Tamaina oneko saioa eskaini zuen Beñat Iguaranek Seguran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 3a, 02:00

Eroso aritzera eta gozatzera zihoala adierazita zeukan aurrez Beñat Iguaranek, eta konforme geratu zen egindako lanarekin, hirugarren geratu ostean.

Orain arte jokatu diren Segurako eta beste kanporaketetako bertso saioak, ikusgai daude Bertsozaleen Elkartearen bertsoa.eus weg gunean.

[Bideoak]

Beñat Iguaran amasa-villabonatarrak Felix Zubia, Ander "Itturri", Nerea Elustondo, Jon Martin eta Unai Gaztelumendirekin batera kantatu zuen Seguran joan den larunbatean, final laurdeneko saioetako batean.

Beñat berria da Euskal Herrikoa bertsolari txapelketan, eta adierazia zeukan aspirazio handirik gabe zihoala. Hasierako agurreko bertsoan, garbi adierazi zion publikoari zein zen bere asmoa, umore finez gainezka: alegia, desio bakarra zeukala, bere buruak Segurako barraskiloak baino azkarrago funtziona zezan. Egia esanda, tamaina politean aritu zen ariketa guzti-guztietan.

Lehenbiziko ariketan, Oier Suarez gai jartzaileak Beñat eta Jon Martin biak jarri zituen lanean, zortziko handian, astebururo bizikletan ibiltzera irteten diren bi txirrindularien rolean. Aurreko asteburuan txirrindulari bat harrapatu zuten bihurgunetik pasa berri zirela gaineratu zien. Bikoteak Segurako saiorik biribilena osatu zuen ziurrenik, sei bertsoko saioa arrazoiez betetakoa. Gogoeta zale gisa agertu zen Martin, pragmatikoagoa Beñat. “Zeinen agudo ximeltzen diren / loreak eta oroimena” kantatuz amaitu zuen lehen bertsoa Martinek. Eta Beñatek, hona nola eman zion errematea, azken bertsoan: “Guk gure martxan jarraitzea da / omenaldirik onena”.

Gaia emanda zortziko txikian egin beharreko ariketan Unai Gaztelumendirekin kantatu behar izan zuen Beñatek. Aireportuko zintaren ondoan maletaren zain zeuden bi ezezagun ziren bi bertsolariak. Halako batean, Unai, Beñaten maleta hartu eta badoa. Egia esatera, nola edo hala jardun zuten batak zein besteak, eta bertso emaria ez zen distiratsuena izan Segurako saioan.

Banaka lanean jarri zituzten sei bertsolariak, hurrengo ariketan; zortziko txikian, puntu-erantzunean. Beñatek, diruarekin eta boterearekin lotutako hiru puntuei egin behar izan zien aurre eta nahiko airoso irten zen guztietatik. Hona lehenbiziko puntua: “Dirua boterea / elkarri lotuta…” eta hara Beñaten erantzuna: “Hori horrela dela / ez nago aztuta / Joan gaitezke kalera / pankartak hartuta / oraingoz beste gauzik / gukin ez degu ta”.

Hamarreko txikian binaka egin beharreko bertsoaldian, Beñatek Felix Zubia izan zuen bide lagun. Hona Suarezek jarritako gaia:  “Lagunak zarate Biok duzue diabetesa eta ezin duzue gozorik jan. Felix, izozki denda batean aurretik pasatu zaretenean, Beñatek barrura sartzea proposatu dizu”. Felix zuhurraren paperean jardun zuen, eta Beñatek muzin egin nahi zion zaintzeko neurriak hartzeari. Hara nolako tankeran mintzatu zitzaion Felixi: “Beti gaude begira / gaixotasunera / Hogei urtekin hola / Noiz biziko gera?”.

 

Kartzelako gaian, goren mailan

Kartzelako gaia heldu zen final laurdeneko saioaren amaierara. Ahotan hartu beharreko gaia, nahiko irekia utzi zitzaien bertsolariei: “Prentsaurrekoan zaude, eta azken galderari erantzun gabe altxa eta aldegin duzu”. Nork bere rolari heldu zion: futboleko entrenatzailea (Unai Gaztelumendi), futbol jokalaria (Nerea Elustondo), bertsolaria (Jon Martin), Katalunia (Felix Zubia eta Ander Fuentes "Itturri"), eta Mikel Goñi pilotari ohia (Beñat Iguaran). Argudioen aldetik Bikain josi zituen Iguaranek hiru bertsoak, ironia erabiliz eta bere buruaren parodia eginez. Publikoaren barre eta txalo beroak eragin zituen horrexegatik.

 

Konforme erakutsitako mailarekin

Beñat Iguaran hirugarren geratu zen sailkapenean, epaimahaiaren irizpideen arabera: 1. Jon Martin, 673,5 puntu. 2. Nerea Elustondo, 665,5 puntu. 3. Beñat Iguaran 655,5 puntu. 4. Ander Fuentes "Itturri", 629,5 puntu. 5. Unai Gaztelumendi, 620 puntu. 6. Felix Zubia, 594 puntu.

