Rikardo Arregi gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 30a, 02:00

Rikardo Arregi kazetariaren eta euskaltzalearen jaiotzaren 75. urteurrenean, mahai-ingurua izan zen Basteron, Andoaingo Udalak antolatuta. Ariane Kamio Garako kazetariak gidatuta, astearte arratsaldean Begoña Arregi Rikardoren arreba, Jose Manuel Toledo, Juan Mari Torrealdai eta Ramon Saizarbitoria hizlari aritu ziren.

Andoaingo Udalak etxe guztietan efemerideari loturiko gehigarria banatu du egunotan, Ariane Kamio Andoaingo kazetariak idatzi eta Gararekin argitaratu zena. Rikardo Arregi definituz ekin zion: “Gizon poliedrikoa zela ezin uka dakioke. Bere ekintzaletasuna muga desberdinak gainditzera eraman baitzuen bere bizitza laburrean. Euskara, alfabetatzea, pentsamendua eta kazetaritza landu zituen oso gaztetatik, eta berak utzitako arrastoak ez du gaurkotasunik galdu”.

Ana Carrere alkateak hartu zuen hitza ondoren: “Hainbat adjetiborekin deskribatu dezakegu Andoaingo Seme Kuttun Rikardo Arregi, baina badago bat guztiak batu ditzakeena: euskaltzalea”, adierazi zuen. Carrerek hainbati eskerrak eman zizkien erakutsi duten eskuzabaltasunagatik: Arregi Aranburu familiari, mahai inguruko partehartzaileei, ekitaldira hurbildutako publikoari, eta Ariane Kamio kazetariari. 

Asier Burgaleta eta Ariane Kamiok egindako “Rikardo Arregi: euskal garaikidetasun berria” dokumentala ikusi zuten jarraian. Bertan Mikel Arregi, Bernardo Atxaga, Ibon Sarasola eta Ramon Saizarbitoriaren testigantzak jasotzen dira, eta bereziki bi audio hunkigarri entzun daitezke bertan: Gabriel Aresti errezitatzen eta Arregi bera Usurbilen hitzaldia ematen.

 

Lehen definizioa

Solasaldiaren txanda heldu zen dokumentalaren ostean, eta moderatzaileak Rikardoren ezaugarri bat emateko eskatu zien lauei, hasteko eta behin.

Arregi: “Xaxi-errotako eskolara eskutik eramaten ninduen hiru urte nituela, eta bion artean harreman berezia landu genuen horrexegatik. Zoritxarrez, oso denbora eskasean bizitu ginen elkarrekin, ze seminariora oso gazte joan zen, eta oporretan etxera etortzen zenean ere ikasketekin ibiltzen zen; gero, soldaduskara joan behar izan zuen… Nolanahi ere, senide bezala eta etxe giroan, esango nuke niretzako mutil zintzoa, atsegina, irribarretsua eta laguntzailea izan zela. Lau senideok ika-mikatan ibiltzen ginen, jakina, baina bera normalean ez zen sesio zalea. Gehiago zen elkarrizketaren aldekoa, ondo konpontzearen aldekoa. Aita etxean zegoenean txorakeria gutxi izaten genuen, baina amarekin harreman estuagoa zuen, ama eta bera antzekoak ziren, goxoak”.

Toledo: “Seminarioan ezagutu nuen, eta handik atera ostean, bere pentsamendua, egin nahiak eta egitasmoak azaltzeko deitu zidanean elkartu nintzen berarekin bigarren aldiz. Niretzako, adiskideaz izateaz gain, iparrorratza izan zen”.

Torrealdai: “Rikardo hartzen dut lagun eta laguntzaile handitzat; kulturgile peto-petoa izan zen. Gidari gisa ezagutu nuen esparru guztietan, eta beti pena handi batekin geratu nahiz: zer eman zezakeen gerora, hasiera besterik ez baitzuen egin, 27 urte betetzeko hil baitzen”.

Saizarbitoria: “Intelektual bat izan zen zentzurik zabalenean, kritikoa eta autokritikoa. Maite izan zituen arlo guztiekin izan zen kritikoa, eta ordaindu behar izan zuen horregatik. Carlos Santamariak esaten zuen gizon azkarra eta matematikari baten burua zeukala. Irekia zen, dibertigarria, atsegina… Alegia, ez zuela bat egiten intelektualez daukagun estereotipokoarekin, ezta hurrik ere. Dibertigarria zen, eta leku guztietan ondo pasatzeko modua egiten zekiena, eta esperientzia guztietatik ikasten zuena”.

