Ikusgarria eta emozioz beterikoa gertatu zen indar neurketa ia proba guztian, baina azkenean, Euskal Herriko txapeldun den Gabilondoren eskarmentuak desorekatu egin zuen norgehiagoka. Herri kirol zale ugari bildu zen Xoxokako lur sailera, eta gustura jarraitu zituen lau segalarien ahaleginak.
Apustua bikatu ostean, gaztetxoek heldu zioten segari eta erakustaldi polita egin zuten, agerian utziz segaren modalitateak baduela etorkizuna. Tartean izan zen Urnietako Oier Goenaga; lanean ederki moldatzen dela frogatu ahal izan zuten zaleek Xoxokako zelaian.
Bertsolarien saio laburra
Goizeko 11:00etan hasita Xoxokako eskolan azko adinduek egin zuten egin zuten hamaiketakoan kantatzetik zetozen Haritz Mujika eta Mikel Artola, eta pare bat bertso botatzeko beta hartu zuten sega apustua bukatu bezain pronto.
Mikel Artola:
Sega kontuan ingurukoek
badute hainbat teori.
Haseran fuerte jotzen badute
amaierarako erori.
Izerdi patsez goiza pasata
bada hainbat kategori.
Zorionak bi irabazleei
eta eskerrak lauori.
Haritz Mujika:
Gaurko honetan nahiz eta etzen
txapelketa eta txapela,
lau gazte hauek emana dute
behar adinako nibela.
Bi nagusi eta beste bik galdu
lehia denetan bezala.
Lan mundiala egin dezute
eta bejondeizuela.
Mikel Artola:
Goizean goiztar sega hartuta
Xoxoka aldean gogor,
saiatu gabe ez da geratu
lantegi honetan inor.
Orain gazteak hastera doaz
denak ahal bezain jator.
Ikusten dezagun zer gertatzen den
etorkizuna hor dator.
Haritz Mujika:
Nahiz ta gaur egun gutxik horretan
pasatzen duen eguna.
Ta ematen dunez datorren hura
izan nahikoa iluna.
Jarraian ere omen da hemen
gazte batzuen jarduna.
Xoxoka aldean herri kirolek
badute etorkizuna.