Guztiz gela eraberritua, 2 eta 3 urteko umeentzat Txerminen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 10a, 02:00

Zubimusu Ikastolak lehenengo obrak Zizurkilko eraikinean burutu zituen bertako espazioak martxan jarritako hezkuntza sistemara egokitzeko. Orain, Txerminen gauza bera egin da. Udako oporraldia aprobetxatu da gelak berritzeko, eraldaketa berritzaileari bide emanez:

Bi eta hiru urteko haurrek guztiz eraberritutako espazioak edo gelak estreinatu dituzte, irekiak, zabalak eta argiak, kuriositatea, sormena eta sozializazioa askatzeko diseinatutako guneak, alegia. Helburua da txikiak eurengan konfiantza sentitzea, horrek nabarmen laguntzen duelako haurren ikaskuntza prozesuan. Hormak ez dira kapritxoz eraisten, txoko bakoitzak bere zergatia du, erabiltzen diren  materialak edo argiztapenak duen moduan. Bilatzen dena da umea etxean bezala sentitzea, eskola etxearen jarraipen bihurtuz, umearen behar guztiak, afektua kasu, asetzeko.

Abiapuntua da ikustea espazioa oinarrizko elementua dela irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan. Horregatik Zubimusu Ikastolako irakaslegoak formakuntza sendoa jaso du espazioak nola egituratu eta diseinatu aztertzen ikasteko, betiere, hezkuntza proiektuaren zerbitzura jarriz guneak. Zubimusuren kasuan, Konfiantzaren Pedagogiaren zerbitzura. Xehetasun guztiak ondo pentsatuta daude txoko guztietan eta hausnarketa bati erantzuten die, inguru guztiak umeen autonomia estimulatzera orientatuz.

Txerminen Haur Hezkuntzako 2 eta 3 urtekoen gela guztiak berritu dira. Adin talde bakoitzak espazio propioa izan arren, elkarrekin komunikatuta daude interakzioa eta elkarbizitza sustatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!