Bigarren diskoa kaleratu berri duzu. Nolakoa izan da ontze prozesua?
2014an argitaratu genuen lehen diskoa, Orbainak izenburupean. Ordurako, beste zenbait kantu ere sortuak nituen. Pixkanaka, gaiak sortu ahala, kantu gehiago egiten joan naiz ondoren, disko berria osatu arte. Hiru urteko prozesua izan da, luzea eta lasaia. Normalean kantuen melodia lantzen dut lehendabizi eta gero hitzak jartzen dizkiot melodia horri. Asko gustatzen zait kantuak ondo lantzea eta kanpoko ikuspuntu bat izateak ere asko laguntzen dit. Hitzak amaitzen ditudanean, esaterako, diskoaren diseinua egin duen Aner Hernandezi bidaltzen dizkiot. Oso ondo idazten du eta asko gustatzen zait bere iritzia entzun eta kontuan hartzea. Azken errepasoa, berriz, aitak egiten du. Zuzentasuna zaintzen laguntzen dit aitak.
Grabaketa lanak, berriz, urtarrilean hasi genituen eta abuztuan amaitu. Adunan bertan egin dugu grabaketa, Sonola etxean atondu dudan estudioan. Lasaitasunez eta mimoz egin dugu grabaketa lan hori, ahalik eta emaitzarik txukunena lortu nahian. Azkenean, gustura geratu gara emaitzarekin. “Geldialdi bakoitzean” izenburupean atera berria da diskoa.
Lehen diskoarekin alderatuz gero, oso ezberdina al da bigarren hau?
Hamahiru kantu biltzen ditu eta baditu ezberdintasun batzuk, bai. Aurreko diskoa intimoagoa dela esango nuke, hau berriz indartsuagoa da. Teklatua sartu dugu kantu guztietan eta aurreko diskoak baino estilo aldaketa gehiago ere du. Bakarka osatu nuen lehendabiziko lana, taldea sortzeko proiektua oraindik hasteko zegoelako. Orain berriz, taldelanean borobildu ditugu kantuak. Horrez gain, urteak aurrera, bizimodua ere aldatuz doa, eta horrek ere badu zerikusia gaiak lantzeko garaian.
Bestalde, taldean egindako lana dela ere antzematen dela esango nuke. Kantuak nik sortutakoak badira ere, denen artean landu ditugu, buelta asko eman dizkiegu. Babesa ematen du taldean lan egiteak, baina zailtasunak ere baditu. Izan ere, taldekide bakoitza ekimen ezberdin askotan murgilduta dabil, eta ez da erraza guztion lan ordutegiak bateratzea. Zaila egiten zaigu kantuak ondo lantzeko denbora ateratzea, eta luzatu egin zaigu pixka bat prozesua.
Grabaketa prozesua Adunan bertan egin duzue, Sonola etxean. Kontaiguzu…
2009an Estatu Batuetara joan nintzen, Los Angelesera, soinu teknikari ikasketak egitera. Garbi neukan grabaketa estudio bat jarri nahi nuela, bereziki nire lanak bertan grabatu ahal izateko. Ikasketak amaituta, pixkanaka hasi nintzen estudiorako gauzak erosten eta moldatzen. Oso garestia da, eta prozesu luzea da estudioa nahi bezala jartzea, baina lortu nuen. Horrez gain, zuzenekoetan teknikari lanetan egiten ere aritzen naiz.
Lanerako askatasun handia ematen du grabaketa estudioa etxean izateak. Presarik gabe aritu zaitezke. Grabatu duzunak ez bazaitu guztiz betetzen, nahi adina aldiz errepika dezakezu, ez duzulako denbora mugarik. Entseguak ere bertan egiten ditugu, eta tarteka, saioak grabatzen ditugu, gero entzun ahal izateko. Asko ikasten da modu horretan.
Bestalde, lan karga handia handia hartzea ere suposatu dit niri eta momenturen batean estu samar ere ibili izan naiz, baina abantaila asko ditu norberaren estudioan aritzeak.
Beste musika taldeen grabaketak ere egiten al dituzue zure estudioan?
‘Sin mala intención’ taldearen diskoa grabatu genuen, baina momentuz ez dut arlo hori gehiegi jorratu. Tarteka ateratzen dira grabaketa txikiak eta gustura egiten ditut, baina ez dut promozio handiegirik egin. Nire proiektuetarako erabiltzen dut, batez ere, estudioa.