Asebeteta agertu zen Beñat, saioa amaitu bezain pronto. “Gustura geratu naiz orokorrean. Bihotza azkar zihoan; burua, berriz, urduri, baina martxa egokian joan dela iruditzen zait, nahiz eta publikoak esan beharko duen hala izan den ala ez. Euskal Herriko txapelketan erdi ezustekoa emanez sartu nintzen, eta maila polita eman dudalakoan nago, etorri aurretik sinatzeko modukoa. Zer edo zer bagara, eta konforme!”. Bertsolariak beren buruarekin epaile nahiko gogorrak izan ohi dira, Beñat ez da salbuespen: “Puntu-erantzunean pixka bat jaitsi egin naiz, eta bakarkako bigarren bertsoak ere ihes egin dit”.

Kartzelako gaia kantatzeko orduan seigarren, eta beraz, azkena izatea egokitu zitzaion Iguarani. Bertsolariek halakoetan izaten duten buruhaustea eduki zuen Beñatek ere, aurrekoek hautatutako gaia ez errepikatzea alegia. “Katalunia edo Garitano entrenatzailea baten batek hartuko zituela ahotan pentsatu dut, eta aurreko asteetan guztion ahotan ibili den Mikel Goñi etorri zait burura. Bertso entzule gisa eskertzen dut bertsolariak originalak izaten saiatzea, eta hortik jo dut nik”.

Iguaran ez zen oso baikor azaldu 655,5 puntuak eskuratu ostean, finalerditarako txartela lortzeko moduan izango ote zen galdetuta. “jende oso ona dago tartean, eta koadernoa hartu eta zenbakiak egiten hasita, igual bost bat punturen faltan ibiliko naiz sailkatzeko”.

 

 

Beñat Iguaranek Seguran kantatu zituen bertsoak

 

* Binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko handian.

Jon Martin eta biak.

Gaia: “Astebururo irteten zarete bizikletaz ibiltzera. Joan den asteburuan txirrindulari bat harrapatu zuten bihurgunetik pasa berri zarete”.

Jon Martin:

Bihurgunetan bihurgunea

dagoen bihurriena.

Lore sorta bat gogoratzeko

pertsona baten azkena.

Nahiz egun hartan asko ipini

titularretan gorena,

zeinen agudo ximeltzen diren

loreak eta oroimena.

 

Beñat Iguaran:

Lenago ere egin ditugu

Honelako mila saio

loreak utzi atzean eta

esana diegu aio!

Hain poetiko ez zaitez jarri

oraingoan joan arraio!

Toki askotan gertatzen dira.

Istripua deitzen zaio.

 

Jon Martin:

Barkatu pixkat dramatizatu

egin bada nire hitza,

baina sentitzen dudan beldurra

ez da batere murritza.

Istripu deitzen diozu, baina

igual nastuta zabiltza.

Deskuido batek akabatzen du

pertsona baten bizitza!

 

Beñat Iguaran:

Tranpolinetik neronek ere

askotan egin det salto.

Mendira igo, irrista egin,

ai ene, zenbat zartako!

Istripu hoixe, istripua da

eta hola hartu beharko,

bestela askotan gure etxetik

ez ginake aterako.

 

Jon Martin:

Bulegoraino goiz iristera

bultzatzen gaitu enpresak.

Gure hobbyak azkarrak dira

eta desioak espresak.

Zenbat pertsona hiltzen dituen,

ezin iritxi estresak.

Presak jendea hiltzen du baina

gu beti besteren presak.

 

Beñat Iguaran:

Besteen presak presa bihurtu

hara hor zure izena.

Baina gu biok barruan degu

kirolariaren sena.

Larunbatean ohean egon

horixe litzake pena.

Guk gure martxan jarraitzea da

omenaldirik onena.

 

 

* Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

Unai Gaztelumendi eta biak.

Gaia: “Bi ezezagun zarete. Aireportuan, maletak jasotzeko zintaren ondoan. Nor bere maletaren zain. Beñat, halako batean Unai ikusi duzu zure maletarekin joaten, Atzetik hurbildu zatzaizkio”.

Beñat Iguaran:

Maleta hartu du-ta

atzetik jarraitu,

nere pausua ez da

askorik lasaitu.

“Bertan jatorrak dituk”

sarri nuen aditu.

Laguntzeko hotelak

bidali al zaitu?

 

Unai Gaztelumendi:

Maleta hartu eta

nahi nuen aldegin

Hotelak zer ikusik

ez dauka nerekin.

Aireportu honetan

zeudenik ez nekin

Bi maleta Lizason

pegatinarekin.

 

Beñat Iguaran:

Lizasonakin jarri

nahi nauzu nastuta.

Baino nik lapurreta

ez daukat ahaztuta.

Zer lortuko dezu ba

hori lapurtuta?

Bi galtza motz bakarrik

ekarri ditut ta.

