Sanmielak 2017

Urnietako jai egitarauaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 22a, 02:00

Etenaldirik izan ez dadin, aurtengoan bost eguneko egitaraua mardula iragarri dute. Ekitaldi bat amaitu eta berehala beste bati hasiera emango diote. Festazaleek bost egunez ekitaldi sorta zabalaz gozatzeko aukera izango dute.

Mikel Pagola Urnietako alkateak, jaietako protagonistak nabarmentzearekin batera, eragile berrien parte hartzea iragarri eta txalotu zuen: “Jaien egitarau osoa bost egunetan bilduko da aurten, eta egun bakoitzeko protagonista argia dagoela esango genuke. Lehenengoan, irailaren 27an, jaiei hasiera emango dieten odol-emaileek protagonismo osoa hartuko dute. Bereziki, Izaskun Miner eta Manoli Sorondo herrikideek. Biharamunean umeen eguna ospatuko da, eta agintean gure lekukoa alkate txikiek hartuko dute. Aurtengo alkate txikiak Eñaut Egaña eta Eider Garcia izango dira. Geroz eta nabarmenagoa da haien parte hartzea jaietan. San Migel egunean, irailaren 29an, Udalak omenduko duen kolektiboa aipatu beharko genuke. Adarra-Usaberlartza elkarteko urnietarrak, hain zuzen ere. 1996tik hona Adarra mendialdeko lurrak ustiatzeaz arduratzen ari dira. Larunbatean, oro har, koadrillak nabarmendu behako genituzke. Gazteak, emakumeak..., izaera guztietako koadrillak. Igandean, aldiz, protagonismoa bikoitza izango da.  Alde batetik, Iñistorrak aurtengoan Urnietar Prestu izendatuko dituen Egape ikastolako irakasle aitzindariak (Garbiñe Izeta, Arantxa Etxeberria, Maripi Sarasola, Inma Eizagirre, Maite Urretabizkaia, Marijo Etxeberria, Juxto Egaña, Agurtzane Garmendia, Maite Barandiaran, Antton Jauregi eta Ixidro Elortza). Beste aldetik, Perurekin gobernuz kanpoko erakundea. Txekor jatean ateratzen den diru guztia erakunde horri bideratuko baitzaio”.
Elkarte gehiago jaien egitarauaren antolakuntzan
Geroz eta eragile gehiago hurbiltzen ari dira jaien antolakuntzara, eta joera horrekin agerraldian izan zirenek poza agertu zuten. Gaur arte lanean aritzen direnen ekimena txalotzeaz gain, Mikel Pagola alkateak aurtengoan lehen aldiz ekitaldiak antolatu dituzten bi elkarte nabarmendu nahi izan zituen: “Egape ikastolako Aballarri gurasoen elkarteak larunbat eguerdian pil-pil erako bakailao lehen txapelketa antolatuko du. eta rratsaldean Wu tao arte martzialen elkarteak parrillan prestaturiko pintxoak eskainiko ditu”.

SENTSIBILIZAZIO KANPAINA BIKOITZA
Jaietan giro ona sustatzeaz gain, sentsibilizazio kanpaina bikoitza aurkeztu du Udalak. Lehena, iaz egin bezala, eraso sexisten aurkako da. “Ez beti da ez!” lemapean gida modukoa aurkeztu zuten. Eta, bigarrena, alkoholaren kontsumoari loturik dago. Adin txikikoen artean alkoholaren kontsumoa saihesteko hainbat afitxa argitaratu dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!