBko saioa eta Negu Gorriaken Bertso hop-a. Nik horretaraino konta dezaket. 90eko hamarralditik aurrera, 70eko urtetan jaiotako bertsolariak hasten dira plazaratzen, eta hor ikusten da horiek harreman estuagoa daukatela rockarekin guk baino”.

Eskerrak eman zizkion Irazuri azkenik Egañak, bertsolaritza eta rockaren arteko lotura egin izanagatik. “Bertsoa ez da monolitikoa, ezin da hartu ukiezintzat, beste edozein diziplinarekin nahastu litekeen inprobisazio tresna gisa baizik; eta alde horretatik, ikusteko dago zein bide egingo duen etorkizunean”.

Andoaingo gaztetxe zaharra, lanerako pizgarri

Alberto Irazu egileari eman zioten hitza azkenik aurkezpen ekitaldian, honek luze eta sakon azaldu zezan zer jaso nahi izan duen eta zer jakinarazi Rock puntua! liburua idazterakoan. 80ko hasieran irekitako Andoaingo gaztetxea eta horrek gazteen artean sortu zuen giroa izan zuen hizpide hasieran, liburua idaztera zerk animatu ote zuen galderari erantzun nahian. “Aurkezpen honetara etorri diren hainbaten antzera, neu ere testigu izan nintzen gaztetxean zer nolako esperimentuak egin ziren bertsolaritza eta rocka lotuz. Gogoratzen naiz BAP taldeak nola hasten zituen bere kontzertuak, lauko txiki bat kantatuz: “Ari gerala, ari gerala, ari gerala egiten. Biharko partez, etziko partez, datorren urtera arte”; Andoaingoa zen bigarren talde batek ere, Ximorrak, bazeukan ohitura bertsoak sartzeko bere emanaldietan. Ez hori bakarrik; kontrakulturaren ezaugarri guztiak (hizkera, estetika, aldarrikapenak…) zituen Peste fantzineak bertsoak argitaratzen zituen. Alegia, bazegoela gogo berezi bat bertsoa eta gaztetxe giroa batzeko”.

Andoaingo mugetatik irten, eta euskal rock erradikalean erreferentzia gehiago topatu zituen hastapenean Irazuk, hari muturretatik tiraka hasteko gogoa piztu ziotenak. “Ertzainak, Zarama, Baldin Bada…  eta beste zenbait talderen letrek bertsoa ukitzen zuten, eta testuinguru horretan, ikusi nuen bazegoela esploratu zitekeen bide bat, alegia aztertzeko kontua izan zitekeela euskal rockaren munduak nola ikusten zuen bertsolaritza”.

Behin lanean jarrita, dokumentazio lanari ekin zion. Aita Zabalaren Auspoa sailari heldu zion derrigorrean, eta baita harri bitxiak topatu. “1964an Joxe Mari Iriondok Uztapideri jarritako puntuari nola erantzuten dion, horrek deitu zidan arreta. Hona puntua: Ikasi al dituzu/rock and rolla eta twist? Eta hara Uztapideren erantzuna: ez degu izan, aizu, / guk orrenbeste bist, / galdetu bear zendula / ez liteke sinist, / naikua pena onek / neri ematen dit. Uztapidek pena agertzen du, zergatik? Euskal gaztediak bere egin dituelako Euskal Herri tradizionalarekin zerikusirik ez duen mundutik datozen musika estilo horiek”.

Bi parabola, bertsolaritzaren eboluzioan

Uztapideren 1964ko erantzunetik gaurdaino eman den eboluzioan bi parabola sumatzen ditu Irazuk. “Atzerritik zetozen doinu, mugimendu, estetika… horiek arrotz izatetik, kondenatzetik eta erne horiekin! esatetik, gaur egun bertsolariak pop-rock doinuekin bapatean kantatzera pasa gara. Bigarren parabolak, berriz, erakusten digu bertsolaria oholtza gainera rock zale bihurtuta igo dela”.

Irazuk argi dauka zer dela eta eman den bi parabola horien garapena: “bertsolaritzak, euskarak berezkoa zuen espazio hegemoniko horrek, urbanizatze, hiritartartze eta modenizatze prozesua bizitu du. Rockak eta bertsoak akelarrea egin baldin badute, euskara rockean sartu delako da”.

Liburuak ageri uzten duen mezu nagusietako bat aipatu zuen mintzaldian zehar Alberto Irazuk: “kanpotik etorriko diren era guztietako “artefaktu” ontzat hartzen segi behar du, 60 ko hamarkadan gure kulturarekin zerikusirik ez zeukaten eta atzerrietako hizkuntzetan zetozen twista eta rocka etorri zirenean bezalaxe. Hizkuntza baten berreskurapen prozesuaren baitan kokatu behar da prozesu hori”.

Nemesio Etxaniz, eredu

Liburuaren aurkezpena amaitzeko, Irazuk Nemesio Etxaniz apaiz euskaltzalearen figura erreibindikatu nahi izan zuen; haren jarreran irudikatu zuen garai berrietara eboluzionatzen jakitearen bertutea. “1898an jaio zen eta kristautasunaren integrismoa ezagutu zuen, eta hala ere, 50eko hamarkadan, euskal munduan inork baino lehengo formulatu zuen euskarak, nahitaez, bat egin beharra zeukala kanpotik zetozen haize berriekin; euskal kulturari, herdoilak hartutako burniaren tankera hartzen baitzion. Gero, 60ko hamarkadan, euskal abeslari gazteen kantarietara joaten zen, hauek animatzera; euskal mundu tradizionalarentzat instrumentu arrotzak ziren gitarra elektrikoa, bateria eta abar zeuden tokian, hantxe zegoen bera”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!