Oihana Iguaran amasarra irabazle, Leitzako saioan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 2a, 02:00

Atzo arratsaldean, urriak 1, Leitzako kiroldegian lehen postua eskuratuta, pozarren etxeratu zen Oihana Iguaran amasarra. Azaroaren 12ko finalaurrekoan jarria du begia dagoeneko. Saioaren kronika:

Argazkiak

Julio Soto, Agin Laburu, Oihana Bartra, Unai Agirre eta Iñaki Apaletegirekin batera abestu zuen atzo Oihana Iguaran amasarrak 1200 ikus-entzuleren aurrean, Leitzako kiroldegian. Lehen postua egokitu zitzaion zozketan Oihanari eta sarrerako bertsoak abestu ondorenean, Julio Sotorekin aritu zen zortziko handiko lehen ariketan. Tabernaz taberna euren salgaiak gainean hartuta dabiltzan kale-saltzaileen paperean jarri zituen Maider Ansa gai jartzaileak. Bi saltzaileak banku berean elkarren ondoan eserita zeudela, “niri motxila hustuta ere, ez zait zamarik arintzen” esan zion Oihanak Juliori. Hark, berriz, “nik ez dut gauza handirik saldu, zer moduz joan zaizu zuri” galdetu eta “hiru ordulaurden pasa dituzte, CD bat regateatzen” erantzun Oihanak. Iñaki Apalategirekin batera aritu zen Iguaran zortziko txikian. Oporretara elkarrekin joateko plana egiten ari ziren biak. Wifi eta internetera konektatzeko leku baten bila zebilen Iñaki, baina Oihanak, konektatzeko modurik ez bazen, joango ez zela esan zion. Lehen bertsoan, wifia eta pina behar zituela beti eta “pixka bat konektatu, ezazu nirekin” eskatu zion Iñakik Oihanari. Amasarrak bidaia retransmititu nahi zuela erantzun zion, “besten inbiria da, oporren onena”, amaierarekin borobilduz. “Goazen mendi puntara, ta akabo problemak / han juntatuko gera, satelite denak”, bota zion segidan Apalategik. Ta Iguaranek, “Ba bai joan gaitezke, mendi puntetara / tontorrikan ez dago, selfirik ez bada”. Primeran ulertu ziren bi bertsolariak eta pozik bukatu zuten saioa, bertaratuen txalo artean.

Puntuka, bikain
Puntuen txanda iritsi zen jarraian. Hauexek Oihanari jarritakoak: 1.- “Parekidetasuna, lortzea helburu”: “Bertsotan ere hortan, luze dihardugu / emakume zein gizon, denak buruz buru / ta berandu baino len, lortuko al dugu”. 2.- “Mutilak futbolari, ta neskak printsesa”: “Ba ni neskatzat hartzen, ez dago erraza / ze soinekoarenak, sortzen dit pereza / askoz hobea ez al da, sailkapenik eza”. 3.- “Hezkidetza kontuak, hainbeste onura”: “Baino funtsean dago, guztion eskua / etxetik hasi behar, hortik ez det duda / gure ardurak hartzeko, unea heldu da”. Hamarreko txikian bi Oihanak aritu ziren, Iguaran eta Bartra. Mendizaleak ziren biak, elkarrekin mendira astebururo oinez joaten ziren lagunak. Orain arte oinez egiten zuten bidea korrika egiteko proposatu zion Bartrak Iguarani eta Beriain mendia probatzea, “baina orain korrika, bizitzan bezala”. Amasarrak, “akaso izan leike, nahiko plan polita / ordubetera moztuz, lau orduko bira”, erantzun zion. Bartraren “tontorrean selfiea egin, ta bajau astiro” ideiari, berriz, honela erantzun zion: “selfia egiteko, zuk ez egin galde / ze geratu zaitezke, kobertura gabe / hobe eginez gero, patxadaren jabe / ze mendian jarraitu, nahi nuke halere / erlojuen kontra ez / baizik gure alde”.

