Iraganeko arrastoak, Andoaingo Kale Nagusiko Toki-Eder etxean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 18a, 02:00

Andoaingo Toki-Eder etxeko fatxada txukuntzen hasi zen orain hilabete batzuk Jesus Mari Goristidi eta, hara non, inskripzioaz gain, antzinako leihoa eta leihatila aurkitu zituen bertan.

Harrizko etxea da Toki-Eder, harrizko pareta eta oinarriak dituena. Orain urte batzuk ordea, antzinako harrizko etxeak, masarekin estaltzeko ohitura nagusitu zen eta masa azaleratzearekin batera, etxeen hainbat antzinako ezaugarri ezkutuan geratu ziren. Horixe da Andoaingo Kale Nagusiko Toki-Eder etxearen kasua. Egun etxearen nagusi den Anttoni Karreraren senarra, Jesus Mari Gorostidi, etxearen aurrealdea txukuntzen hasi zenean, garai bateko sarrera nagusiaren gainaldean Domingo de Apaeztegui izena harrian zizelkatuta aurkitu zuen, kaligrafia txukun eta dotorez idatzia. Eta ez hori bakarrik, eskubitarago jota, atearen aldamenean leihotxoa ere bai; izan ere, atearen goi aldean, leihatila izaten baitzen, atea ireki aurretik nor ote zetorren ikusteko. Bazterrerago, berriz, garai bateko burdin sareekin osatutako leihoa ere bai.
{{IMG-39198}}

Jesus Marirentzat ezustekoa izan zen lanean hasi eta iraganarekin topo egitea, baina ezta hainbesterainokoa ere. “Lehen ere obran aritutakoa naiz eta tokatu izan zait antzekoak ikustea. Garai batean horrelako aurkikuntzei ez zitzaien batere garrantziarik ematen; orain, berriz, handia. Lehen dena tapatzeko joera izan zen eta orain lehengo zahar guztia bistan jartzera jotzen da”.

 

Lehenengotako etxea

Jakin-mina sortu du aurkikuntzak. Jende asko gerturatu da geroztik Toki-Ederreko etxe atarira. Andoaingo Udaleko artxibozainak ere bai, “kaligrafia kontuan hartuta eta artxibategiko garaiko dokumentuak arakatuta, 1587ko idazkuna dela esan digute artxibozainek. Badirudi Domingo Apaeztegui Nafarroatik Andoainera etorri zela Leitzaran bailarako meategiren batera lanera eta etxe hau erosi zuela”, argitu du Jesus Marik.

Andoaingo Kale Nagusiko lehenengotako etxea izan zen, solairu bakarrekoa hasieran, baserri itxurakoa eta berezko izena Enekorena zuen. “Ondarreta, Arrate eta Sasierrota baserriak zituen inguruan eta beste etxe gutxi batzuk. Andoaingo lehenengotako etxea izan zen, ferrokarrila baino lehen egina”. Geroztik, 1930. urtean etxea berritu eta beste hiru solairu altxatu zizkioten. Egun, lau solairuko etxebizitza da Toki-Eder.

Bizitoki

Anttoni Karrera andoaindarrari herentziaz etorri zitzaion etxea, bere amonaren eskutik. Andoaingo Lakatxe baserrian jaiotakoa zuen Antonia Berakoetxea amona eta Jose Antonio Karrera herritarrarekin ezkondu zenean, Andoaingo Etxabe baserrira joan zen bizitzera. “Ez dakigu nori erosi zion amonak etxea, –Domingo haren ondorengo batzuei erosiko ziela pentsatzen dugu–, baina bertan bizitu zen azken 20 bat urtean. Neroni ere, bertan bizitu nintzen gaztetxotan ama eta amonarekin. Altzan bizi baginen ere, 11 urte nituela, aita hil zenean, ama eta biok amonarengana Andoainera etorri ginen bizitzera. Lehen solairuan bizitu ginen”, azaldu du Anttonik. Gerora ere, Jesus Marirekin ezkondutakoan, bertan bizitu ziren hogei urte baino gehiagoan, laugarren solairuan orduan. Orain 40 urte zabaldu zuten etxearen azpialdean Gorostidi burdindegia. Etxeak nahiz burdindegiak antzinako etxearen ezaugarriei eusten diete. “Harri handiko etxea izanik, oso etxe freskoa da, baina tamaina bereko hezetasuna du”, diote.

 

Ataria ere berrituta

Etxearen fatxada ez ezik, etxe ataria ere berritu du Jesus Mari Gorostidik, puskaz puska bere eskuekin osatutako hormigoizko hesia jarri du atarian eta baita egurrezko aterpea ere. Urrunxeago, etxe inguruko zelaian, garai bateko bizikleta zaharra. “Ganbara zaharra txukuntzen hasitakoan bizikleta zahar batzuk aurkitu genituen eta horietako bat margotu eta etxe atarian jartzea pentsatu nuen. Aurrera begira, hormigoiarekin egindako ferrokarrila jartzeko asmoa daukat, tunelean sartzen ariko balitz bezala; Plazaola pasealekuan kokatuta, lotura handia baitu inguru honek ferrokarrilarekin. Ideia badut, ea noiz egiten dudan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!