Sandra Barrenetxea, Andoaingo Udaleko berdintasun teknikaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 20a, 02:00

Urte hasieratik lanean ari da sortu berria den Berdintasun lansailean. Udal barruan eta gizarte mailan egiteko lan asko dagoen arren, oinarri sendoak ezartzeko ahaleginean murgilduta dago.

Berdintasun saila berria da udaletxean, eta 2017ko urtarriletik zeu zara lehen teknikaria. Nola doa egitasmo berria udalgintzan txertatzeko prozesua?

Oso ondo doala esango nuke, berdintasun politikak garatzeko oso baldintza onak daudelako. Berdintasuna maiz Gizarte Zerbitzuetan kokatzeko joera dugu, baina Andoainen lehenagotik joera hori gainditzeko kontzientzia bazegoen. Berdintasuna ez da soilik emakumeei arreta eskaintzeko zerbitzu bat, Udal politika guztietan txertatu behar den prozedura bat baizik. Gauzak horrela, berdintasuna erakundean txertatzeko oso posizio onean gaudela esango nuke.

 

Kosta egingo da, hala ere, udaletxeko prozedura guztietan denbora epe laburrean txertatzea…

Genero ikuspegia alor guztietan txertatzea urteetako lana izango da. Eta behin lansail ezberdinetan txertatzen dela, eutsi egin behar zaio planteamendu horri. Beraz, epe luzera begira eta modu iraunkorrean lan egitea dagokigu.

Udalak duela hilabete batzuk genero politikak txertatzeko konpromiso politikoa eta teknikoa hartu zuen. Teknikoki, ‘mainstreaming’ deitzen dena. Genero ikuspegia politika maila eta etapa guztietan txertatzeko berrantolaketa egin behar da.

Hau guztia 2013an Aldundiak abian jarritako prozesu bati lotuta dago, zeinak genero ikuspegia Udal politikatan txertatzeko helburua duen. Andoaingo Udala prozesu horretan sartuta dago, beste udalerri batzuekin batera.

Egiten ari garena, Berdintasun legeak dioena betetzeko beharrezkoa da.

 

Kasu praktikoren bat azalduko al zeniguke?

Maiatzetik hona kontrataziorako plegu eta ordenantza guztietan berdintasun txosten bat eransten ari gara.

 

Berdintasunaz zer ulertu beharko genuke?

Udal erakundearen tokian jarrita, berdintasuna emakume eta gizonentzako eskubide berdinak eta baliabideetara iristeko aukera berdinak eskaintzea da.

 

Abiapuntua horixe da, beraz…

Hori, eta oso garrantzitsua dena, orain arte egin denaren diagnostikoa eskuartean izatea. Politika publikoa neutroa dela pentsatzeko joera dago, baina berez ez dago ezer neutroa denik. Diagnostikoa genero ikuspegitik egiten denean –normalean egiten ez dena–, orduan ikusten da gizonezkoari eta emakumezkoari modu ezberdinean eragiten diola. Hori zuzentzeko berdintasun politikak aplikatu behar dira.

Berdintasunean gabiltzanon artean maiz aipatzen da diskriminazioa ezabatzeko lanik egiten ez bada, normalean diskriminazio hori ez dela desagertzen. Eta, izatekotan, egoerak bere horretan irauten du  edo okerrera egiten du. Berdintasuna bermatzeko interbentzioa egitea behar-beharrezkoa da kasu horietan.

Berdintasun politikak aplikatzeko faseak hauek lirateke: Baldintzak sortzea, diagnostikoa egitea, genero ikuspegia politika ezberdinetan txertatzea eta, azkenik, egindakoa sistematizatzea. Andoainen baldintzak sortuta ditugula esango nuke, berdintasun batzorde politikoa eta teknikoa sortu ditugulako. Udal langileek formakuntza berezia jasoko dute hurrengo hilabeteetan, eta orain politika zehatzak aztertzen ari gara. Besteak beste, kultura alorreko jarduera edota langilegoarena. Helburua alor guztietara iristea da, guztiak aztertu eta hartu beharreko neurri zuzentzaileak aplikatzeko. Koordinazio baten pean egingo dugu, ‘mainstreaming’ ikuspegian oinarrituta. Administrazio publikoan oztopo nagusia egituraketa bera da. Udala, esaterako, lansailetan banatuta dago eta lansail bakoitzean hierarkia bat dago. Berdintasun politikak aplikatzeko, ordea, eskema horiek gainditu egin behar ditugu. Berdintasuna aplikatzeko hartu dugun norabidean, lansail ezberdinen artean zeharkakotasun handia beharko da.

 

Norabide bikoitzean lanean ari zarete. Udal mailan, bistan da, zeregin handia duzue. Herritarrei begira, berriz, jabekuntza edota boteretzea indartzeko ikastaro sorta eskaintzen hasi zarete…

Eskaintzak, ia bere osotasunean, erantzun oso ona jaso du. Batukada tailerra eta adimen emozionalari lotutako ikastaroak martxan daude. Azaroan egingo dugun autodefentsa ikastarorako plaza guztiak ia beteta daude eta teoria feministari buruzko ikastaroa martxan jartzeko adina lagun bildu dugu. Interesa dutenei esan nahi diet, ikastaroak martxan egonik ere, matrikula uneoro zabalik utziko dugula. Gurekin harremanetan jartzea eskatuko nieke.