 

Zeruko Argian, estratega

Rikardo Arregik Zeruko Argia astekarian parte hartu zuen seminariotik atera eta berehala, eta hantxe topatu zuen Toledok: “hainbat pertsona bildu ginen batzordean, Salegi, Santamaria, Lasarte…, baina bera izan zen astekariko ardatza. Pentsalaria eta politikaria zen Rikardo, eta aldizkarian ikusi genuen zein zen Rikardok definitu zuen estrategia etorkizunari begirakoa. Ondo zekien nora joan behar zen eta zer egin behar zen hara iristeko. Frankismoan bizi ginen, eta gauza asko ezin ziren garbi adierazi, baina nazioarteko egoerak (Argeliako gerra, kolonialismoa munduan zehar…) ematen zuen bidea egin beharrak, jokaerak… geure aldizkarian aztertzeko eta kritikatzeko, eta guk bizi genuen girora erakartzeko”.

Torrealdaik baieztatu egin zuen estratega bezala Arregik zeukan gaitasuna. Arantzazuko fraideek argitaratzen zuten Jakin aldizkaria bere esku utzi zutenean ezagutu zuen Arregi Torrealdaik: “1967an utzi zuten Jakin nire esku, eta ni galdu samarra nebilen. Hasieran Carlos Santamariarengana jo nuen eta hark ekarri zuen Rikardo aldizkarira; bere seme kuttuna zuen. Hiruon artean batzordetxoa sortu genuen, eta horrek salbatu zuen aldizkaria. Rikardok abstrakzio ahalmen handia zeukan, buru matematikoa ez ezik filosofikoa zeukan, eta izugarria zen eskemak eta estrategiak egiteko. Gainera, sekulako prestigioa zeukan gazteen artean, ez bakarrik abertzaleen artean; horri esker, bageneuzkan mehatxu batzuek baretzea lortu zuen. Zoritxarrez, bi urte eta erdi bakarrik eduki genuen gure artean, hil egin baitzen. Denbora gutxian, umezurtz geratu ginen modu bikoitzean: 196ko uztailean gure lider naturala hil zen, eta abuztuan Fragak aldizkaria debekatu egin zuen”.

 

Aitzindaria eta bide urratzailea eztabaidetan

Torrealdaik azpimarratu zuen 60ko hamarkadan, euskal girotan hiru eztabaida edo borroka ideologiko zeudela egiteko, eta bere ustez Rikardo izan zela lehena heldu ziena hiruei: “Politikoa zen Rikardo, baina politologo gisa funtzionatu zuen, eta gure belaunaldiak zeuzkan hiru krisiei adarretatik heldu zien. Lehenengoa, kristautasunarena izan zen. Euskaltzalearen jainkoa hil behar dugu artikuluan, ondo bereizi zituen kristautasuna eta politika; euskaldun-fededun esaldi famatua abertzaletasun klasikoan zegoena, puskatu egin zuen, eta sekulako haserreak eragin zituen. Jakin-en baja eman zuten harpidedun askok; halako bigarren aldia izan zen, lehenengoa, 1964an izan baitzen, euskara batuaren aldeko hautua egin genuenean. Dena esatera, gazte jendea hurbildu zitzaigun bietan”.

Euskaltasunaren inguruko eztabaida izan zen bigarrena, Torrealdairen iritziz. “Euskaldun kalekumearen eta jakobinismoaren kontzeptuak aldarrikatu zituen Rikardok. Izan ere, euskalduna soziologikoki kalean bizi arren, ideologikoki, bere iruditeria, bere unibertsoa… baserrian zeukan txertatuta oraindik. Jakobinismoa aipatzen zuen, adierazteko ondo zeudela txokokeriak, euskalkiak… baina Euskal Herriak behar zuela planteamendu orokor bat, herri bezala.

Rikardok sakon heldu zion hirugarren eztabaida, irristakorragoa, ezkertiartasunaren, sozialismoaren eta marxismoaren ingurutik joan zen. Nire ustetan, kristau demokraziatik sozialismo gizartiar baterako bidea egin zuen. Marxismoa onartu zuen baina ez marxismo materiala, dialektikoa baizik”.

