Azoka berezia, igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 28a, 02:00

Urriaren 1ean, igandean, egingo dute aurtengo Azoka Berezia. 11:00etan zabalduko dute azoka, eta 19:30ak arte postuak bisitatu eta hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango da. Goizean, jostailu eta buztin tailerrak egingo dituzte eta arratsaldean, eskultura korroperatiboa, kandela eta baratze-tailerrak. Herri kirolek ere izango dute euren tartea:
 

Gaur egin dute azoka bereziaren aurkezpen ekitaldia. Berezia izango da aurtengoa. XX. urtemugara iritsi da Zizurkilgo hitzordua, eta bertaratzen direnek, aukera zabala aurkituko dute. Maite Amenabar zinegotziak hartu du hitza: "Urteurren berezia dugu aurtengoa. Urte asko igaro dira hasierako azoka antolatu genuenetik, baina asperdurak eta nekeak ez du guregan eraginik izan eta berrikuntzaz beterik dator aurtengoa. Zizurkilgo Udalak eta Zizurkil goiko festa batzordeak elkar hartuta jarduten dute Azoka Berezia atolatzen, egun horretan gauza guztiak ondo ateratzeko, ordea, ezinbestekoa zaigu egun horretan lanean aritzen diren boluntarioen lana. Eskerrikasko denei".

Berrikuntza nagusi bat izango du aurtengo edizioak. Maitek azaldu duenez, "tailerrak antolatuko dira. Ikusleak partaide bilakatu nahi ditugu; haur eta gaztetxoak artisau eta nekazari bilakatu nahi ditugu egun batez behintzat. Horretarako, azokan postua jarri duten zenbait artisau eta nekazari tailerrak ematen ariko dira. Goizean, esaterako, jostailu eta buztin tailerra eskainiko dute Cromosoma jostailuen tailerrak eta Rafa Arana zeramistak. Arratsaldean berriz, eskultura bat egiten jardungo dute gaztetxoek, elkarlanean, Acces Cultura elkarteko kideen gidaritzapean". Horrez gain, kadelak eta baratzea egiten ikasteko tailerrak ere izango dituzte.

Berritasunez gain, baserritar eta artisauen ohiko postuak ere izango dira. Teodoro Hernandorena kalean 23 postu egongo dira, horietako 6 herriko baserritarrek jarritakoak. Intxaur pilotalekuan berriz, 19 artisauk erakutsiko dituzte euren lanak. Horietatik 3 izango dira herritarrak. Otaño eta San Millan ikastetxeetako ordezkariek ere euren postuak jarriko dituzte pilotalekuaren gaikaldean.

Aitor Sarasua zinegotziak eguneko egitarau oparoaren inguruko xehetasuna eman ditu: "11:00etatik 14:30etara eta 16:30etatik 19:30ak arte izango dira zabalik postuak. Horrekin batera, beste hainbat ekintza ere izango da egun osoan zehar. Puzgarriak, jostailu eta zeramika tailerrak martxan izango dira 11:30etatik 13:30ak arte. 14:30etan hasiko da herri bazkaria Zimiterioan. Oso arrakastatsua izan da azken urteotan. Txartelak salgai daude Iriarte eta Egarri tabernatan, 15 euroren truke. Oraindik ere badago erosteko aukera eta jendea animatu nahi dugu. horrez gain, zimiterioan mahai eta aulkiak jarrko dira, nahi duenak bertan etxetik emandako janariarekin bazkaltzeko aukera izan dezan". Arratsaldean, 16:30eattik 18:30etara, tailerrak jarriko dituzte berriz martxan. Horrez gain, 16:30etan hasita, ponien gainean ibiltzeko aukera izango da eta puzgarriak ere jarriko dituzte.

Herri kirolek ere tarte berezia izango dute urriaren 1ean. "Lehenik, lasto altxatze txapelketa jokatuko da 18:30etan eta ondoren, herriko azikolariak arituko dira lanean: Joseba eta Unai Otaegi/ Jon Irazu eta Alatzne Etxaburua", azaldu du Sarasuak.

Urteroko moduan, autobus zerbitzua jarriko du Udalak. Egun osoan ibiliko dira joan-etorrian, 10:45etan hasi, eta 20:30ak arte. Udalak, zerbitzu hori erabiltzeko deia lzatu die azokara gerturatzeko asmoa dutenei. Bulandegiko errotondan eta Zubiaurretxon izango ditu geralekuak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!