Andazarrateko Haize-onak taberna, auzotarren bilgune

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Gil 2017ko urr. 19a, 02:00

Manuel Sarasolak betidanik ezagutu izan du taberna etxean. Gurasoen lanbideari eutsi, eta milaka ordu pasa ditu Haize-onak tabernako barraren atzean nahiz sukaldean.

Manuelen aita zenak, Jose Ignazio Sarasolak eraiki zuen Haize-onak etxea, Andazarrateko gainean. “Alkizarra zen nire aita zena, Agiña baserrikoa. Anaia batekin etorri zen Asteasura, eta hementxe eraiki zuen etxea. Etxea ez ezik, negozioa ere jarri zuen bertan; taberna”. Manuelek betidanik ezagutu izan du, beraz, tabernako lana: “Ume-umetatik tokatu zitzaidan, bai”.

 

Zezina, arrakastaren giltza

Baserria izanik, behiak eta ardiak ere izaten zituzten etxean. “Etxeko ardiak tabernarako zezintzen hasi ginen, eta jendeari asko gustatzen zitzaion. Aurrerago, etxeko ganadua kendu genuenean, inguruko artzainak etortzen ziren ardiak eskaintzera”. Manuelek prestatutako ardi-zezinak arrakasta handia zuen eta pausoz pauso azaldu du nola egiten zuen: “Gatzetan ondo-ondo estalita jartzen nuen ardi haragia eta bost egunez edukitzen nuen horrela. Fruta-kaxak erabiltzen nituen normalean, beharrezkoa baita gesalak alde egitea. Zezintzen ari den bitartean botatzen duen likidoari esaten zaio gesala, eta hori ondo kanporatu beharra dago. Bost egunak pasatakoan, prest dago zezina”. Bakailaoarekin egiten den modura, prestatu baino lehen, beratzen jarri beharra izaten da zezina. “Hiru aldiz aldatu behar zaio ura. Ondo gezatuta zegoenean, egosi egiten nuen nik zezina eta bere horretan jaten zuten gehienek, nahiz eta bazegoen tomatearekin eskatzen zuenik ere”, azaldu du Manuelek.

Jende asko gerturatu izan da Haize-onak tabernara. “Buenos Aires gisa ere ezagutzen zuen batek baino gehiagok. Egunero irekitzen genuen taberna, ostegunetan izan ezik. Aste egunetan, auzoko jendea gerturatzen zen gehienbat, zerbait hartuz, musean jokatu eta egonaldia egitera. Errepide ondoan dagoenez, pasoko jende askok ere egiten zuen geldialdia. Asteburuetan, inguruko herrietakoak ere etortzen ziren”.

 

Erromeriak, apustuak…

Gainerantzean, egun bereziak ere izaten zituzten, noski. “Zelatungo erromeria egunetan, auzoko jaietan, Iturriotzen sega apusturen bat zenean…, jendetza ikaragarriak gerturatzen ziren. Garai batean, erromeria egunetan, goizeko seiretarako hasten zen jendea behetik gora etortzen. Orain, berriz, hamabiak aldera hasten da zalaparta”, azaldu du Manuelek umoretsu. Trikiti hotsek alaituta eta jai giroan igarotzen zituzten iraileko igandeak Haize-onak tabernan.  Iturriotzen jokatutako sega apustuen artean, Polipaso eta Izurtzuren artean jokatutako aipatu du Manuelek. “jendetza ikaragarria gerturatu zen egun hartan. Ni ume koskorra nintzen, baina ez daukat ahazteko. Gainerantzean, Erasun eta Irazustaren artekoak ere ikusmin handia sortu zuen, baita Iturriotzen jokatutako beste zenbait apustuk ere. Zaletasun handia izan da hemen inguruan”.

 

Andazarratera, oinez

Duela urte batzuk, oinez gerturatzen ziren asko eta asko Haize-onak tabernara: “Orain bezainbeste kotxerik ez zen, noski, eta jende asko oinez etortzen zen, baita bizikletan ere. Motoa zuenik ere bazen, baina bakanak ziren haiek”. Agoteren autobusa Andazarratera igotzen zen garaia ere ondo gogoan du Manuelek: “Sanatoriora etortzen zen jende asko ni umea nintzela, eta Ernioko erromerietara ere autobusean etortzen ziren asko eta asko”.

 

Sanatorioa

Sanatorioa bera izan zen Manuelen eskola. “1956an itxi zen sanatorioa, 23 urtez martxan egon ondoren. Auzorako eskola zerbitzua jarri zuten orduan, eta ni bertara joaten nintzen, etxetik oso gertu. Galiziako maestra bat egoten zen bertan eta ikasi genuen apurra harekin ikasitakoa da”, dio umoretsu. 1971 urtera arte egon zen martxan sanatorioko eskola zerbitzua eta ia hogei urte geroago bota zuten eraikin zahar hura. “Orain parkea dago bertan, eta jende asko gerturatzen da. Egoteko toki polita da eta umeekin, egunpasa egitera gerturatzen dira asko eta asko. Zabalik genuenean, gure tabernara ere etortzen ziren zerbait hartzera”.

