Aiztondora egunaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 19a, 02:00

Preso eta iheslarien eskubideen aldeko aldarria egingo dute larunbatean Aiztondora eguna ospatuz. Amasa-Villabonan brindisa egin ondoren, Zizurkilen egingo dute ekitaldi nagusia. Aduna, Amasa-Villabona, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo Udalek testu bateratua onartu dute.

Asteasu eta Zizurkilgo alkateek irakurri zuten bailarako Udal guztiek onartutako testua:

“Hemen bildu garen Aiztondoko alkate eta zinegotziok guztiontzako giza eskubideak aldarrikatzen ditugu, eta ezin bestela, baita euskal presoentzat ere. Gaur egun, egunero urratzen diren eskubideak.

Sakabanaketa politika duela 28 urte abian jarri zen eta bere ankerkeria gordinean dirau. Horren adibide dira Aiztondo bailaran dauden bost presoak; penintsularen punta bakoitzera, Galiza, Andaluzia eta Valentziar erkidegoetara urrunduta, asteburu oro milaka eta milaka kilometro egitera behartuz euren senideak. Arrisku nabariaz gain, sekulako ahalegin ekonomikoa eskatzen du eta bereziki preso horiek seme-alabak dituzte kasuetan, bikoiztu egiten da ankerkeria. Eskualdean ere baditugu euren gurasoek ikusteko asteburu osoak errepidean pasa behar dituzten haurrak, eta horrek ez du giza eskubide gutxienekoekin zerikusirik.

Hori gutxi balitz, euskal presoei zuzendutako neurri bereziak ezarri eta aplikatzen dituzte, isolamendua, kondena beteta duten presoak kartzelan mantetzea, frantziar estatuan arrazoi beragatik pasatako kartzela urteak ez kontuan hartzea… Eta zer sango dugu, inolako lotsarik gabe larri gaixorik egon arren espetxean mantetzen dituzten presoen kasuez. Onartezina da, espaniar eta frantziar estatuen jarrera, entzungor eginez garai berriari, euskal presoentzat propio sortutako mendekuzko politika eta legediak aplikatuz jarraitzen dute. Eta gauza bera esan dezakegu iheslarien inguruan, bada garaia irtenbideak aurkitzen hasteko.

Izan ere, Aiztondoko bailaran ondo ezagutzen ditugu sakabanaketaren ondorio gordinenak, auto ezbehar larriak tarteko, ondo ezagutzen ditugu preso gaixoak ez artatzearen ondorioak, Mikel Zalakaini gertatua gogoratu besterik ez dago. Eta bertako udal ordezkariok uste dugu ezin dutela berriz errepikatu, behin ere zentzurik izan ez zuten gorrotozko neurri hauek are zentzu gutxiago dutela garai berrian eta gure zeregina dela euskal presoen eskubideak ere aldarrikatzea. Bakearen aldeko bidean gure alea jartzea dagokigu.

Uste dugu denon artean lortu behar dugula sakabanaketarekin amaitzea, ezin dugula egoera hau usteltzen utzi. Horregatik gaur hemen bildu garen udal ordezkariok bat egiten dugu Zizurkilen datorren larunbatean, hilak 21 ospatuko den Aiztondora egunarekin, eta bertan parte hartzeko deia egiten diegu Aiztondoko herritarrei. Jai giroan presoen eskubideak aldarrikatzeko eguna izango da eta gu ere bertan izango gara. Gonbidatuta zaudete”.

Egitaraua
Aiztondora eguna

Zizurkilgo Joxe Arregi plazan (Euriarekin, Intxaur pilotalekua).

17:30 Villabonako Errebote plazan brindisa eta Villabona eta Zizurkilgo erraldoiekin kalejira Zizurkilera.
18:30 Ekitaldi nagusia Joxe Arregi plazan.
Ondoren, bertsolariak, musika zuzenean eta pintxoak, sagardoa eta gaztainak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!