Moda eta euskara zikloa Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 28a, 02:00

Andoaingo Udalak modari eskainiko dio datorren astea, zazpi egunez ekitaldi ugari antolatuz. Ekimen berrian bidelagun izan dituzte moda ogibide duten andoaindarrak. Besteak beste, Irati Guarretxena eta Fanny Alonso diseinatzailea edota Maddalen Marzol lurrinetan aditua. 

Eta haiekin batera, nola ez, Andoaingo merkatariak. Astelehenean hasi eta igandera bitarte tailerrak, mahai-inguruak eta kultur jarduera ezberdinak iragarri dituzte, eta baita merkataritza sustatzeko Gau Zuria delakoa ere . Urriko lehen larunbatean Juanita Alkain plazan eta hainbat dendatan ordutegia gauerdira arte zabalduko dute.
Zikloaren helburuari erreparatuta, modaz askotxo hitz egingo da egunotan. Eta, gainera, euskaraz.
 

Moda eta euskara uztartu nahi dituen ziklo berria datorren astelehenean abiatuko da Andoainen, “Modan da Euskara” izenburupean. Andoaingo Udalak, Salkin merkatarien elkarteak eta herriko hainbat moda diseinatzailek elkarlanean antolatu dute, jarduera ugari uztartuko dituztela iragarriz: kale antzerkia, erakusketak, moda tailerra, musika, mahai-inguruak... 
Ainara Rodriguez zinegotziak zikloaren helburu hirukoitza azaldu zuen: “Euskararen erabilera sustatzea eta euskararekiko estimua areagotzea, merkataritzaren jarduna sustatzea eta modaren ezagutza ahal den neurrian zabaltzea, Andoaingo sortzaileen lanak ezagutzera emanez”.
Jon Zulueta zinegotzia ere baikor agertu zen: “Merkataritza bizi eta sendo batek herria biziago egiten du, eta argi dago ekimenak merkataritza sektorea indartzen duela”.
Luis Angel Orte Salkineko presidenteak elkartearen ekarpena zein den azaldu zuen: “Merkatariok egunero erabiltzen dugu euskara, gurea sentitzen dugu, eta horrexegatik oso interesgarria ikusten dugu egitasmoa. Gure ekarpena kasu honetan, pintxo lehiaketan eta Gau txurian parte hartzea izan da”.
Herriko zenbait diseinatzaile gaztek parte hartu dute zikloaren antolakuntzan. Maddalen Marzolek gazte eragileen ahotsa ordezkatu zuen: “Moda munduan ikuspegi ezberdinak dituzten ahotsak biltzen saiatu gara, eta ziur naiz aberasgarriak gertatuko direla herritarrentzat”. Sorkuntza lantegiak antolatu dituzte, besteak beste. Irati Guarretxena diseinatzaileak gidatuko ditu horietako batzuk: “Bertan parte hartzen dutenek jantziak diseinatu ahal izango dituzte eta baita etxera eraman ere”.

EGITARAUA

Urriak 2, astelehena

  • 18:00 Sorgunea, lantegia Basteron: Fanny Alonso eta Pili Jimenez diseinatzaileak.
  • 19:00 Hitzaldia Basteron: “Janzten zaren bezalakoa ote zara?” Aurkezlea: Urtzi Azpiroz diseinatzailea. Hizlaria, Alazne Izagirre psikologoa.

Urriak 3, asteartea

  • 18:00 Sorgunea lantegia: Devore teknikaren bidez, zapia atontzeko aukera. Gidaria: Irati Guarretxena. Izena-ematea Atarian. Azken eguna: Irailak 29.

Urriak 4, asteazkena

  • 18:00 Sorgunea, lantegia Basteron: Fanny Alonso eta Pili Jimenez diseinatzaileak.
  • 19:00 Solasaldia Basteron: “Modaren ikuspegiak eta komunikazioa”.  Aurkezlea: Urtzi Azpiroz. Hizlariak: Maddalen Aduriz irakaslea, Mikel Aramendi modeloa eta Maider Gorostegi kazetaria.

Urriak 5, osteguna

  • 18:00 Sorgunea lantegia Basteron: Zapia atontzeko aukera, bigarren zatia. Gidaria: Irati Guarretxena.
  • Urriak 6, ostirala
  • 17:00 Dokumentala Basteron: The true cost/benetako kostuak.
  • 19:00 Solasaldia Basteron: “Josi eta atondu”.  Aurkezlea, Urtzi Azpiroz. Hizlariak: Igor Uria Cristobal Balenciaga museoko kidea, Irati Guarretxena diseinatzailea eta Maddalen Marzol lurrinetan aditua.

Urriak 7, larunbata

  • 11:00 Mahai-ingurua: “Moda astintzen”. Moderatzailea: Maider Gorostegi. Hizlariak: Igor Uria Cristobal Balenciaga museoko kidea, Jokin Aierregarai komunikatzailea eta Urtzi Azpiroz diseinatzailea.
  • 13:00 Kale antzerkia Bastero eta Santa Kruz bitartean: Femmes.
  • 17:00 Denda eta postuen irekiera, Gau Txuriaren hasiera. 
  • Kale animazioa Santa Kruz zubian, Basteron eta Juanita Alkain plazan.
  • 19:00 Modeus pintxo lehiaketako sari banaketa Juanita Alkain plazan.
  • 22:00 Mikel Urdangarin eta Esti Sistiagaren kontzertua Juanita Alkain plazan.
  • 00:00 Gau txuriaren bukaera dendetan eta karpan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!