Mendi Film Festibalak hamar urte beteko dituen honetan, Mendi Film Festibaleko antolatzaileek sortutako Mendi Tour ekimena Urnietan izango da urriaren 20an, herriko Udalarekin elkarlanean. Hitzordua Saroben izanen da, iluntzeko 19:00etan hasita. Sarrera doakoa da, eta guztira, hiru pelikula ikusi ahal izango dituzte bertaratzen direnek.
Aitor Elduaien Mendi Film-eko komunikazio arduradunak egingo ditu atariko lanak, pelikulen nondik norakoen xehetasunak eman, eta Mendi Tour ekimenarekin egiten duten lana azaltzeko. Mendi Film duela hamar urte sortu zela gogoratzen du: "Lehen lau urteak Gasteizen, eta azken seirak Bilbon, guztiak abenduan". Bertan erakusten ziren pelikulak, Euskal Herrian barrena erakusteko ekimena duela zortzi urte hasi zen: "Tolosan, eta orduz geroztik Euskal Herri osoan aritu gara urtero pelikula onenen sariak irabazi dituztenak erakusten". Urte honetan 38 herritan arituko dira Euskal Herrian barrena, eta bertatik kanpo ere geroz eta sarriago: Burgos, Potes, Valentzia, Madril, Aran bailara, Luz Saint-Sauveur Frantzian...
Denetan harrera bikaina egin omen diete. Zergatia, honatx: "Aurren-aurrena, etxetik bertatik bertara zirkuitu komertzialetan tokirik ez duten pelikula onak ikus ditzakezula. Alegia, edo Mendi Tour ekimenaren bidez ikusten dituzu, edo ez dituzu ikusten. Bigarren arrazoia, pelikulak kranpoiak eta pioletak baino askoz gauza gehiago erakusten dituztela, gero eta kalitate hobea dute. Euskal Herrian mendi zaletasun latza dago, baina kultur eta zinema kontsumitzaile ere bagara". Pelikulen kalitateak ere, noski, zerikusi zuzena du harrera on horretan: "Aintzat hartu behar da Mendi Film Festibala primerako erakusleiho bilakatu dela mendi zinema egiten duten eta diru asko inbertitzen duten proiektu eta ekoiztetxe aberatsentzat... Mendi zinemak jauzi kualitatibo ikaragarria eman du azken urteetan".
Hiru pelikula ikusgai
Mendi Tourrak hiru pelikula eskainiko ditu Urnietan. Hirurak bertsio originalean eskainiko dira, azpi idatziekin (erdaraz eta euskaraz). 'Annapurna III - Unclimbed' da lehen pelikula, 12 minutukoa (Austria). David Lama, Hansjorg Auer eta Alex Blumel alpinistek Annapurna III-ko hegoekialdeko ertzean, Nepalen egin zuten ahalegina du hizpide. Annapurna III egun alpinismoak daukan erronka handienetakoa da, eta alpinistek bertan jasan zuten nekea, antsietatea eta kalbarioa ditu ardatz.
Bigarren pelikula ere laburra da, AEBetakoa: 'Boys in the bugs', Eskaladako Film onenaren sariaren irabazlea izan zen iazko Mendi Film festibalean (18 minutu). Matt Segal eta Will Stanhope dira protagonistak. Hamarkada oso bat munduko arrakala zailenak eskalatzen aritu ondoren, Bugaboo mendietara joko dute mailaz kanpoko arrakala bat eskalatzeko, Kanadako British Columbia eskualdera. Han arrakala estuak topatuko dituzte, hatz puntak baino sartzen ez diren arrakalak. Haien bizitzak aldatuko dituen urteetako bilaketa epikoaren abiapuntua da kontakizuna.
Hirugarren pelikula Pavol Barabas eslovakiarraren 'Sloboda Pod Nakladom' filma da (Freedom under load, ingelesez). 2016ko ekitaldiko sari nagusia jaso zuen pelikula honek. 58 minutuko iraupena du, eta Tatras mendikateko zamaketarien azken belaunaldiaren jarduna du ardatz. Zergatik hautatu duten bizimodu hori, zergatik jarraitzen duten Europako azken mohikanoak izaten.