Mahai-ingurua Rikardo Arregi gogoan hartuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 26a, 02:00

Begoña Arregi (arreba), Ramon Saizarbitoria (Lur argitaletxea), Jose Manuel Toledo (Zeruko Argia aldizkaria) eta Joan Mari Torrealdai (Jakin aldizkaria) izango dira hizlariak Basteron, bihar, asteartearekin, egingo den ekitaldian.

Andoaingo pentsalari euskaltzalearen ibilbidea, pentsamendua eta egintzak izango dituzte hizpide, hura jaio zenetik 75 urte igaro direla aitzakiatan hartuta. Ariane Kamio Gara egunkariko kazetariak moderatuko du ekitaldia, 19:00etatik aurrera.

Laburra izan zen Rikardo Arregiren (Andoain, 1942-Mendaro, 1969) bizitza, oraindik 27 urte bete ez zituela Mendaroko parean gertatutako auto istripu batek eraman baitzuen betirako. Baina gaitasun intelektual handikoa eta ekintzailea izaki, doain horiei esker makina bat bide urratu zituen gizonak.  

Fazeta ugari jorratu zituen Arregik frankismoko garaian, euskal historia garaikidean arrastoa utzi dutenak denak ere: euskal kazetaria, nazioarteko aditua, euskal kultur eragilea, helduen euskalduntze eta alfabetatzearen mugimenduaren aitzindaria, abertzaletasunaren eta erlijioaren arteko banaketaren aldarrikatzailea… Nortasun urratzaileko gizona izan zen guztietan, eta maisu planteamendu berritzaileak formulatzeko orduan.

Hitzaldia Andoaingo Udalak antolatu du, eta horrekin batera, Andoaingo etxe guztietan banatu du Gara egunkariak azken egunetan Arregi hizpide hartuta argitaratu duen gehigarri berezia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!