Xoxokako jaiak abian dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 2a, 02:00

Sanmielak eta Arrosarioko amaren eguna atzean utzi ostean, hemen ditugu Xoxokako jaiak, gaur hasi eta igandera bitarte.

[Argazkiak] [Bideoak]

Eguardian eman zaie hasiera. Jaialdi bikaina antolatu da plazan bertan, eguardi partean. Herri kiroletan, Telleria eta Mugertza anaiak elkarren aurka aritu dira harria jasotzen eta aizkoran. Tarteka, Elustondo anai-arreba trikitilariei eta Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariek ere ekin diote festa girotzeari.

Ondoren, bertso bazkaria heldu da, Adarra jatetxean. Bi bertsolariek auzotarrak ederki astindu dituzte umorea arma izanik, honi sartu ziria eta hari sartu ziria. Jendea barrezka jartzea lortu dute ugaritan.

Herri afariak eta elustondotarrekin dantzaldiak emango diote bukaera gaurko egunari. Biharkoan, 17:00etatik aurrera, idi-asto proba dago iragarrita: Joxe Mari Elolaren idiak Eneko Seinen astoen aurkako desafioa.

20:30etan, zahagi-ardoaren festa, eta honekin afaria. Segidan, 23:00ak aldera, sorpresa datorkigu, auzoko gazteek urtero prestatu ohi duten antzerki umoretsua, alegia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!