Bus zerbitzuen murrizketa salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 11a, 02:00

Irailaren 7an Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko garraio publikoen zerbitzuetan hainbat egokitzapen iragarri zituen. Egokitzapenak eta murrizketak ere bai, Andoain, Hernani eta Usurbilgo Udalek salatu dutenez.

Herritarrek alegazioak aurkezteko aukera dute:

Murrizketok bertan behera utzi eta gaiari konponbide adostu bat ematea eskatu zuten Aldundiaren aurrean joan zen urriaren 4an eginiko agerraldian. “Errespetu instituzional falta” egotzi zion Ana Carrere Andoaingo alkateak Aldundiari. Aurreproiektu honen baitan, hainbat zerbitzuren maiztasuna murriztu eta zenbait zerbitzu bertan behera uzteko asmoa du Aldundiak.
 
Ospitalerako zerbitzu batzuk, bertan behera
Besteak beste, “ospitalerako autobus zerbitzu batzuk bertan behera geratzen dira eta horrek bete-betean eragiten die gizarteko sektore ahulenei”, zioen Xabier Arregi Usurbilgo alkateak. Sentsibilitate handiko gaia, erabiltzaile gehienak gazteak eta emakumeak direla kontuan izanda.
Andoaingo Udalak erreklamatzeko aukera eskainiko die herritarrei, datozen egunetan.

 

Alegazio epea urriaren 23a bitarte luzatu dute

Udal gobernuak alegazio orri bat jarriko du herritarren eskura aurreproiektu hau gelditu dezaten eskatuz. Alegazio orri hau udalean sinatu ahal izango da: urriaren 16tik 20ra bitarte, 9:00etatik 14:30etara,
Atarian. Urriaren 17 eta 19an, astearte eta ostegunean, berriz, 17:00etatik 19:30etara udaletxeko behe solairuan ere egiteko aukera egongo da.
Andoaingo udaleko webgunetik ere eskuratu ahal izango da alegazio orria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!