 

Gaztetxotan, morroi

Lau anaia-arrebatan hirugarrena da Manuel, eta bera oso umea zela hil zitzaien ama, Maria Aizpurua. “Zazpi urteko mutil-koskorra nintzen ni. Aita zenak tabernako lanari eutsi zion eta gero, anai-arrebok ere jarraitu egin genuen langintza horretan”. Ume-
umetatik ezagutu izan du Manuelek barra atzeko lana, baina beste zenbait zereginetan ere aritutakoa da. “Mugatx baserrian  morroi egon nintzen 18 urte bete arte. Baserriko lanetan aritzen nintzen han. Garai hartan, ganadua ondo eduki nahi bazen, belarra ondu beharra zegoen eta saio ederra egiten genituen. Gaur hala egin beharko bagenu, ez dakit nola moldatuko ginatekeen, ez baitu batere eguraldi egokirik egiten azken urteotan”. Papeleran ere aritu izan zen lanean Manuel. “Motoarekin egiten nituen joan-etorriak. Sei kilometroko igoera da Andazarratekoa eta aldapa gogorregiak ez baditu ere, luze egiten da bizikletaz edo oinez igotzeko. Moto hari esker, egunero-egunero etxeratzen nintzen lanetik ateratzean. Obran ere aritu nintzen beste bolada batean, baina etxean ere bazen nahiko lan, eta hementxe geratzea erabaki nuen, tabernako lanetan buru-belarri”. Duela 22 urte, etxea eta taberna berritu zituen eta, taberna itxita badago ere, hantxe bizi da.

 

Juli, bidelagun

Manuelekin batera aritu da Juli Intxausti bidaniarra duela 20 urtetik hona. “Barraren atzean ordu batzuk pasa ditut nik ere. Lan lotua da, baina polita. Zenbait momentutan estu ibiltzen ginen, jende asko guk zerbitzatu zain zegoela ikusten genuenean. Hala ere, gustura aritu izan gara”, aitortu du irribarretsu.

Andazarrateko gainean kokatuta, Aia nahiz Asteasuko jendea gerturatu izan zaio bereziki. “Inguruko bezeroak izan dira gehienak. Gertuko baserrietakoak ia egunero etortzen ziren eta gainerantzean, Asteasu, Zizurkil, Villabona edota Aiatik ere gerturatzen ziren. Errepide ertzean gaudenez, pasoan egokitzen zirenak ere sartzen ziren, noski. Beste toki batzuetara apropos joan beharra dagoen bezala, hau bide ertzean dago, eta egoki geratzen zen, eroso”, azaldu du Julik.

 

Elurra eta izotza

Gain-gainean kokatuta, elurra ere izan dute maiz. Manuelek azpimarratu egin du bera  ume zela gertaturiko izoztea: “Elurte asko izan dira, baina 1956ko izoztea bereziki gogoan dut. Hiru hilabete inguru iraun zuen, batere izotzik kendu gabe. Pinuak ere erre egin ziren urte hartan. Bezeroek, ordea, ez zioten utzi etortzeari. Jendeak ez zion beldurrik eguraldi txarrari, eta oinez etortzen ziren”.

 

Ateak itxita

Duela bederatzi urte itxi zituzten Haize-onak tabernako ateak, abenduan. Julik azaldu duenez, “oraindik ere gerturatzen da jendea. Leihoak itxita ikusi arren, taberna irekita ote dagoen galdetzen dute, eta zezina egingo al duen ere galdetzen diote Manueli”. Taberna itxi zuenetik, ordea, Manuelek ez du zezina egiteko ohiturarik, “ezta etxerako ere. Juli ez da zalea eta ez naiz hasten neronentzat bakarrik egiten”.

Tabernako lanak ahaztuta, bestelako zereginak ditu orain Manuelek. “Sendagileak oinez ibiltzea komeni zitzaidala esan zidan, eta hemen inguruan ibiltzen naiz pasiatzen. Toki aldapatsuak ez zaizkit komeni, ordea, eta hortxe izaten ditut komeriak, hemen aldapa handiak baitaude nonahi”, dio.

Noizean behin kalera jaitsi, erosketak egin, eta bueltatxoa egiteko ere aprobetxatzen dute Julik eta Manuelek. “Gustura joaten gara. Ondoren, ordea, zalapartak utzi eta pozik itzultzen gara mendiko lasaitasunera”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!