Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan?

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 6a, 02:00

“Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan?”, horixe da Andoain Esan taldeak “Galdeketa Fest” jaialdian herritarrei aurkeztu zieten galdera. Irailaren 23an asanbladan adostu zuten, eta astebetera jendaurrean aurkeztu zuten. Ekitaldi horretan bertan hasiera eman zioten kanpainari. Musika nagusitu zen ekitaldian, Kataluniatik albiste ugari iristen ari ziren bitartean.

Joan zen igandean Katalunian erreferenduma istilu artean igarotzen ari zen, Espainiako indar armatuen eraginez. Eguerdiko hamabietan Andoain Esan herri ekimenak “Galdeketa Fest” antolatu zuen, ororen gainetik, datorren azaroaren 5eko galdeketaren aldeko kanpainari hasiera emateko. Ekitaldian bertan herritar bat baino gehiago eskuko telefonoari begira zegoen, Katalunian zer gertatzen ari zen irakurriz. Katalunian bezala, Andoainek ere erabakitze eskubidearen alde egin nahi du. 
Adostutako galdera aurkezteaz gain, datorren azaroaren 5ean, botoa herriko hiru toki ezberdinetan eman ahal izango dela aurreratu zuten. Horrez gain, aurreko egunetan aldez aurretik bozka emateko aukera ere izango da.
Ekitaldia jendetsua izan zen, eta bertan L’estaca edota Gure Esku Dago kantuak entzun ahal izan ziren. Musikarekin, dantzarekin eta hamaiketakoarekin ospakizun ukitua eman zioten ekitaldiari. Hilabete eskas geratzen da herri galdeketa burutzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!