Bi arreba emanaldia Amasan, bertsoa eta musika bateratuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 27a, 02:00

Datorren larunbatean, irailak 30, arratsaldeko 19:30ean Amasako San Martin elizan 'Bi arreba' emanaldia eskainiko dute Xabier Lizaso piano-jotzaileak eta Andoni Egaña bertsolariak:
 

Chopinzalea da Xabier Lizaso piano-jotzailea. Xenpelar gustuko du Andoni Egaña bertsolariak. Chopinek eta Xenpelarrek badute elkarrekiko antzekotasunik. Garai beretsuan bizi izan ziren. Biak ziren, bakoitza bere arloan, artista handiak. Biak izan ziren berritzaile. Biak ziren katolikoak. Biak ziren Estadurik gabeko nazioetakoak. Biek bizi izan zituzten garai politiko gatazkatsuak. Biak hil ziren gazterik, biak gaixotasunez ondorioz, bata 34 urterekin eta bestea 39rekin. Eta heriotzaren orduan, biek izan zuten ondoan…, arreba.
Chopin eta Xenpelarrek ez zuten elkar ezagutu. Xabier Lizasok eta Andoni Egañak bai. Horregatik, bi mundu, bi obra, bi kultur-modu eta bi arreba ezagutu eta ezagutzera emateko ahalegina egin dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!