Hambre antzezlana, herriko sukaldariek goxatuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 6a, 02:00

Asteburu honetan ekingo zaio ikasturte berriko kultur programazioari Villabonan. Besteak beste, sona handia hartu duen Hambre antzezlana eskainiko da gaur gauean,– urriak 6–, Aljibean. Bakarrizketa eta zuzeneko musika saioa uztartuko ditu antzezlanak eta gastronomia arloa, Javi Rivero eta Eneko Amondarain sukaldari billabonatarrek landuko dute.

Antzerkiak, musikak eta gastronomiak bat egiten dute La Líquida antzerki konpainiaren Hambre antzezlanean. Umorez betetako bidaia atsegina da, “arimaren elikagai bakarra barrea dela eta salba gaitzakeen gauza bakarra kultura dela baieztatzen duena”. Iazko maiatzean antzerki talde berak Oh Vino antzezlan arrakastatsua eskaini zuen Villabonako Aljibean eta antolatzaileak ziur dira, “ikuskizun hura dastatzeko aukera izan zutenek, seguru ez dutela oraingo hau galduko”. Gaur, ostiral iluntzean, David Garcia-Intriago aktorea, Maria Prado biolontxelo-jotzailearekin batera arituko da, baina herriko bertako laguntzaileak arduratuko dira antzezlanari alderdi gastronomikoa gehitzeaz. Hain zuzen ere, Javi Ribero eta Eneko Amondarain Basque Cullinary Center eskolan ikasitako sukaldari gazteen ardura izango baita Aljibera bertaratzen diren ikus-entzuleen sabelak goxatzea.

Javi Ribero:
“Guztiz esperientzia berria izango da guretzat”

Nolatan sortu zaizue Hambre antzezlanean sukalde lanetan aritzeko aukera?
David Garcia-Intriago antzezlanaren zuzendari eta aktoreak obra Villabonara ekartzeko sukaldarien parte hartzea eskatu zion Joxean Cubero kultur teknikariari eta gugana jo zuen Joxeanek. Gogoz hartu genuen proposamena, ekimen ezberdinetan parte hartzeko prestatu baikinen eta asko dibertzitzen gaitu gastronomiaz kanpoko diziplinekin elkarlanean aritzeak.

Aurrez antzezlanen batean parte hartzea egokitu al zaizue?
Ez, antzezlanean zuzenean parte hartuko dugun lehen aldia izango da, guztiz esperientzia berria guretzat. Duela bi hilabetez geroztik eskuartean dugu gidoia eta David Garcia-Intriago aktorearekin harremanetan gaude hasieratik. Oso ondo moldatu gara. Urriaren 6an Villabonako Aljibean arituko gara eta 8an, Urnietako Sarobe antzokian. Saio ezberdina izango da. Halaxe definitzen du zuzendariak berak. Aktorearen bakarrizketa girotuz, biolontxelo-jotzailea arituko da zuzenean. Guretzat hain eskaintza berria izanda, urduritasun pixka bat sentitzen dugu, ez baitugu hutsik egin nahi.

Zein izango da zuen eginbeharra zehazki?
Erdi Arotik abiatuta, egungo garai politikoa umorez lantzen du aktoreak antzezlanean eta ‘Olla podrida’ aipatzen duenean, antzina dirudunek jaten zuten gisatu hura jarriko diegu guk ikus-entzuleei mahai gainean, dasta dezaten. Sarreran ere pikatzeko zer edo zer eskainiko diegu, Hambre izenburuarekin jokoa eginez, goserik izan ez dezaten. Janariaz gain, ardoa eta ura ere banatuko dugu.

Une hauetan, zein beste ekimen duzue eskuartean?
Egunerokoan, Eneko Zarauzko eta ni  Zumaiako janari prestatuen enpresa banatan aritzen gara lanean goizez, ikerketa eta garapen sailean batez ere. Horrez gain, sukaldari pribatu gisa ere aritzen gara, banaka nahiz elkarrekin, ebentu ezberdinak zerbitzatzen. Sukaldaritzarekin lotutako ikastaroak ere eskaintzen ditugu han eta hemen. Bestalde, Altzoko txabola batean eta Baliarraingo baserri batean bisitariei bazkari pribatuak eskaintzeko proiektua darabilt orain eskuartean.

PUPU ETA LORE, IGANDEAN GUREAN
Hambre antzezlanarekin batera, haur eta gaztetxoei zuzendutako Pupu eta Loreren ‘Haizearen herrira’ ikuskizuna ere eskainiko da urriaren 8an Gurea antzokian, 17:00etan. Aurrez sarrerak eskuratu ez dituenak, igandean bertan erosi ahal izango ditu. Arratsaldeko 16:00etan zabalduko da Gureako leihatila. Sarrera: 6 euro.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!