Katramila antzerki taldea, abiatu da ikasturte berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 17a, 02:00

Katramila antzerki taldeak aste honetan ekin dio ikasturte berriari Andoainen. Urtzi Ugalde, Uxue Ugartemendia, Kristina Ropero eta Oihana Arruti taldekideek hartu dute hitza.

Haur, gazte nahiz helduengan, antzerkizaletasuna zabaldu eta sustatzeaz gain, euskararen erabilera normalizatzea da Katramila antzerki taldearen helburu nagusia eta buru-belarri ari dira horretan lanean. Aste honetan bertan ekin diote entseguei, baina hala nahi duenak, urri osoan zehar izango du antzerki taldean izena emateko aukera. Aurtengo ikasturterako, taldekideek badute helburu garbi bat, Andoaingo Aita Larramendi ikastolan, jangelan geratzen diren haur eta gaztetxoei eskola orduz kanpoko ekintza gisa, antzerkia eskaintzen dieten bezala, herriko gainerako eskoletan ere eskaintza bera egitea, “jende askok ikastolako ekintza bezala ikusten du eguerditako antzerki eskola hori, baina ez da ikastolarena, herriarena baizik. Katramila taldea sortu zenean, ikastolak zuen antzerki taldea gure gain hartu genuen, baina Andoain osora proiektatu nahi dugu aukera hori”, azaldu dute elkarrizketatuek.

 

Erantzun txukuna

Ikastolako saio horiez gain, asteazken edo ostiral arratsaldetan beste talde ugari biltzen du Katramilak eta herri ezberdinetako kideak gerturatzen dira entseguetara. “Villabona, Zizurkil, Asteasu, Urnieta, Irura, Anoeta edota Tolosakoak… Andoaindarrez gain, bailarako herritarrak gerturatzen dira beste saioetara”, diote. Kristina Ropero eta Iker Etxarri dira haur eta gazteen irakasleak eta Miren Gojenolaren gidaritzapean aritzen dira helduak. “Hiru irakasle ditugu printzipioz, baina beharren arabera egokituko genuke hori. Talde gehiago sortuko balira, irakasle gehiago ekarriko genituzke”.

Haur eta gaztetxoen eguerditako ikastolako saioek izugarrizko arrakasta dutela aipatu dute, bete-beteta daudela, baina arratsaldekoak indartu nahi dituzte bereziki. Guztira 100 haur eta gazte pasatxok eta 10 bat helduk osatzen dugu taldea. “Kopuruari begira pozik gaude, erantzuna txukuna delako eta urtetik urtera, indartzen ari delako, baina arratsaldeko taldeak indartu nahi ditugu”, azaldu dute Urtzik eta Oihanak.

 

Ezinbesteko ikasgaiak

Gizarteak, antzerkiaren kontzeptua oso argi ulertzen ez duela uste du Uxue Ugartemendiak, “badirudi antzerkira sudur gorria jantzita, pailazoarena egitera etortzen garela, baina hori ez da horrela. Ona litzateke jendeak, antzerkiak era pertsonalean zenbat laguntzen duen jakitea. Europako beste herrialde batzuetan eskoletan ikasgai bezala lantzen dute antzerkia, hemen eskolaz kanpoko ekintza den bitartean”. Haurraren garapenean antzerkiak zein onura dituen jakitea oso garrantzitsua iruditzen zaie laurei, “ezinbesteko ikasgaiak lantzen dituzte: talde lana, jendaurrean hitz egitea, norberaren ezagutzan sakontzea… Jolas moduan, sentimendu ezberdinetan barneratzen dira umeak. Euren garapen pertsonalerako oso gomendagarria da antzerkia”. Helduei begira ere, antzerkiak balio terapeutikoa baduela gaineratu dute. Esan bezala, helduena, hamar bat laguneko taldea da, gehienak taldearen sorreran hasitakoak.

“Horrek agian zaildu egiten du zertxobait jende berria erakartzea, baina gogoz dagoena, entseguetara etorri, zer egiten dugun ikusi eta gustatzen bazaio jarraitzera animatzen dugu. Gure burua ezagutzeko aukera ematen digu antzerkiak, denen aurrean biluztekoa. Txikitatik ikasi beharko genukeen ikasgaia izan beharko luke”.

Ondo pasatzea helburu

May Gorostiagarekin clowna lantzen ekin zion euren bere bideari Katramilako helduen taldeak, 2011urtean. Bi ikasturte oso egin zituzten eta beste formatu batzuk probatu nahi zituztenez, Miren Gojenola aktorearekin hasi ziren bide berriak jorratzen. Berekin jarraitzen dute egun ere. “Lan xume batzuk egin ondoren, azken urte honetan obra dei daitekeen saioa osatu dugu eta oso pozik gaude”. Umorea lantzen dute gehien, “ondo pasatzea baita helburua”, baina herriko ekimen ugaritan hartzen dute parte eta gaiaren arabera, egoera ezberdinetara egokitzen dute euren papera. “Besteak beste, Korrikako ospakizunean, Martxoak 8ko ekimenean edota Hogar Extremeñoko kideekin batera emanaldiak eskaini ditugu… Lasarteko Antzerki astean ere parte hartu izan dugu… Iaz, Santakrutzetako pregoilari ere izan ginen!”. Taldekide guztien artean erabakitzen dute ikasturtean zehar landu nahi dutena, baina “ez dugu inor behartzen urte bukaerako antzezlanean parte hartzera. Haur, gazte nahiz helduen artean parte hartu nahi ez duenik bada, errespetatu egiten da haren erabakia”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!