 

Unai Gaztelumendi:

Lapurreta ez da hau

Gaurko kontu aparta

Orain ere bota dit

gezurra galanta,

maleta hartu eta

ez ote da marka.

Bi galtza edukitzeko

pisu asko dauka.

 

Beñat Iguaran:

Beraz pisuak egin

dizu enbarazu,

baino horren txulito

ez ipini, aizu.

Banku bat lapurtzera

joaten ba zera zu,

Pixka-pixkat hobeto

prestatu ezazu.

 

Unai Gaztelumendi:

Lapurretan arian

ni nabil elbarri.

Irribarrerik ezin

eginda elkarri.

Zure maleta hartu

ta bankura korri.

Hutsa eraman eta

beteta ekarri.

 

 

* Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian. Puntu-erantzuneko ariketan

Puntua:

Dirua boterea

elkarri lotuta…

 

Beñat Iguaran:

Hori horrela dela

ez nago aztuta.

Joan gaitezke kalera

pankartak hartuta

oraingoz beste gauzik

gukin ez degu ta.

 

 

Puntua:

Boterea lortzea

askoren desira…

 

Beñat Iguaran:

bano nekez gabiltza

behar dan neurrira,

hola ezin iritxi

oso urrutira.

Garai hobeagoak

helduko al dira!

 

 

Puntua:

Asko duenak ere

asko du galtzeko

 

Beñat Iguaran:

Zer pentsa ote dezu

hori esateko.

Batzuk zorretan dabiltz

larri edo seko.

Orain degu garaia

hori aldatzeko.

 

 

* Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.

Felix Zubia eta biak.

Gaia: “Lagunak zarete. Biok duzue diabetesa eta ezin duzue gozorik jan. Felix, izozki denda batean aurretik pasatu zaretenean Beñatek barrura sartzea proposatu dizu”.

 

Felix Zubia:

Diabetesak badu

nahiko enbarazu,

nork bere buruari

egin behar kasu

eta hartu behar da

nahiko konpromezu.

Izozki baten bila

hain gaizki zaude zu,

ospitalean gaixo

bukatuko dezu.

 

Beñat Iguaran:

Gaixo buka nezake

zure arabera,

hori ezezkoa da

itxuraz kolpera.

Beti azukriakin

gora eta bera.

Beti gaude begira

gaixotasunera.

Hogei urtekin hola,

noiz biziko gera?

 

Felix Iguaran:

Diabetesa zer den

badakizu zuk e.

Buru gainean bueltan

dauzkagu bi putre,

eta dieta degu

guztion arkupe.

Pixka bat kasu egitia

hobea zenuke,

edo ez dituzu hartuko

hirurogei urte.

 

Beñat Iguaran:

Belaxe pasa zera,

Felix, atakera

eta urteen kontua

berriro atera.

Beldurrak egotea

normala ote da?

Lasai, iritsiko naiz

laurogei urtera.

Beti nere onduan

egoten bazera.

 

Felix Zubia:

Besten gainean jarri

dezu zure zama

ta nik izan behar det

kontzientzian arma.

Barka, buka liteke

harreman xarma.

Ajolagabeziak

nekera narama,

barka zaidazu, baina

ez naiz zure ama.

 

Beñat Iguaran:

Errespetu gutxigo

diot nire amari.

Helatua jango det

ez naiz egongo zai.

Mingaina pasa diot

azkar izozkiai,

ta oraindik txuriago

ipintzen banaiz, ai!

ahoz ahokoa, Felix,

egidazu lasai.

 

 

* Bakarka. Gaia emanda, hiru bertso nahi den neurri eta doinuan.

Kartzelako gaia: “Prentsaurrekoan, azken galderari erantzun gabe altxa eta aldegin duzu”.

 

Artista nintzan txuriz jantzita

pelotari fuerte ematen.

Artista nintzan patxaran, katxi

bat minutuan edaten.

Artista nintzan arrastoaren

gaiñetik oker joaten.

Droga kontu bat dala medio

Ezagun berriro aurten.

Telebistetan irratietan

latzak ari dira esaten.

Behin deskuido bat izango eta,

ze fama jarri didaten (bis)

 

Zer egingo det pentsatu nahian

etxean lasai egona.

Prentsaurreko bat eman behar det

nahiz ta iruditu broma.

Ordua jarri, lekua jarri,

aurrean zenbat pertsona.

Neregatikan etorri dira

hemengo guztiak ona.

Histori dena kontatuko det

gizona baita gizona.

Eta ea hola garbitzen dedan

lehen nuen fama ona.

 

Asko dabiltza hartu nahiean

Mikel Goñiren mendeku.

Dena kontatu det ez baitaukat

askok adina sekretu.

Galdera asko erantzun ditut

ze une ta ze momentu.

Baino azkena entzun det eta

sutan barru denak lertu.

Mikel kartzela joango al haiz,

juxtu juxtuan ulertu.

Nik ez det horren erantzunik

epaileari galdetu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!