Kataluniara begira, aho batez onartutako mozioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 26a, 02:00

Atzo iluntzean Udaleko Osoko Bilkura izan zen Amasa-Villabonako udaletxeko areto nagusian. Beste hainbat gairen artean, EAJk eta EH Bilduk Kataluniarekin lotutako mozio bateratua adostu zuten:

Espainiako Guardia Zibilak Katalunian egin duen operazioen larritasuna ikusirik, eta urriaren 1eko erreferenduma Kataluniako instituzio nagusiek herritarren nahiei bide emateko hartutako erabakia galarazteko Espainiako Gobernua bultzatzen ari den neurri antidemokratikoei erantzunez, Amasa Villabonako Udalbatzak ondorengo Mozioa onartzen du:
1. Oso kezkatuta gaude Espainiako Estatua Katalunian izaten ari den esku-hartzearekin eta irmoki salatzen ditugu azken gertakariak/erasoak: Generalitateko hamalau kargudunen atxiloketak, miaketak eta etengabeko jazarpen polizial eta judizialak. Atxiloketa politikoak dira eta beraien delitua politika egitea soilik da. Salbuespen egoera ezartzen ari da Katalunian, eskubide zibil eta politikoak masiboki urratuz. Gertatzen ari dena asaldagarria eta onartezina dela uste dugu. Nahikoa dela esateko ordua da.

2. Gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu atxilotuen eta jazartuen lagun eta senide, Kataluniako erakunde guztiei eta orokorrean Kataluniako herri osoari. Gure babesa eta laguntza izango dute, orain artean bezala, urriaren 1a bitartean, eta baita urriaren 1etik aurrera ere.

3. Urriaren 1eko erreferenduma Kataluniako herritarren gehiengoaren nahiari erantzuteko tresna demokratikoa dela eta, beraz, guztiz zilegia. Herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea edo herri honek autodeterminazio eskubidea du. Euskal Herriak eta Kataluniak libreki adierazitako herritarren borondatearen bidez bere etorkizuna eraikitzeko eskubidea dute.

4. Kataluniako alkateak deklaratzera deitzea irmoki salatzen dugu eta ez dugu onartuko politika egitea delitu bilakatzea, demokrazia ezin baita Konstituziora mugatu. Elkartasuna adierazi nahi diogu espresuki alkateei.

5. Udal honek kataluniarrek Urriaren 1ean hartutako erabakia errespetatu eta aitortuko du eta beste erakundeei ere errespetatzeko deia egiten die. Horretarako erabaki honen berri, Kataluniako Parlament-eko lehendakariari, Madrilgo Gobernuko presidenteari eta Auzitegi Konstituzionaleko presidenteari ematea erabakitzen du. Gure udalerriko herritarrei ere jakinaraziko zaie erabaki honen berri.

 

Alkate eta oposizioko zinegotziaren soldatak

Aztertu zituzten beste gaien artean, seigarren puntua izan zen eztabaida gehien piztu zuena, alegia, erabateko lanaldian alkate kargua betetzeagatik eta lanaldi partzialean oposizioko zinegotzi kargua betetzeagatik 2017 urteari dagokion soldata aldatzeko EH Bilduk eginiko proposamena. EH Bilduko zinegotzi Xabat Labordek PNVri intentzionalitate politiko oso garbiarekin jokatu izana leporatu zion lau orduko lanagatik oposizioko zinegotziak 46.800 euroko oinarrizko soldata kobratzen duela publikoki esan izanagatik. “Herritarrei egia ez den gauza bat sinestarazi nahi izan diezue, nire urteko soldata gordina 23.400 eurokoa den bitartean”. Maite Izagirre alkateak “lan ordu bakoitzeko 29,10 euro kobratzen dituzu zuk eta nahi izanez gero, beste edozein lan egiteko aukera duzu. Orduko 32,36 euro kobratzen ditut nik alkate bezala eta ezin dut beste lanik egin, dedikazio osoan aritu behar baitut. Soldata hori zuk aukeratu duzu eta inork ez dizu ezekorik esan”, erantzun zion. Batzarrera gerturatutako herritar batek, jendaurrean manipulazioa egitea leporatu zien PNVko ordezkariei, “manipulazioa baita erdi egiak erabiliz gauza okerrak sinestaraztea”. Xabat Labordek, bere soldata berak aukeratua ez dela azaldu zuen, EUDEL (Euskal Udalen Elkartea)etik etorria dela argudiatuz. Alkatearen soldatak duina izan behar duela, baina Iban Agirrek dimisioa aurkeztu ondorenean, Maite Izagirreren soldata 52.000 eurora igotzea zein irizpideren arabera erabaki zuten galdetu zien EH Bilduko zinegotziak eta Maitek “EUDELen gomendioak jarraituta” erantzun zuen.

 

Amasamendiko Antolaketa Plana

Amasamendi Onura Publikoko mendiaren Antolaketa Plana ere bozkatu zuten eta aurrera atera zen proposamena, EAJ-PNV eta EH Bilduko kideen aldeko botoekin. EH Bilduko zinegotzi Xabat Labordek, Amasamendin naturaren errespetua bermatzeari begira, plan positiboa dela nabarmendu zuen, baina euren ustez, plana onartzeko prozedura egokia izan ez dela adieraziz. “Plan horren beharra aurreko legealditik dator eta planaren helburuak eztabaidatzeko sortu zen Ingurugiroa Ados mahaia. Parte hartze zabala izan zuten hainbat bilera egin zen hainbat elkarte eta herritarrekin. Legegintza honetan, ordea, bilera horiek desagertu egin dira. Ingurumen batzordea Hirigintzakoan txertatu da eta izaera espezifikoa galdu du”. Aizkardi elkarteko kide batek, galde eta erreguen tartean, “Amasamendiko proiektua onartu bada ere, ez zaigu oso garbi geratu atal batzuk eztabaidatzeko aukera izango ote dugun”, galdetu zuen. Eneko Urdangarin ingurumeneko zinegotziak, plana onartu ondoren ohikoa ez bada ere, Amasa-Villabonako Udalak  Amasamendiko Plana 30 egunez jendaurrean jartzea erabaki duela adierazi zuen. “Behartuta egon edo ez, plan osoa herritarren aurrean jarriko da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!