Sanmielak 2017

Iñistor jaia igande honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 25a, 02:00

Iñistorrak beste behin antolatu du Iñistor jaia. Aurten, Egape ikastolako irakasleak omenduko dituzte; ikastolako lehen urtetan lanean aritu ziren hamar irakasle, hain zuzen. Herri bazkarirako tiketak salgai daude Kantoi tabernan, Bikain kafetegian eta Guria tabernan. Erosteko azken eguna irailaren 28a izango da.

 

Urnietako Sanmielekin batera iritsiko da aurtengo Iñistor jaia ere. Urriaren 1ean izango da, igandean. Festaren helburua Urnietako jaiei euskaraz balio erantsia gehitzea izanik, ekintza tradizional ugari egongo da egunean zehar: toka txapelketa, bertsolariak, bazkari herrikoia… Osagai ezberdinak batuta euskal giroa sortzea eta kalera eramatea da Iñistorra elkartearen asmoa: “Guretzat oso garrantzitsua da festa hau kalera ateratzea eta agerian egitea”, azaldu du Joxeba Lizeaga antolatzaileetakoak. 

Irakasleen lana argitara
Egitarau oparoaren indargune bihurtu da “Urnietar Prestu” izendapena. Egape Ikastolako irakasleak izango dira aurtengo omenduak: “Ikastolak 50 urte bete ditu iazko urtean eta ekitaldi ugari egin dira herrian hori ospatzeko. Horregatik, elkarteak Ikastola omentzea erabaki du, baina modu orokorrean egin beharrean, izendapena zehatzago egin eta ikastolako lehen urteetan irakasle izandako hamar irakasle omenduko ditugu”. Hasierako urteetan lanean aritutakoak eta bertan lanean jarraitzen dutenak dira gehienak. Hauei guztiei Ikastola ezerezetik sortu eta urte zailak bizi izana eskertu nahi diete. “Material pedagogiko gabe eta eraikuntza finkorik izan gabe lanean hasita, gai izan ziren ikastolari bizia eman eta aurrera ateratzeko”, azpimarratu du Joxeba Lizeagak. Herri bazkaria eta bertso saioaren ostean egingo da omenaldi-ekitaldia. Bertan, merezimenduak irakurriz, zergatik hautatu dituzten azalduko zaie herritarrei. Ondoren, Iñistorra elkartearen partetik lore sorta eta diploma bana emango zaie.
“Omenaldian bestelako sorpresak ere egoten dira, herritarrek ere opariren bat emateko aprobetxatzen dutelako”. Aurten ez dakite horrelarik gertatuko ote den, baina bidea irekita utzi dute. Ekitaldiarekin amaitzeko, beraiei hitza emango zaie eta, azkenik, bertsolarien agurrarekin amaituko da. 

Festara batzeko deia
“Urnietar prestu” omenaldiak Iñistor jai osoa baldintzatzen duela uste dute antolatzaileek, herritarrak jakin-minez egoten baitira omenduak zein edo zeintzuk izango diren. Hori horrela izanda ere, urnietarrei festara joateko deia luzatu diete, gazteei bereziki.
”Guretzat garrantzitsua da giroa sortzeko eta jaia ikusgarria izateko jendea bazkarira etortzea. Hala, heldu zein gazteei bertara gerturatzeko gonbidapena luzatzen diegu”. Bezperan koadrillen eguna izanda, gazteak erakartzea kosta egiten zaiela azaldu du, baina hauei ere ateak irekita dituztela gogorarazi nahi izan diete.  

Irrintzi lehiaketa indartsua
Gero eta arrakastatsuagoak dira irrintzi lehiaketak Euskal Herrian. Urtetik urtera indar handia hartzen ari da Urnietan egiten dena eta antolatzaileak “pozik” daude. “Bizkaian irrintzi txapelketa asko egiten da eta Euskal Herrian irrintzilari oso onak daude. Hori horrela izanik, Iñistor jaira gonbidatzen ditugu, baina zaila da Bizkaitik honaino irrintzi bat botatzeko etortzera animatzea”. Horregatik, sariak handitu dituzte eta dietak ordaintzen ere saiatzen dira. 
Irrintzi lehiaketak maila “oso ona duela” uste dute, eta hau positiboa izan arren, kontrako aldea ere badu; izan ere, herritar ugari atzeratu egiten dela azaldu du. Edonola ere, helduez gain zenbait haur ere animatzen dela adierazu du.
Etorkizunera begira, lehiaketari garrantzia eman nahian, Iñistor jaitik atera eta Sanmieletan, beste egun batean egitea pentsatzen ari da elkartea. “Momentu eta une egokia topatu beharko litzateke, kanpoko jendea erakarriko lukeena”, azaldu du.

URRIAK 1, IGANDEA | IÑISTOR JAIA 2017
Egitaraua:

  • 12:30    XI. Maldan-gorako Iñistorra Toka Txapelketa San Juan plazan.
  • 14:30    Herri bazkaria. Menua helduentzat eta haurrentzat, Txartelak dagoeneko salgai daude.
  • 16:30    Bertsolariak: Uxue Alberdi, Nerea Ibarzabal, Ainhoa Agirreazaldegi, Ane Labaka. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
  • 17:30     Omenaldi ekitaldia: “Urnietar Prestu”  2017 izendapena Egape ikastolako irakasle aitzindariei. 
  • 19:00    IX. Maria Arizmendi irrintzi lehiaketa San Juan plazan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!