 

Miretsia alde guztietatik

Saizarbitoriak Rikardo Arregi ez zela sektarioa izan aldarrikatu nahi izan zuen mahai-inguruan: “Diktadurapean politika egitea oso sinplea da. Baina berak frankismoaren ondoren etorriko zena edukitzen zuen pentsamenduan. Beti aipatu izan dut behin nola esan zigun Andoaingo Goikoplazan egunen batean diputatua izango zela. Guk ez genuen pentsatzen politikaz, berak bai. Eta hortaz, dena kritikatu izan zuen, nazionalismoa sozialismoa, komunismoa… Jokabide horri eutsirik, ez zela sektarioa izan nabarmenduko nuke nik. Izan ere, gizarte hartan Euskal Herrian sektarioak ginen, eta gara oraindik; ez atzo ezta gaur, ez ditugu ondo hartzen aurkari politikoak, eta gure kide ohiak traidoretzat jotzen ditugu. Giro hartan, abertzaleak ez ziren askorengana hurbiltzeko ahalegina egiten zuen Rikardok, eta ezkutuan egiten zituen bilerak horiekin; hori ez zen normala. Oso ona zen harremanetarako eta edozein girotara egokitzeko gaitasuna zuen”.

 

Alfabetatze prozesuaren ideologoa

Rikardo Arregik jarri zuen abian helduen alfabetatzearen mugimendua, Euskaltzaindiari  proposamen zehatza egin zionean 1966an, eta agudo, Aingeru Irigarairekin batera taldea osatu eta planifikatu zuenean zehazteko ze pausoak eman aurrerantzean. Inguruan euskaltzale boluntarioak bildu zituen eta aurreneko gau eskoletako irakasleak prestatzeko ikastaroak antolatu. Begoña, arreba, Rikardok mobilizatu zituen kolaboratzaileetako bat izan zen. “Usurbilen Udarregiren aldeko omenaldian egin zuen hitzaldi famatuan, argi utzi zuen zeintzuk behar zuten izan alfabetatzearen zutabeak: euskaldunak utzi behar zion bere hizkuntzan analfabeto izateari; euskara funtzionala, modernoa eta batua behar zuen izan; eta gainera, euskara benetan salbatuko zen injustiziak salatzeko hizkuntza bilakatzen zen egunean. Euskaraz pentsatuko zuten euskal herritarrak nahi zituen, euskal kontzientzia edukiko zutenak”.

Alfabetatze mugimenduak oztopoak izan zituen hasieran, Begoña Arregik zehaztu zuen eran. Horietako bat, euskara zaharkitua egotea eta bitartekorik ez edukitzea. “Komunikazio hizkuntza bihurtzeko premia zeukan, eta jendeari eskaini behar zitzaizkion liburuak, itzulpenak, sormenezko literatura… Alderdi horietan bideak urratzen saiatu zen biziki, eta Andu Lertxundik esan izan duen moduan, kazetaritza lanetan euskara funtzional baten erabili zuen”.

 

Amaiera hunkigarria Begoña arrebarentzat

Begoña Arregi bera izan zen mahai inguruari amaiera eman ziona. Rikardok hil baino hogei bat egun lehengo, Zeruko Argia aldizkarian, “Gazte naiz” atalean, Andoain hizpide hartuta idatzi zuen artikulua irakurri nahi izan zuen, “Andoainen gaudenez, egokia ikusi dut Andoaindarra naiz artikulua irakurriz bukatzea”. Hara pasartea: “Andoain zorionez, herri umila, izen handirik gabekoa. Horregatik maite dut gehiago. Horregatik nago harro nire jaioterriaz, ezagutzen baititut bertan lanean ari diren euskal militante zahar eta gazteak, eta horregatik gordetzen dut Euskal Herriarengan esperantza. Egunero borroka isila, izen handirik gabekoa, hori da Euskal Herriaren eustailea. Gizon emakume eta beste horien izenak ez dira geldituko seguraski Euskal Herriaren historiaren orrietan, baina horiek egingo dute posible inork baino gehiago Euskal Herriak historia izaten jarraitzea”. 

Basteron bertaratutako jendeak txalo bero batez erantzun zion idatzia hunkituta irakurri zuen Begoñari. Arregi Aranburu familiaren izenean, esker ona adierazi zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!