Eszenatoki ezberdinetan ibili zara lehen diskoa atera zenuenetik. Nolakoa izan da bide hori?
Batetik bestera ibili gara, bai, baina ez da erraza egutegia lotzea. Katapulta ekimenean sartu gintuzten eta horrek aukera batzuk eman dizkigu. Musikari hasiberriei zuzendutako plataforma da Katapulta, Foru Aldundiak lagundua, eta aurten hiru kontzertu lotu dizkigute. Laguntza handia ematen du horrek. Izan ere, management lana, ez da batere erraza. Ate asko jo behar da kontzertuak lotu ahal izateko.
Jaialdi ezberdinetan aritzeko aukera ere izan dugu urte hauetan. Aukeran, nahiago izaten dut agertoki txikiago batean aritu. Jende gutxiago izanagatik, hurbilago izaten dituzu entzuleak, eta adiago egoten dira. Nolanahi ere, jaialdietan ere gustura aritu izan gara; esperientzia bezala, politak dira.
‘Geldialdi bakoitzean’ du izenburu disko berriak, nondik dator izenburua?
Kantu baten izenburua jarri diogu diskoari berari ere. Kantu bakoitza gogoeta batean oinarrituta dago eta horrekin otuta, izenburu hori ongi zetorkiola pentsatu genuen.
Diskoa aurkeztuta, kontzertuen garaia iritsiko da. Nondik nora ibiliko zarete?
Zuzeneko horiek ongi prestatzeko lanean ari gara orain, buru-belarri. Gogotsu gaude kantu berriak jendaurrean aurkezteko. Urriaren 13an egingo dugu lehen kontzertua, Tolosako Bonberenean. Xabi San Sebastian musikaria ere igoko da eszenatokira, berak ere diskoa atera berri du. Urriaren 20an Irungo Urdanibia plazan arituko gara, MekFest jaialdiaren barnean. Astebete geroago, urriaren 27an, Tabakaleran izango gara. Kontzertu polita izango da hori ere. Diskoan parte hartu duten artista gonbidatuak bertan izango dira eta indar berezia izango du. Azaroaren 3an eskualdean bertan aritzeko aukera izango dugu eta horrek ilusio berezia eragiten dit. Amasa-Villabonako Gurea aretoan eskainiko dugu kontzertua. Hemen inguruan jotzeko aukera askorik ez dut izaten, eta oso pozik nago. Xarma berezia du niretzat Gurea aretoak. Bertan igo nintzen lehen aldiz taula gainera 15 bat urte nituela. Gitarra ikasten ari nintzen eta lagun batzuekin aritu nintzen abesten, ikasturte amaierako ekitaldi batean. Egun hartan zerbait piztu zen, eta oso berezia da niretzat.
Nolakoak izaten dira zure zuzenekoak?
Zuzenekoak ondo zaintzea gustatzen zait, eta diskoarekin ahalik eta fidelenak izaten. Batzuetan, moldaketa txikiak egiten dizkiegu kantuei, borobiltzeko asmotan, baina ez dira aldaketa aipagarriak izaten. Kantuen amaierak luzatu, edota hasierak moldatzen ditugu, kantuen harteko trantsizioak egoki egiteko, baina kantuaren egitura errespetatu egiten dugu.
Gainerakoan, kontzertuetan ez dut asko hitz egiteko ohiturarik. Egoeraren araberakoa ere izaten da hori, baina ez dut kantuen inguruko azalpen zabalik ematen. Beharbada jendeak eskertuko luke, baina kosta egiten zait jendaurrean hitz egitea, eta nahiago izaten dut musika bere horretan eskaini, azalpenetan luzatu gabe. Disko honetan, gainera, kantuen mezuak argiak direla esango nuke, azalpen askorik behar ez dutenak.
Musika munduan murgilduta zabiltza bete-betean. Noiz piztu zitzaizun zaletasuna?
Umetan txistua jotzen nuen, eta pianoa jotzen ere ikasi nuen. Benetako zaletasun, ordea, eskolan piztu zitzaidan. Erniobea institutuan, musikako irakasleak betiko txirulak alde batera utzi, eta gitarra jotzeko aukera eman zigun. Gustua hartu nion, eta gitarra ikasteari ekin nion. Hortxe hasi nintzen buru-belarri musikan sartzen. Loatzo musika eskolan aritu nintzen lehendabizi, eta Donostian geroago.