Villabonan bizi, Mexiko bihotzean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 19a, 02:00

Tolucan jaio zen Rosalia Fierro Hernandez, Mexiko estatuan. Villabonan bizi da azken urteotan. Pozik eta esker oneko sentitzen da, bere lekua aurkitu duelako bertan.

Nola deskribatuko zenuke Toluca, zure jaioterria?

Donostiarekin alderatuko nuke, dotorea delako, baina Tolucak ez du itsasorik. Asko hazi da azken urteetan, 800.000 biztanle pasatxo izango ditu, hiri industriala da, zerbitzu guztiak eskaintzen dituena. Zeramikagatik, artileagatik, aztarna arkeologikoengatik, folkloreagatik edota merkatu koloretsuengatik ezagunak diren herri asko ditu inguruan; Metepec edo Tenancingo hiriak, besteak beste. Oso polita da Toluca nahiz ingurua, bertakoa naiz eta asko maite dut.

 

Noiz eta nola iritsi zinen Euskal Herrira? Amasa-Villabonara?

Ia 40 urte daramat Euskal Herrian bizitzen. Maitasunagatik etorri nintzen. Leku ezberdinetan bizitu naiz: Zubietan, Tolosan, Anoetan… Azken urteotan Villabonan bizi naiz eta oso gustura, gainera. Herriarekin identifikatuta sentitzen naiz, baita bertako lasaitasunarekin ere eta gustuko dut herriko giroa. Villabonako alaba kuttuna naizela esaten dut (barre artean). Tolosan edo Anoetan ere baditut lagunak. Izugarri gogoko dut kantatzea eta inguruko herrietan antolatzen diren kantu kalejiretan hartu ohi dut parte. Anoetako taldekideekin biltzen naiz entseatzeko.

 

Maiz itzultzen al zara Mexikora?

Lehen hiru edo lau urtez behin joaten nintzen, baina bi urtez behin joaten saiatzen naiz orain. Zazpi anaia-arrebetatik hiru bizi gara, ni naiz nagusiena eta haiekin zuzeneko harremana mantentzen jarraitu nahi dut. Teknologia berriek asko erraztu dute azken urteotan komunikazioa eta izugarri eskertzen dut modernitate hori, egunero eta oso erraz jartzen baikara harremanetan whatsappari esker.  Hala ere, zuzenean elkar ikustea eskertu egiten da oraindik ere. Hainbeste kilometrora bizita, familia da gehien faltan botatzen dena. Iraileko lurrikara gertatu zenean, lorik egin gabe igaro nuen gaua, urduri, nire ingurukoak ondo zeudela jakin arte. Eskerrak onik atera ziren.

Herri honekin maiteminduta nagoen arren, Mexikora joaten naizenean, ez dut itzuli nahi izaten. Baina gauza bera gertatzen zait hemendik hara abiatzen naizenean ere, kosta egiten zait joatea. Bi lekuetan gustura sentitzen naizelako gertatzen zait hori.

 

Zerk jo zizun begia, Euskal Herrira iritsitakoan?

Donostiara iritsi nintzenean. Maria Cristina zubiaren erdian geratu eta liluratuta utzi ninduen edertasunak. Oso hiri dotorea iruditu zitzaidan Donostia. Gogoan izaten dut beti momentu hura. Oso etorkin gutxi ginen orduan. Emakume bat gerturatu eta aurpegia ukituz, eguzkia non hartu nuen galdetu zidan eta ezetz, berezkoa nuela erantzun nion nik. Txinatarra ote nintzen jarraitu zuen. Harrituta utzi ninduen, baina Euskal Herrian oraindik ez zeuden kanpoko herrialdeetako pertsonak ikustera ohituta. Bestalde eta ezin ahaztu, sekula geratzen ez zen xirimiriak jo zidan begia gehien. Gu beti eguraldi beroarekin ohitura, kosta egin zitzaidan giro aldaketa hori onartzea, baxualdia ere sentitu nuen. Baina gerora, ez zen oztopo izan hainbeste edertasun ezagutzeko.

 

Zerk erakartzen zaitu gehien Euskal Herritik? Villabonatik?

Euskal Herrian, lagun hutsak baino, familiako kideak aurkitu ditut. Ez baita zainetan odol bera eduki beharrik, familia bereko kide izateko. Pozik eta zortedun sentitzen naiz hemen, maitatua eta babestua. Onartua sentitu naiz hasieratik eta horregatik maite dut horrenbeste bertako jendea. Kanpotarra izanagatik oso ondo hartu naute beti. Pertsona indartsua izaten erakutsi dit herri honek. Ahal dudan neurrian, antolatzen diren ekintzatan parte hartzen saiatzen naiz; besteak beste, Kantujiran, asko disfrutatzen baitut. Tradizioei begira, izugarri gustatzen zaizkit herri kirolak. Zubietan bizitu ginenean ezagutu nuen errebotea eta txundituta utzi ninduen kirol horrek. Mexikon ere asko jolasten da esku pilotan, baina ez nuen ezagutzen eta oso ederra iruditu zitzaidan.

 

Zer moduz moldatzen zara euskararekin?

