1936-1945eko urnietarren oroimen historikoa aztergai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 9a, 02:00

Urnietan 1936-1945eko epealdian zer gertatu zuen ikertzeko eta zabaltzeko kontratua sinatu dute Urnietako Udalak eta Aranzadi elkarteak. Gaur aurkeztu dituzte elkarlanaren nondik norakoak.

Aurkezpenean izan dira Mikel Pagola alkatea, David Rosco (EAJ), Mikel Izagirre 8EH Bildu) eta Consuelo Frutos (PSE-EE) udal ordezakriak, Marijo Henriques udal artxibaria eta Eneko Sanz eta Javi Buces Aranzadiko historialariak.

Mikel Pagola alkatearen hitzetan, “Udalak bere erantzukizuna dauka memoria historikoari lotutako bizikidetzaren alorrean, eta argi dauka merezi duela ahalegin berezi bat egitea Urnietako guztion arbasoen memoria bizirik mantentzeko. Ahal ditugun urratsak emateko prest gaude, eta atzera begiratuz gure arbasoekin daukagun zorra ahal den neurrian kitatzeko”.

Lan fase ezberdinetan garatuko da Aranzadi elkartearekin sinatu den komenioa. Hasiera batean, artxiboetako datuak eta testigantza pertsonalak biltzea izango da helburu nagusia; horretarako, memoriaren bulegoa irekiko da eta gaia herrian zabaltzeko asmoz bi hitzaldi antolatu dira, urrian eta azaroan zehar.

Liburu baten argitalpenarekin amaituko da egitasmo guztia.

Javi Buces Aranzadiko historialariak zehaztu zuen zertan oinarrituko den aurrera eramango duten ikerketa. “1936tik 1945era gertatu zena ikertuko dugu, batez ere protagonistak izan zirenen historia nahi dugu hurrengo hilabetetan. Bulegoaren bitartez, herritarrek informazioa eskatu eta eman ahal izango dute. Berebizikoa izango da herritarren laguntza. Zergatik? Dena ez dagoelako artxiboetan. Gainera, gure lana zientifikoa izan arren ez dugu tesi doktorala egin nahi, baizik eta Urnietaren oroimen historikoa berreskuratzea liburu dibulgatibo baten bitartez, eta horretarako ikusten dugu nahitaezkoa herritarren partaidetza egitasmo honetan”.

 

Udal artxiboa

Urnietako artxiboak bereziko garrantzia edukiko du egitasmo honetan, eta bertako arduradun den Marijo Henriques azaldu zuen zertan izango den lagungarri.

“Artxiboan dokumentazio dexente daukagu zorionez, eta aurten dagoeneko egin dugun bilketa lanean 400 espediente baino gehiago topatu ditugu aro historiko horrekin loturik. Hala ere, ez da ahaztu behar erregimen frankistak sortutako dokumentazioa dela hori dena. Esate batera, gerra-frontean hildako herritarrei buruzko informazioa badago, baina dena bando frankistari dagokiona da. Gauzak horrela, garrantzia handia dauka bulego bat irekitzeak, artxiboko fondoan ez dagoen errepresioari buruzko dokumentazioa edo ahozko testigantzak jaso ahalgo direlako”.

 

Oroimenaren bulegoa

Herritar guztientzat egongo da irekia bulegoa. Bertan, urnietarrek informazioa eskatu ahal izango dute 1936-1945 epean errepresaliak jasan zituzten senideei edo pertsonei buruz; halaber, informazioa eman ere ahal izango dute herritarrek.  

Urriaren 13tik azaroaren 3 bitarte egongo da irekita, honako ordutegiarekin: 10:00etatik 14:00ak arte eta º16:00etatik 19:00ak arte. Bulegoaren arduradunekin harremanetan jartzeko: 943466142 telefonoa, edota, esanz@aranzadi.eus.

Mikel Pagolak mezu jakin bat helarazi nahi izan zien Urnietako herritarrei: “Hitzegiteko borondatea erakusten duten herritarrei gonbitea egiten diegu Aranzadiko historialariekin bulegoan bildu daitezen”.

 

Bi hitzaldi

Bulegoa irekitzearekin batera, bi hitzaldi antolatu dira, Lekaio kultur etxean. Eneko Sanzek adierazi zuenez, “1936ko Gerra Zibila aipatu, eta fronteak, bonbardaketak… etortzen zaizkigu burura. Baina horiek baino gehiago, txanpon beraren bi arpegi latz diren zenbait ondorio aztertuko dira. Hain zuzen Urnietako herritarrei zer gertatu zitzaien landuko dute bi hitzaldiek”.

Hona bi hitzaldiei buruzko xehetasunak:

- Urriaren 20an, “Erbestea”. Oscar Alvarez.

-Urriaren 27an, “Errepresioa”. Eneko Sanz.

Lekaio kultur etxean izango dira biak, 19:00etatik aurrera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!