Bertso pare bat kantatutzeko
aukera eman didate,
euskaltegian irekierak
ez nau ez tristetzen bate.
Urnietako Udalak badu
laguntzeko borondate,
euskara ez da soilik bakarrik
agur edo gero arte (bis).
Etxe ta kanpo ama hizkuntzak
badu bai hainbeste mamu,
baina Udalan dirulaguntza
gerta dagokizu amu,
baina euskara ikasten dunak
ez da ez izango damu.
Gaur edo bihar esango du:
Lehenago ikasi banu! (bis).
Fermin Argiñarenaren bi bertso eder horiek entzun ziren Urnietako AEK euskaltegiaren irekiera ekitaldian. Mikel Pagola alkateak aurkeztu zuen ekitaldia, poza agertuz: “Guretzat egun pozgarria da. Euskaltegia berehala hasiko da lanean, talde bat baino gehiagorekin”. Maripi Sarasola euskara zinegotziak hartu zuen bere lekukoa, irekiera ekitaldian: “Ohore handia da niretzat. Nire bizitza osoan irakasle lanetan aritu naiz, euskara ardatz nuela, gure haurtxoei heziketa euskaldun bat emateko asmoz. Lehen ere Udalak euskara ikasi nahi duten herrikideei laguntza eman die, baina beti ere beste herri batetara mugitu behar zuten. Orain, ordea, ikasle horiei herrian bertan eman nahi diogu aukera hori, Urnietan bertan euskaltegia zabalduz. Deialdi berezia luzatu nahi diet euskara ikasi nahi duten guztiei”. Janire Urrestarazu euskara irakasleak Urnietan euskaltegia izatearen premia hizpide izan zuen: “Pausoz pauso, Adarra eta Buruntzaldeko mingainak dantzan jarri nahi ditugu. AEKk eta Udalak abian jarritako egitasmoaren azken geltokia zein den argi daukagu: euskararen bitartez, baliabideak emanez eta gozaraziz Urnietako biztanleak euskalduntzea”. Amaitzeko, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak esker ona adierazi zien Udalari eta eskualdeko irakasleei: “Eskerrik asko Urnietako Udalari, orain bi urte hasitako bideari amaiera eman diogulako. Eskualdeko irakasle taldeari ere eskerrak eman nahi dizkiogu. Elkarlana da bidea, eta gaur berriro ere elkarlanaren adibide bikaina daukagu”.
Eskaintza ZABALA EUSKALTEGIAN
• Astean 2, 3 edo 4 egun aukeran.
• Ordutegi zabala.
• Maila guztiak: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2.
• Autoikaskuntza: Tutoretza eta programazio pertsonalizatuak.
• Talde presentzialak, jarraipen pertsonalizatuak.
• Azterketen prestaketa: EGA, IVAP, IRALE,...
Urnietako AEK
Errekalde kalea 1, tarteko oina.
607 610 687 / 607 592 864.
hernani@aek.eus.
Bulego ordutegia:
09:00-13:00 Astelehena, asteazkena.
17:30-19:30 Asteartea, osteguna.