Bertsolaritza hizpide izan zuten Mintzolaren egoitzan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 19a, 02:00

Ane Labakak, Beñat Krolemek, Itziar Navarrok eta Jon Martinek beren ikerketa lanak aurkeztu zituzten atzo iluntzean Amasa-Villabonako Subijana etxean. Saioaren ostean 'Oholtza' emanaldia eskaini zuten.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak antolatutako hitzordua izan zen, lau hitzaldiz eta bertso emanaldi berezi batez osatutako saioa.

Ane Labakak, Beñat Krolemek, Itziar Navarrok eta Jon Martinek beren ikergaiak aurkeztu zituzten. Labakak eta Navarrok Mintzolak eta Laboa Katedrak esleitutako ikerketa proiektu sari bana eskuratu zituzten iaz: hari esker, Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik lana garatu du lehenak eta Navarrok Bertsolarien kantaeraren bilakaera denboran zehar. Oiartzungo kasua lana bideratu du. Bestalde, Beñat Krolemek eta Jon Martinek doktore tesi bana dute esku artean: Oholtza. Ahozko inprobisazioan zeharkako ibilbidea: irudia eta hitza eta Xabier Leteren bertso, olerki eta kanten analisia ari dira lantzen, hurrenez hurren.

Aurkezpenen ondotik, bertso emanaldi berezia izan zen; Beñat Krolemek bere ikerketaren parte den Oholtza performancea gauzatu zuen. Irudiaren lanketa egin zuen berak, Jon Martin eta Ane Labaka bertsotan zirela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!