"Boluntario gehiago behar ditugu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 10a, 02:00

Atzegi Xperience lemaren bitartez, boluntarioek bizipen ahaztezinak izaten dituztela eman nahi dute aditzera. Bide batez, arlo horretan aritzen diren lagunen ahalegina goraipatu nahi dute. “Musutruk, hainbat esparrutan laguntzen duten pertsona asko dago”, Buruntzaldeko ordezkariek aditzera eman dutenez.

“Esperientzia paregabea”
Boladan daude bidaia-kutxak. Opari gisa, arrakasta handia dute. Atzegi Xperience lema, hortaz, opari-kutxa horiekin aldera daiteke. Adimen urritasuna duten lagunekin aritzen diren boluntarioentzat, esperientzia ahaztezina dela adierazi nahi dute horrela.
Zeregin horretan, laguntzeko modu asko dago. “Puntualki  kolaboratuz, aldizka, zaletasunen bat partekatuz, ekimenetan parte hartuz, oporretara joanez… Kolore guztietako esperientziak daude eta, zarena zarela, badago zuretzat egokia izan daitekeen esperientzia”, Atzegiko kideek prentsaurreko bidez adierazi zutenez.

Gizarteratzean lagundu
Atzegik, batetik, boluntario berriak batu nahi ditu. Eta bestetik, jada horretan ari direnei eskerrak eman nahi dizkie: “Adimen urritasuna duten pertsonen bizitzan boluntarioek duten garrantzia azpimarratu nahi dugu. Hauei esker, adimen desgaitasuna duten pertsonek beren aisialdiaz gehiago gozatu, gizartean aktiboki parte hartu edo lagun hurkoari zabaltzeko aukera dute. Horrek guztiak hobetzen du, azken batean, euren gizarteratzea”.

Boluntario egiteko zer egin?
‘Atzegi Xperience’ goiburuaren bitartez, lau eskaintza ezberdin proposatu dituzte: Bizipoza, Irteerak, Ongizatea eta Bidelagun. Boluntario gisa aritzeko, Atzegik eskaintzen dituen aukera ezberdinak dira horiek.
Boluntario moduan aritu nahi duena, Atzegirekin jar daiteke harremanetan: 943 42 39 42.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!