 

Eta ikastaroetan parte hartzen dutenen  adin tartea zabala al da?

Gazteen gehiengoak, autodefentsa ikastaroan eta teoria feministan eman du izena. Batukada feministan sartzen ari dira, pixkanaka. Adimen emozionalari buruzko ikastarora 30-40 urte dituzten emakumeak gerturatzen dira.

 

Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna, azaroaren 25a, gerturatzen ari da. Egitarau berezia prestatzen ari al zarete? Zer aurreratu daiteke?

“Volar” filma eskainiko dugu, beste egun batean. Emakundek ekoiztutako filma da, Bertha Gaztelumendik zuzendutakoa, eta bertan indarkeria jasan duten bederatzi emakumeren testigantzak jasotzen dira. Horietako bi Andoainen bertan izango dira, filmaren ondorengo solasaldian parte hartzeko.

 

Herritarrei begira nahiz udal barruko martxan lanean arituagatik ere, berdintasuna bere osotasunean txertatzeko denbora beharko da…

Fruituak epe luzera ikusiko dira. Maiz, administrazioan, berdintasuna kanpaina zehatzen bidez lantzeko joera hartu da: Martxoaren 8a, azaroaren 25a... Horiek alde batera utzi gabe, udal mailan  errotik ekin behar zaio. Urte batzuk beharko dira.

Gauza bera jabekuntza eskolari dagokionez. Emaitzak ez dira berehalakoan iritsiko, denbora beharko da eskaintza emakume askorengana iristeko.


 


Torturak salatu zituen emakumea

{{IMG-39220}}

2017ko martxoan Sandra Barrenetxearen kasua ahoz aho ibili zen, zazpi urte lehenago jasandako atxiloketa eta tratu txarrak epaitegira iritsi zirelako.

 

Sandra Barrenetxeak gertaera latza bizi izan zuen 2010ean. Ekineko kide zela, guardia zibilek atxilotu egin zuten. Bilbon eta Madrilen inkomunikatuta egon zen hiru egunetan sexu erasoa, torturak eta lesioak pairatu zituen. Sarekadan atxilotu zituzten guztiek salatu zuten torturak pairatu zituztela inkomunikatuta egon ziren egunetan. Barrenetxearen salaketa hiru aldiz artxibatu zuten, 2012an, 2013an eta 2014an, baina laugarrenean kasua epaitegietara heldu zen. 2017ko martxoaren 14an Sandra Barrenetxearen kasua hedabideetako lerroburuetara iritsi zen, Bizkaiko Lurralde Auzitegian lau guardia zibilen kontrako epaiketa hasi baitzen. Epaileak guardia zibilen absoluzioa erabaki bazuen ere, Sandra Barrenetxea pozik dago torturaren errealitate gordina gizarteratzea lortu zuelako.

 

Andoaingo udaletxean hasi berri, eta zure kasua argitzeko epaiketa abiatu zen Bilbon. Nola bizi izan zenituen egun haiek?

Aldaketa asko gertatu ziren nire bizitzan, urte hasieran. Bilbotik Donostiara bizitzera etorri berria, Andoaingo udaletxean lanean egun gutxi neramatzan. Oso egun zailak izan ziren haiek, eta epaiketa egunak atzean uztea kosta egin zitzaidan. Intentsitate handiko egunak izan ziren, oso egun gogorrak bizi izan nituen baina, bestalde, jendearen aldetik jaso nuen babesa harrigarria izan zen.

Epaia eskandalugarria izan zen, eta inguruan jende asko oso haserre sumatu nuen. Neu ez nengoen bereziki haserre, helburua bete nuela pentsatzen dudalako. Nire helburua argia zen: torturak eta tratu txarrak gizarteratzea, eta pertsona horiek epaiketara eramatea.

Maiz tortura hiru edo bost eguneko inkomunikazio egoerara mugatzeko joera dago, eta ez da horrela. Jendeak jakin behar du torturaren ondorioak urte luzez, eta kasu batzuetan bizitza osorako, pairatzen direla. Nire ustean, tortura jaso dugunok, ez dugu tratu txarrek denboran uzten dituzten ondorioak adierazten jakin. Alegia, tortura jaso izanak gure bizitzan zer suposatu duen. Egoera hori bistaratzea lortu nuen, eta alde horretatik oso pozik nago.

 

Gertaera haiek atzean utzi ahala, maila pertsonalean, hobeto al zaude?

Askoz lasaiago nabil. Beste bizitza bat hasi dudala esango nuke. Atzean utzi ditut bizipen asko eta karga handiko motxila. Beldur asko ere atzean utzi dut. Adibidez, guardia zibilari nion beldurra gainditu dut guztiz. Beste pertsona bat naizela sentitzen dut orain.

 

Bidegileetakoa zara torturen salaketan…

Ausarta nintzela esaten zidaten askok eta askok, baina pausoa ez nuen horregatik eman. Barne-barnetik sentitzen nuen behar bat zen. Inguruak eta gizarteak pairatu nuena jakitea behar nuen. Kasuak oihartzun handia izan zuen eta pertsona ezberdinengana iristea ahalbidetu zidan. Alde horretatik pozik nago.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!