Banaiz Bagara elkartearen baitan ikasi dut euskara, sekula bukatu ez badut ere. Seme-alabek eta haien aitak euskaraz egiten duten arren, nik ez dut askatzea lortu. Hala ere ulertu egiten dut eta asko laguntzen didate euskal kantuek horretan; entseguetatik etxera etorritakoan, hitzak aztertzen ditudalako. Saiakeran jarraitzen dut eta haurren ipuinak ere irakurtzen ditut, haien esanahia ulertu arte.

 


{{IMG-39202}}
Lupita Soto, Liz Grajales eta Erendira Ramirez, atzeko ilaran. Rosalia Fierro eta Arrate Murua, aurrekoan.
 

Elkartasuna, Aiztondotik Mexikora

Arrate Murua, Lupita Soto, Liz Grajales, Erendira Ramirez eta Rosalia Fierro Tolosaldean bizi diren bost mexikar dira. Elkartasun sarea zabaldu dute jaioterrira.

Mexikotik milaka kilometrora izanagatik, elkarrizketatuen barruak gogor astindu zituen irailaren 7an, Oaxaka edota Chiapas zonaldean izan zen 8,2 graduko lehen lurrikarak, irailaren 19an Mexiko hiriburuan izan zen 7,1 graduko bigarrenak, bataren zein bestearen erreplikak, oraindik ere geratu ez direnak. “Gogorra eta mingarria da distantziara halako albistea jasotzea”, dio boskoteak, ume-umetatik lurrikaren aurrean nola erantzun eskolan irakasten dieten arren, inoiz ez baita ongi etorria izaten halako gertaera. Gutxienez 430 hildako sortzeaz gain, bi milioi eta erdi mexikarrei kalte handiak eragin dizkiete aipatu azken lurrikarek. “Urrun egon arren, gertutik bizitu ditugu lurrikarak, senide nahiz lagunek emandako informazioaren bidez”, eta guztiek ere ideia bera azpimarratu nahi dute, nola lurrikarak gertatu eta segidan, herria bateratu eta erantzun egin duen, “eraikinak erori zirenean, jendea laguntzera sartu zen barruetara; ikasle, langile, etxekoandre... Dendariek materiala oparitu eta eraitsitako eraikinetan erreskate lanetan hasi ziren bat-batean herritar asko eta asko. Oso polita izan zen guretzat gizarte mailan sortu zen elkartasuna ikustea. Emozioz eta etsipenez bizitu genuen kanpotik, guk ezin izan genuelako lagundu”. Gobernuak, bere aldetik, laguntza gehien Mexiko hiriburuan eskaini duela uste dute elkarrizketatuek, baina ez duela berdin jokatu auzo guztietan, “ohi denez, auzo aberatsenetan txiroenetan baino gehiago lagundu dute”. Mexikon klasismoa eta arrazismoa indarrean dagoela salatu dute eta baita, egoerari buelta emateko, gobernuaren nahirik eza ere, “euren diru-funtsaz gain, kaltetutako guneetan laguntzeko dirutza eskuratu du gobernuak nazioartetik, baina diru hori banatu beharrean, herria tandetan antolatu eta euren artean erantzuteko eskatu die mexikarrei. Lotsagarria, jasotako dirutza, hiru herri altxatzeko modukoa izan baita. Gobernuak negozioa egin nahi izan du hondamenditik eta hurrengo urtean egingo diren hauteskundeetara begira jarri da”.

 

Elkartasuna Mexikora

Euren aldetik, kaltetuei laguntza emateko, lau asteburutan, Tolosako Triangelu plazan diru-bilketa egitea erabaki dute. Dirua biltzeaz gain, mahai informatiboari emango diote lehentasuna, gerturatzen direnei zuzeneko informazioa eman eta argazkiak erakutsiz. “Gure bidez Mexikoko egoera entzunarazi nahi diegu interesa duten herritarrei”, zehaztu dute. Urriaren 14an egin zuten lehen saioa eta 21ean, 28an eta azaroaren 4an izango dira hurrengo hiru txandak, azokako mugimendua aprobetxatuz, 09:00etatik 14:00etara. Laguntza ekonomikoa bidali nahi diete mexikar kaltetuei, baina dirua bidaltzea oso lan zaila dela diote, burokrazia tarteko. “Diru bidalketa egiteagatik izugarrizko komisioak eskatzen dizkigute banketxeek. Beldur gara diru dezente bildu arren, zati handia gal dezakegulako transferentzia egitean. Gardenak izateko eskatu nahi diegu banketxeei, ez baita bidezkoa antzeko zorigaiztoetatik dirua atera nahi izatea”. Bide zuzenenaren bila, Mexikon lanean ari diren erakundeekin jarri dira harremanetan ahalik eta bitartekari gutxienekin topo egiteko. “Bide honetan, borondate oneko eta laguntzeko prest dagoen jende askorekin ere egin dugu topo. Jende askok jarraitu du lanean lurrizkaraz geroztik, sokarik eten gabe”. Eskualdeko jendea oso eskuzabala dela diote eta haien erantzun ona espero dute. Facebook bidez, Tolosaldeko eta Aiztondoko herritarrak informatuta mantendu nahi dituzte, jasotzen duten diruaren bidalketa nahiz diru horrekin Mexikon abian jartzen dituzten ekimenak argi eta garbi azalduz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!