Goxo zaindutako artisautza

Pasioz egiten dute lan Steban Mostatak eta Mariana Roscak. Larrua eta artilea erabiltzen dituzte, bereziki, euren lanak egiteko.
Marianari etxetik datorkio eskulanetarako zaletasuna. Amonak, amak…, etxean beti ikusi izan ditu oihalak, hariak edota jostorratzak. Berak ere umetan garatu zuen zaletasun hori. 

“Panpinatxoak egiten nituen galtzerdiekin eta jantzi txikiak ere osatzen nizkien”. Heldutan, oihalezko panpinak egiteari ekin zion, zaletasun gisa. Artilea erabiltzen du orain gehiago. “Artilea afeltratzen ikasi nuen, orratzak erabiliz. Hasieran nahiko zaila iruditu zitzaidan, baina pixkanaka, forma ezberdinak ematen ikasi nuen eta panpinatxoak egiten ditut gehienbat. Azkenaldian, etxerako oinetakoak egiten ere hasi naiz”.

 

Autodidakta

Stebanek larrua erabiltzen du lehengaitzat. Bere kasara ikasi zuen larrua lantzen: “Azoka batean ikusi, eta gustatu egin zitzaidan. Froga egitea erabaki nuen, hutsetik hasiz. Orain denetarik ikas daiteke internet bidez eta materiala lortzea ere errazagoa da, baina garai hartan ez zen batere erraza”, azaldu du. Lanerako behar zituen tresnak ere bere eskuz egin zituen. “Pixkanaka, trebetasuna lortzen joan nintzen eta orain, nire zaletasun nagusia da artisautza”, gaineratu du.

Oso teknika zaindua erabiltzen du Stebanek. “Perfekzionista samarra naiz eta asko zaintzen ditut detaileak. Garai batean erabiltzen zuten lantzeko modu bera erabiltzen dut eta oso gutxi gara hori mantentzen dugunak”. Horretarako, larru berezia behar izaten du Stebanek, ontze begetala izan duena. “Larru mota asko frogatu ditut aurrez, baina azkenean aurkitu dut nire gustukoa”, azaldu du. Egin behar duenaren arabera aukeratzen du larrua; gogortasuna behar duenean behiarena, pieza finagoentzat, ahuntzarena.

 

Artisautza, gozamen

Mariana eta Steban ez dira artisautzatik bizi, gustuko dutelako aritzen dira horretan. “Gure helburua ez da pieza asko saltzea, ezta etekin ekonomiko handia ateratzea ere. Gogoa dugunean egiten dugu, gustura sentitzeko eta gozatzeko. Saltzeko asmotan ariko bagina, lanerako modu hori aldatu beharko genuke eta ez genuke berdin gozatuko”, diote.

Biak artisautzan aritzen badira ere, lanerako oso modu ezberdina dute Marianak eta Stebanek. Sormen handikoa da Mariana eta asko gustatzen zaio gauza berriak sortzea, baita martxaren arabera pieza aldatzen joatea ere. Eredu jakinak jarraitzen ditu, berriz, Stebanek. Aldizkarietan, interneten edo kalean ikusi eta gustatutako piezak ahalik eta modurik zehatzeanean egiten ditu. “Ez dut pakerik izaten irudiko pieza edo buruan daukadan ideia guztiz zehatz gauzatu arte. Marianari inprobisazioa gustatzen zaio, ni, ordea, hasieran prestatutako ereduari guztiz fidela izaten naiz”.

 

Azokak

Zenbait azokatan izan dira Mariana eta Steban eta bereziki gustuko dute Otxagabiakoa. “Herri osoa itxuraldatzen dute garai bateko lanbideak irudikatzeko. Jendeak ere garaiko arropak janzten ditu eta artisauak lanean aritzen gara bertan. Asko gustatzen zaigu bertako ohiturak gorde eta zabaltzeko modu hori. Gainera, jende asko gerturatzen zaigu galderak egitera eta nabari da benetako interesarekin etortzen direla. Pieza asko saltzea baino gehiago, horixe izaten da gure helburu nagusia, jendeak ikus dezala gure lanerako modua”, azaldu du Stebanek.

Amasa-Villabonan Irrintzi elkarteak antolatzen duen Azoka berezian ere parte hartzen du bikoteak. Aurten, gainera, postu onenaren saria jaso zuten. “Ez genuen inondik inora espero, baina poz galanta hartu genuen”, diote irribarretsu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!