Zaborren bilketa sistema berria urriaren 16tik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 14a, 02:00

Astelehenetik aurrera organikoaren eta errefusaren edukiontziak txartelarekin ireki beharko dira. Udala abuztutik hona 16 urtetik gorako herritar guztiei banatzen ari den txartela derrigor erabili beharko da bi edukiontzi horiek irekitzeko.

[Bideoa]

Kronika:

Materia organikoa biltzeko edukiontzi marroia egunero ireki ahal izango da; errefusaren edukiontzi grisa, berriz, asteazken eta igandetan soilik.

Gainerako edukiontziak (plastikoa, beira, pilak eta papera) lehen bezala erabili ahal izango dira, egunero.

Udal gobernuko Mikel Pagola alkateak eta Jorge Segurado zinegotziak eman dituzte azalpenak, prentsaurrekoan. Alkateak aditzera eman duenez, “Udalak hondakinen kudeaketa ariketarik egokiena egin nahi du, eta horregatik urrats berri eman du. Ingurumenarekiko konpromisu sendoa hartu nahi badugu, derrigorrezkoa dugu guztion artean Urnietako bilketa selektiboaren tasa igotzea. Egun, landa, herri eta industria guneak kontuan hartuta, %52ean mugitzen gara. Bere garaian udaleko hiru alderdiek gutxienik %65ra igotzeko konpromezua hartu genuen, eta bide horretatik jo beharra dago”.

Txartelaren bitartez ezarriko den derrigortasunaren zergatia azaldu du Pagolak. “Errefusaren edukiontziaren irekiera asteazken eta igandeetara mugatuko da, eta horrekin lortu nahi dugu herritarrek etxean sortzen dituzten hondakinak etxean bertan banatu eta birzikla dazaten”.

Egunerokotasunean habituak hartzeari eman dio garrantzia Pagolak. “Behin etxeko lan horretara jartzen garenean, konturatzen gara birziklapena lantzea egunero-egunero egiten dugun ekintzarik errazenetakoa dela, pauta batzuk hartzea izan ohi dela kontua, eta ez duela aparteko ahaleginik eskatzen. Horretara jada ohitu garenok badakigu zertaz ari garen”.

Alkateak aitortu du sistema berriak zenbait herritarrengan erresistentziarik eragin dezakeela. Horrexegatik, mezua helarazi die: “lankidetza eskaera egin nahi diegu Urnietako herritarrei, beharrezkoa baita beren inplikazioa. Sinetsi egin behar dute sistema honen mesede ekarriko digula, ingurumenaren alde. Norbaitek pentsa dezake zailtasunak jartzen ari garela; hala izan daiteke agian, baina gauzak ondo egiten ikasteko neurriak dira jarriko direnak abian urriaren 16tik aurrera. Eta dinamika horretan sartzen garenean, ziur nago hasierako erresistentzia horiek gaindituz joango garela guztiok, eta konturatuko garela erraz egin daitekeen lana dela. Gainera, ondo egiten badugu, agian ez da beharrezkoa suertatuko bi egun horietan errefusaren edukiontzia ireki behar izatea, eskarmentuak esaten baitigu baxu-baxua izaten dela horra joan ohi den kopurua”.

 

Errefusaren irekiera zabaltzeko aukera

Errefusaren edukiontzia bi egunetan ez baizik eta egunero zabaltzeko aukera izango dute, esate batera, haur oihalak erabiltzen dituzten gurasoek (0tik 4 urte bitarteko haurrak dituztenak), edo eta mendekotasuna duten adineko pertsonak etxean dituzten familiek. Horretarako, interesa dutenek Udalean eskaera egin beharko dute.

 

Txartelak jasotzeko aukera

Jorge Segurado zinegotziak adierazi duenez, banatu beharreko 5.000 txarteletatik 3.382 eskuratu dituzte herritarrek. Oraindik txartela jasotzeko daukanak, badu aukera Lekaioko kultur etxean ireki den bulegoan. Urriaren 14 bitarte egongo da irekita bulegoa, eta honako ordutegia izango du, astelehenetik ostiralera: 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara. Larunbatetan, berriz, 19:00etatik 14:00etara.

Bestalde, birziklapenaren eta edukiontzi horien erabilerari buruzko azalpen praktikoak kalean bertan, edukiontzien ondoan emateko prest egongo dira zenbait informatzaile. Horiek non eta zein orduetan egongo diren jakiteko zehazki, Udalaren web orrira jo beharko du daiteke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!