Andoaingo ondarea ezagutzeko ibilaldia, igande honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 5a, 02:00

Andoaingo Udalak, Larramendi Kultur Bazkunaren laguntzaz, bisita gidatua antolatu du igande honetarako. Jardunaldia Gipuzkoako Diputazioak Ondarearen Europako Jardunaldien baitan kokatu dute. Baserri giroko paisaiatik hirigintza berrira emandako urratsak aztergai izango dira, goiz osoko ibilbidean.

Ibiltariak goizeko 09:30ean abiatuko dira Buruntzako San Martin aztarnategitik, Serorategi eta Elizaldi Txiki etxeen ondoan dagoena; Gaztañaga sagardotegia baino zertxobait goraxeago, eta Santa Krutz elizan amaituko da bidea. Ibilbidean zehar honako tokiak nabarmenduko dituzte: Andoaingo elizaren aztarnategia, Goikoplaza eta udaletxearen sorrera, Kale Nagusiko Enekorena etxea edota Santa Krutz eliza.

Geldiunetan, Larramendi Bazkuneko bazkide bolondresek adierazpenak eskainiko dituzte. Jardunaldian parte hartzeko Basteron izena ematea ezinbestekoa da.
Behar duten pertsonentzat autobus zerbitzua jarriko dute Goikoplazatik aztarnategira, eta bertatik Goikoplazara. Gainontzeko bidea oinez egingo dute, bukaera arte. Izena emateko epea urriaren 5ean amaituko da, ostegunarekin.
Antolatzaileek oinetako erosoa eramatea aholkatu dute: “Eguraldiaren aurrikuspenak onak dira eta ibilbidea asfaltatuta dagoen arren, oinetako erosoa eramatea gomendatzen da, luzea delako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!