Zizurkilgo Azoka berezia, euripean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 2a, 02:00

Atzo ospatu zuten Azoka Bereziaren XX. edizioa. Eguraldiak ez zuen lagundu, eta ohi baino jende gutxiago gerturatu zen. Nolanahi ere, giro politean joan zen eguna. Egun osoan zehar irekita egon ziren postuak eta iragarrita zeuden hainbat ekitaldi ere egin zituzten; haurrentzako tailerrak edota herri-kirol saio ikusgarria, esaterako.

Argazkiak

Eguerdian ibili zen jende gehien azoka eremuan, nahiz eta eguraldiak ez zuen batere lagundu. Euripean, aterkia eskuan ibili ziren bisitariak. Pilotalekuan, haurrentzako buztin eta jostailu tailerrak izan ziren martxan, eta gustura aritu ziren gaztetxoenak. Arratsaldean ere izan zuten eskulanetan aritzeko aukerarik. eskultura kooperatiboa, kandela eta baratze tailerrak izan zituzten aukeran.

Arratsaldeko 18:30etan, Gipuzkoako lasto altxatze txapelketa jokatu zuten, Zimiterioan. Hiru lehiakide aritu ziren nor baino nor. Joxe Martin Bustinza, Lanter Otermin eta Peio Argaia zizurkildarrak, 45 kiloko lasto fardoari altxadiak ematen aritu ziren bi minutuz. Joxe Martin Bustinza izan zen garaile, 24 jasoaldirekin. 19 eman zizkion Oterminek eta 17 altxaldi Peio Argaiak. Ikuskizun ederra eskaini zuten hiruek ere.

Herriko aizkolarien lana ikusteko aukera ere izan zuten bertaratu zirenek. Kana erdikoarekin lehiatu ziren aurrena Jon Irazu, Joseba Otaegi eta Unai Otaegi. Alatzne Etxaburuaren erakustaldi bikaina iritsi zen gero. Oin biko enborra ebaki zuen. Lan hori egiten duen hirugarren emakumea da Etxaburua. Irune Izkue eta Maika Ariztegi izan ditu aurrekari, eta zizurkildarrak, bien markak hautsi zituen atzokoan.

Arratsaldea amaitzeko, iraupeneko proba egin zuten gizonezko aizkolariek. Unai Otaegik hiru kanaerdiko eta bi oin biko ebaki zituen. Jon Irazu ea Joseba Otaegik, berriz, Kana erdiko bakarra eta lau oin biko. Irazu izan zen lanak amaitzen lehena, Joseba Otaegi bigarren, eta anaia gazteena hirugarren. Herri kirol zaletuek gozatua hartu zuten atzo Zizurkilen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!