Kartzelakoa
Bertsoaldi onak eta txalo zaparrada beroak entzun ziren bata bestearen atzetik saioan zehar. Kartzelakoa izan zen, ohi denez, bertsolariek egin beharreko azken ariketa. Hauxe gaia, irekia guztiz: “Zure giltza sortatik, giltza ateratzen ari zara”. Udaleko bere kargua uzten ari denaren paperetik aritu zen Iguaran; bikotekidearekin harremana eten berri duenaren gisan Soto; gurasoen etxetik doanaren larruan jarri zen Laburu; sosik gabe etxera itzultzen denaren ahotik aritu zen Bartra; eta etxerik gabe geratu direnen gorputzetik Agirre eta Apalategi.

Hauexek Oihana Iguaranek abestu zituen kartzelako hiru bertsoak:

Militantzia dagonez
euskaldunaren kulturan
nik guztia eman nuen
markatutako ohituran
ta alkatetza zerrenda
bete nuen nik liluran
nahiz irabaziko nuen
gehienak zebiltzan dudan
lau urte pasatu ditut
sarri ezinaren mugan
ze urduri hartu eta
ze lasai utzi ditudan.

Ona da agintaldia
lau urtera mugatzea
aurreak agertu arren
nola dantzatu atzea
askok desio baitzuen
nere lana zapaltzea
ta askok desio zuen
nere postua galtzea
neretzat ez zen nahikoa
agintean azaltzea
behintzat lortu det ateak
herriari zabaltzea.

Giltza askatu det eta
mahaian utzi diet berehala
ta hustu det alkatetza
bulegoan zen apala
zenbateraino den pisu
holako giltza txapala
eta orain geratzen zait
lan esperantza argala
esaten duten moduan
beteko balitz ojala
ate bat ixten denean
leiho bat zabaltzen dala.

Sailkapena
Lan puntuagarriak amaituta, Eneko Bidegain, Maite Sukia, Jurgi Fuentes, Karlos Ibarguren, Jon Abril, Aitor Jimenez eta Iñaki Aurrekoetxea epaimahaikideek emandako puntuazioaren berri jakinarazi zuen gai jartzaileak. Hauxe sailkapena:

1.- Oihana Iguaran, 714 puntu.
2.- Agin Laburu 686 puntu.
3.- Iñaki apalategi 685 puntu.
4.- Julio Soto 678,5 puntu.
5.- Unai Agirre 674,5 puntu.
6.- Oihana Bartra 619,5 puntu.

Oihana Iguaran: “Oholtzan bertso saio normal batean sentitu naiz”
Sorpresaz jaso zuen Oihana Iguaran amasarrak epaimahaiaren erabakia Leitzako saioaren amaieran; espero gabean. “Denak edo gehienak oso ondo ikusi ditut, oso puntan. Ni gustura ari naiz, baina bi akats txiki egin ditudanez, kezka nuen zenbaterainoko zigortuko zuten. Besteak akatsik gabe ikusten nituen eta ez nuen uste aurretik geratuko nintzenik. Sorpresa izan da niretzat, ez ni gaizki ikusi naizelako; besteak oso ondo ikusi ditudalako baizik”. Oso saio polita izan zen Leitzakoa, bertsozaleen bertso egarria asetzeko modukoa, “kezka pixka bat banuen. Askotan espektatibak oso altu jartzen direnean, ez baita erraza izaten horiei erantzuten. Baina zozketaren momentutik abiatuta, oso giro ona geneukan gure artean. Bertsolari guztiak elkarrekin gentozen saioa ateratzera eta hori asko eskertzen dut. Oholtzan ere oso ondo, bertso saio normal batean bezala sentitu naiz eta asko disfrutatu dut. Denek oso maila ona eman dutela uste dut”. Leitzako kanporaketa irabazita, zuzenean Durangoko finalaurrekoetara sailkatu da Oihana, aurrera egiteko puntuazioari begira geratu gabe, “luxu bat da hori. Amets bezala baneukan, baina ez nuen horrekin itsutu nahi. Saioa prestatzeko denbora izango dut orain, eta bihartik aurrera finalaurrekoa prestatzen hasiko naiz”. Ametsetan pentsa zezakeena gauzatuta, pozarren agertu zen Oihana Iguaran Leitzako saioaren amaieran. Pausoz pauso, helburuak betez, Durangon azaroaren 12an jokatuko den finalaurrekoan arituko da; huraxe du, beraz, hurrengo erronka nagusia.  Aitor Mendiluze andoaindarra izango du bertsokide, oraindik zehazteke dauden beste lau bertsolarirekin batera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!