Eskualdeko bus zerbitzuen egitasmo berriak hautsak harrotu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 20a, 02:00

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolamenduko sailaren egitasmo berriak eskualdeko bus zerbitzuetan eragin handia izan dezake, Marisol Garmendia diputatu sozialistak atzera egiten ez badu.

Zerbitzu publikoko autobusen kontzesiorako irizpide berriak zehaztu dituzte, eta eskualdeko Udalak aurka agertu dira. Zehazki, G2 Andoain-Urnieta-Hernani-Donostia, G3 Andoain-Ospitaleak eta G4 Urnieta-Hernani-Donostia gaueko bus lineatarako proposamen berriarekin. Funtsean, astean zehar eta asteburuetan maiztasuna murriztea aurreikusten da. Lehenik EH Bilduko alkatetza duten Andoain, Hernani eta Usurbil herriak kontra agertu ziren. Egun batzuk geroago, Urnietako Udalak ere egitasmoarekiko desadostasuna agertu du. LAB sindikatuak ere, bus garraiolarien eta erabiltzaileen ikuspegitik, kritika egin dio Aldundiari.

Urnietako Udala: “Urnietako Udalak bere herritarren interesak defendatuz jarraituko du ahalik eta zerbitzu publikorik onena izan dezaten”

“Aurreproiektuak Udalak partekatzen ez dituen hainbat murrizketa proposatzen ditu G-2, G-3 y G-4 autobusetan, Udalak argi baitu herritarren beharrak asetzen dituen kalitatezko zerbitzu publiko baten aldeko apustua egiten jarraituko duela.
Testuinguru horretan, aurreproiektuaren zenbait atal aldatzea proposatzen du:

  • G2 Andoain-Urnieta-Hernani-Donostia  autobusari dagokionez, garrantzi handia ematen dio eguneko lehen orduko eta eguerdietako zerbitzua mantentzeari, izan ere, 07:00-09:00 eta 13:00-15:00 bitartean jende askok erabiltzen du zerbitzua eskolara edo unibertsitatera joateko edo handik bueltatzeko. Era berean, Donostiatik irteten den azken autobusaren ordutegia luzatzeko eskaera egiten du.
  • G3 Andoain-Ospitaleak autobusaren kasuan ibilbidea Amararaino luzatzeko aukera proposatzen du. Urnietarrek han dituzte Osakidetzako espezialista batzuk, eta horrenbestez, zuzenean autobuses iristeko aukera izango lukete.
  • G4 Urnieta-Hernani-Donostia gauekoa berriz, Astigarragatik igarotzea proposatzen du aurreproiektuak, baina ez du zehazten, ordea, handik Donostiarainoko ibilbidea zuzenean eta geldialdirik gabe egingo lukeen edo erabiltzaileek autobusera igo eta bertatik jaisteko aukera izango luketen Amaran eta Riberasen, esate baterako”.

 

Andoaingo Udala: “Andoaingo kasuan, argi eta garbi, ia linea guztien maiztasuna murrizten da”

“Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Departamentuak autobus zerbitzuaren berrantolaketa plana aurkeztu du. 2017ko irailaren 7an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen aurreproiektua, eta han ikus daitekeenaren arabera, agerian geratzen da egun martxan dauden lineatan hainbat murrizketa egin nahi dituztela: Andoaingo kasuan, argi eta garbi, ia linea guztien maiztasuna murrizten da.
Hasiera batean alegazio epea urriaren 7ra arte bazen ere, epe hori luzatu egin dute urriaren 23ra bitarte. Hori dela eta, Andoaingo Udal gobernuak alegazio orri bat jarriko du herritarren eskura aurreproiektua geldi dezaten eskatuz. Alegazio orria Udalean sinatu ahal izango da: urriaren 20ra bitarte, 09:00etatik 14:30era Atarian. Urriaren 19an, ostegunean, berriz, 17:00etatik 19:30era udaletxeko behe solairuan ere egiteko aukera egongo da.
Andoaingo Udaleko webgunetik ere eskuratu ahal izango da alegazio orria”.


LAB sindikatua: “Kostuen gutxitzean eta zerbitzuaren oreka ekonomikoan oinarriturik, murrizketa izugarriak aurreikusi dituzte Buruntzaldean”

LAB sindikatuak gogor kritikatu du Aldundiak aurrera atera nahi duen egitasmoa. Erabiltzaileak eta gidariak nabarmen kaltetzen dituelako. 

  • G2 Andoain-Urnieta-Hernani-Donostia  “Aldundiak zerbitzua murriztu nahi du %13an astean zehar, eta %42 asteburuan eta jai egunetan. Zerbitzu honen erabiltzaile nagusiak ikasleak eta langileak dira. Gainera, bus gidariek ibilbidea 6 minutu azkarrago egitera behartu nahi dituzte eta langileek hori betetzea ezinezkoa dela diote”.
  • G3 Andoain-Ospitaleak “Gizarte mailako zerbitzu garrantzitsua da eskualdeko herritarrentzat. Erabiltzaile gehienak osasun arrazoiengatik edota lanera joateko erabiltzen dute. Aldundiak bidaien maiztasuna murriztea aurreikusten du: Astean zehar 25 bidaietatik 14 izatera, eta asteburuetan 25 bidaietatik 8 izatera”.
  • G4 Urnieta-Hernani-Donostia gauekoa “Ibilbidea luzatu egingo dute eta gidariek ibilbidea egiteko 54 minutu izango dituzte. Denbora gutxiegi, gidarien ustean. Gaueko zerbitzu berezi hauetan beharrezkoa da Aldundiak neurriak aurreikustea autobusen eta batez ere langileen segurtasuna bermatzeko”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!