Uhinak emanaldia: musika, ahotsa eta dantza uztartuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 19a, 02:00

Arte diziplina ezberdinetan lanean ari diren lau emakume elkartu eta Uhinak proiektua sortu dute Villabonan. Urriaren 21ean aurkeztuko dute Gurea antzokian.

Ana Iparragirre piano-jotzailea, Maialen Urdapilleta dantzaria, Amaia Gutierrez biolin-jotzailea eta Klara Mendizabal sopranoa buru-belarri ari dira Uhinak emanaldia prestatzen lanean. Euren artean elkar ezagutzen zuten gehienek eta batak bestearekin aurrez ere hainbat lan eginak zituzten edo proiektuak behintzat landu zituzten. Uhinak izango da, ordea, laurak batuko dituen lehen proiektua eta ilusio biziz ageri dira. “Oso gustura ari gara entseguetan. Gureako emanaldia jendaurreko aurkezpena izango da eta ikusleen erantzuna jasotzeko gogo biziz gaude”, adierazi du Anak. Musika eta ahotsa elkartzea ohikoa da Amaiarentzat, horretara ohituta baitaude, “baina emanaldi honetako berrikuntza nagusia dantza da, sormen dantza”. Maialen dantzariak beretzat horrelako emanaldi batean parte hartzea pribilegioa dela dio, “ni dantza orientaletik nator, baina Uhinak emanaldiko musikak dantzatzeko, zer edo zer ezberdina egin dut. Saiakera berezia izan da niretzat, oso polita”. Eta zein musika mota eskainiko ote duten saioan zehar? Oro har, musika klasikoa izango dela azaldu dute, baina zehaztapenak eginez, “musika eta hizkuntza desberdinak landuko ditugu, gure obrak antzinako abestietan nahiz gaurko musikan oinarrituz. Abesti frantsesak, italiarrak edota alemaniarrak eskainiko ditugu, baita euskaldunak ere. Tartean bada melodia turkiar oso berezi bat ere”. Besteak beste, operako aria zatiak, zarzuelako erromantzak edota soinu bandak eskainiko dituzte. Dudarik gabe, eskaintza berezia da eta parte hartzaileek bereziki azpimarratu dute halako proiektu baten inguruan lau emakume elkartzea. “Oso esperientzia polita izaten ari da guretzat”.

 

Uhina, bibrazio unibertsala

Dantzaren bidez elkarren arteko lotura bilatzen saiatu dira, “musika eta dantza batera joan daitezen”. Izan ere, musika eta dantza fusionatzen dituen taldea dira eta euren helburua, “artearekin zerikusia duten hainbat diziplina batu eta musika, ahotsa eta dantza elkartuz, jendeari sentimenduak transmititzea da”. Uhinak izena hartu dute proiektuaren izen eta inspirazio iturri, “uhina, bibrazio unibertsala delako eta haizea, mugimendua eta soinua batzen dituelako”. Emanaldia jendearengana irits dadin lortu nahi dute eta ikusleen aldetik erantzun ona jasoko balute, etorkizunean aurrera jarraitzeko ilusioz daude, beste hainbat lekutan aritzeko gogoz. Villabonakoa, beraz, abiapuntua izango da. Urriaren 21ean, Gurea zinema berrituaren inaugurazio ekitaldian ariko dira, 19:30etik aurrera. Sarrera doakoa izango da, “herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu emanaldira, gertura daitezela! Artista guztion helburua, musika eta dantzaren bidez, espresatzea eta ikusleengana iristea izaten da, haiek emozionatzea. Ea lortzen dugun!”, dei egin dute elkarrizketatuek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!