Azoka egunean, erromeria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 22a, 02:00

Irailaren 24an ospatuko da aurtengo Azoka berezia. Ohiko salmenta postu, erakusketa eta lehiaketei, arratsaldeko erromeria gehitu zaie aurtengoan.

Duela lauzpabost urte piztu zen Asteasuko azoka egunean erromeria antolatzen hasteko gogoa. Ramon Aiertza zinegotziak bota zion proposamena Juan Tapiari, hala azaldu du Tapiak berak: “Azokako egunean jende asko gerturatzen da Asteasura, eguerdi aldera bereziki. Arratsaldean, berriz, jende gutxiago ikusten da. Giroari pixka bat eusteko, erromeria antola zitekeela proposatu zidan Ramonek”. Juanek gustura hartu zuen proposamena, noski. “Asteasuko azoka egunarekin batera, ordea, trikitixarekin zerikusia duen jaialdi berezia izaten da Beasainen. Hara joateko konpromisoa nuen, eta ezin izan nion heldu Asteasuko erromeria antolatzeari”. Aurten, ordea, Juan Tapiak libre zuen azoka eguneko arratsaldea, eta erromeriaren ideia biziberritzea erabaki zuen. “Udalak bere babesa eman, eta aurrera egin genuen. Arratsaldeko 18:00etan hasita, ordu eta erdi inguruko ekitaldi polita izango da, dantza giroan, jendeak goza dezan. Giroaren arabera, erromeria pixka bat luzatzeko aukera ere badago gainera”.

 

Santa eskea

Santa Ageda bezperan du iturburu nagusia irailaren 24ko erromeriak. “Asteasun tradizio handia du Santa Ageda bezperako errondak. Betidanik ezagutu izan dugun ohitura da; neroni, Enarak taldearekin ibilitakoa naiz, esaterako, eta gure aurrekoak, zer esanik ez. Orain ere talde polita ateratzen da kantuan eta egun horretan ateratako dirua gauza ezberdinetarako erabili izan dugu. Trikiti eta pandero eskolarako ekipoa erosi genuen urte batean, eta Europako herri txiki batean haurrentzako parketxo bat jartzeko ere erabili genuen beste urte batean. Aurten, irailaren 24ko erromeria antolatzeko erabiliko dugu”, azaldu du Juan Tapiak.

Talde handia ateratzen da kantuan Santa Ageda bezperan. Juan Tapiaren trikitixa eta pandero eskolako kideak, Usarrabi abesbatzakoak, bertso eskolakoak, eta nola ez, hainbat eta hainbat herritar. “Oso giro ona sortzen da egun horretan. Haritz Mujika edota bere ikasleen bertsoak, kantuak, musika…, polita izaten da”. Garai batean, herriko baserri eta etxe gehienetara egiten zuten bisita abeslariek: “Jende asko ateratzen zen kantuan, eta taldetan banatzen ziren, herriko bailara ezberdinetan barrena. Orain talde bakarra osatzen dugu eta ezin dugu etxe guztietara iritsi. Elizmendin atera, eta hango baserri batzuetan barrena ibili ondoren, herrigunera jaitsi eta hantxe aritzen gara kantuan. Urtero ibilbide bertsua egiten dugu eta herritarrek ondo ezagutzen dute. Gu iritsi zain egoten dira”, azaldu du Juanek.

 

Ikasleak, eta Ttipika

Dantza giroa piztea eta gazteei erromeria giroa ezagutaraztea da irailaren 24ko ekitaldiaren helburu nagusia: “Eskolako gaztetxoek zenbait pieza eskainiko dute lehendabizi eta, ondoren, Ttipika taldekoek hartuko dute lekukoa. Udalak jarriko ditu musika ekipoa eta tabladua; gainerakoa, Santaeskeko diruarekin ordainduko dugu”.

Urtero-urtero ateratzen dira Juan Tapiaren ikasleak azoka eguna alaitzera. “Gazteenekin kalejira egiten dut goizean zehar. Jendeak gustura hartzen ditu trikiti doinuak eta ikasleek ere gozatu egiten dute egun horretan”. Aurten, ikasle helduxeagoek zabalduko dute arratsaldeko erromeria eta dagoeneko hasita daude prestaketa lanetan. “Ekainean, ikasturtea amaitu aurretik, zerrenda bat pasa nien ikasleei, zenbait musika piezekin. Iraileko erromeriaren kontua aipatu nien, eta gustura hartu zuten. Lehen entsegua egin dugunean, piezak ondo prestatu dituztela ikusi dut, eta gustura nago. Garrantzitsua da ikasleei motibazioa ematea eta erromeriak horretarako balio izan du”. Ikastolen aldeko Kilometroak jaia ere izango da Asteasuko Azokaren egunean, “eta Zelatungo azken erromeria ere izango da. Normala den bezala, zenbait ikaslek esan dit Kilometroak festara joango dela, eta ezingo dutela erromerian parte hartu. Etortzekoak direnak, nolanahi ere, oso gogotsu daude. Giro polita sortzea espero dugu”.

 

Dantza gidatua eta librea

Hamabi pieza eskainiko dituzte Juan Tapiaren ikasleek eta, ondoren, Ttipika taldearen txanda iritsiko da. “Dantza gidatua eskaintzen duen taldea da. Jendea dantzan jarri nahi dugu eta horretarako, egokia iruditzen zaigu formatu hau. Musikari gaztez osatutako taldea da Ttipika, eta oso ondo ari dira. Dantza gidatuaren eta librearen arteko oreka polita lortzen dutela iruditzen zait, azalpenekin gehiegi kargatu gabe”.


{{IMG-38999}}
Eguerdiko 12:00etan, esne-behien erakustaldia egiten dute


Arkupeko erromeria

Erromeria giroari eustea eta gazteei ezagutaraztea da iraileko saioaren helburu nagusia. Helburu horrekin berarekin hasi ziren udaletxeko arkupetan erromeriak antolatzen: “Oso ondo atera ziren, eta berreskuratu egin nahi ditugu. Oso maiz izan gabe, udaberri aldera saioren bat edo beste egitea ideia ona izan daitekeela iruditzen zaigu. 2017an ezin izan dugu egin, baina datorren urteari begira, badugu berreskuratzeko gogoa eta asmoa”.

Urtean zehar, hainbat ekitalditan parte hartzen dute Juan Tapiaren ikasleek. Santa Zezilia eguneko emanaldiak, esaterako, indar handia hartu du azken urteotan. “Oso harrera ona du eta ilusioz aritzen gara prestatzen. Ikasleentzat ere pozgarria da helburu bat izatea. Entsaiatzeko indarra ematen die eta hori ere oso beharrezkoa da”.

Eguberriak, Santa Ageda bezpera, herriko jaiak, kantu-jirak…, “herriko ospakizunetan parte hartzea gustatzen zaigu eta beti izaten da horretarako aukera”, azpimarratu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!