Sualma, arimaz betetako egurrezko jostailuak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 22a, 02:00

Sualma proiektua, gauzatutako ametsa da dagoeneko. Susana Carretero eta Maria Barrena billabonatarrek, euren eskuekin, egurrezko jostailu ederrak egiten dituzte.

Susana Carretero billabonatarra egurrezko ortzadar koloretsuarekin “maitemindu” ostean, orain urtebete inguru sortu zen Sualma proiektua Villabonan. “Interneten ikusia nuen ortzadarra eta haietako bat erostera joan nintzen Tolosara”. Bere kide Maria Barrena herritarrari jakinarazi zion egurra eta koloreen artean murgiltzeko piztu zitzaion gogoa eta laguna ere erakarri egin zuen Susanaren ideiak. “Haurrak izandakoan, betidak aurkitu nahi izan dugu lan ordutegia eta umeen hazkuntza bateratzeko alternatibaren bat”, adierazi du Mariak. Espainian barrena, antzeko lanak egiten dituen jende gehiago ezagutzen du Susanak, “eta zergatik ez gu ere saiatu?”, bada, pentsatu eta ekin. “Nahi gabe eta nahita, gehiegi pentsatu gabe abiatu ginen. Ea zer ateratzen den!”. Zerotik hasi ziren, ez baitzuten eskola garaietatik kanpo, aurrez sekula egurrik landu. Ez zuten egurra lantzeko makinarik ezagutzen eta margoekin ere harreman gutxi izan zuten lehenago. Baina saiatzearen eta egitearen poderioz ikasi dute, hanka sartuz eta laguntza eskatuz. Izan ere, hainbat galdera zerabilzten buruan bueltaka: “Zergatik etorri behar du produktuak kanpotik? Zergatik ezin dugu hemen halakorik egin? Zergatik ez dugu bertako egurrarekin lan egingo eta bertako ekonomia sustatuko?”.

Egurra da sortzen dituzten jostailuen abiapuntu eta oinarria; bertako egurra, argi baitute egurra plastikoa baino material goxoagoa eta erakargarriagoa dela. Euren bizi filosofiarekin eta euren haurrei utzi nahiko lioketen etorkizunarekin ere bat egiten du egurraren erabilerak, “haurrak izan orduko jabetzen zara alferrikako zenbat hondakin sortzen den haien jostailuen inguruan. Bestalde, egurrak iraun egiten du denboran, iraupen luzea du eta belaunaldiz belaunaldi ere erabil daitezke egurrezko jostailuak”.

Proiektu txiki bezala sortu zenak, denborarekin, beste tamaina edo dimentsio bat hartu duela diote, “gure lanbidea izatearekin batera, gure bizi filosofia ere bada”.

Jolaserako askatasuna

Egituratu gabeko jostailuak egiten dituzte Susanak eta Mariak, haurren imajinazioari eta espazioari lekua uztea oso garrantzitsua dela uste baitute, “haurrak, jaiotzen direnetik, oso bide zuzenean hezten ditugu, oro har. Umeek, ordea, aske izan behar dute; gizaki kontzienteak izan daitezen, euren espazioa  behar dute, imajinazioari lekua utziz”. Teknologia berrien garaian, pantaila ezberdinek, hein handi batean, haurren hazkuntzan eragin kaltegarria izan dutela uste dute, “belaunaldi berriek, ipuin bat entzutean, pertsonaiak irudikatzeko gaitasuna galdu dute, pantailetan ikusitakoaren bidez, aurrez aurpegia jarria baitiote bakoitzari”. Bat datoz imajinazioari ateak zabalik utzi behar zaizkiola esatean, eta baita, jostailu guztiek, jolastu ahal izateko, argibiderik behar ez dutela esatean ere, “haurrek ez dute jolasteko argibiderik behar. Haiek naturaltasunez jolasten dute, nahi duten eta ateratzen zaien modura. Jolaserako askatasuna eta mugimendua izatea oso garrantzitsua da haurrentzat”.

 

Kolore alai eta biziak

Jostailuak egiteko lehengai naturalak erabiltzen dituzte; aurrez aipatu bezala, ahal badute behintzat, bertako egurra: orain artean, gaztainondoa edo makala batik bat. “Urte askoan aire librean lehortutako egurrak erosten ditugu, modu naturalean lehortutakoak. Zerrategira joaten garenean, saltzaileak nongo egurra den esaten digu eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu hori. Esaterako, azken boladan, Hondarribiako golfean duela bost urte ebaki zuten makal batekin aritu gara lanean”, azaldu du Susanak. Bertakoa, gertuko egurra dute lehengai. Argi dute bestelako kontsumitzeko eta gauzak egiteko moduak ere posible direla, baina euren kontzientziak gidatutako bideari jarraitzen diote. “Gure jostailuak ez dira merkeenak, Txinatik ekarritako guztia askoz ere merkeagoa da, gurea lan egiteko eta kontsumitzeko modu kontzienteagoa da, baita bertako ekonomia bultzatzeko ere”. Materialen bat agian kanpotik edo Internetetik erosi behar izaten badute ere, posible den neurrian behintzat, ahalik eta gutxien jotzen dute kanpora. Egurrak margotzeko urmargoak erabiltzen dituzte, “haurrentzat kaltegarriak ez diren margoak aurkitzea izan da zailena”, zehaztu du Mariak. “Joko eta jostailu askotan aipatzen dira urmargoak, baina ez da aipatzen zer nolako margoak diren. Eta oso garrantzitsua da margo egokiak aukeratzea, haurrak kontziente edo inkontzienteki eramago baitu jostailua ahora”. Kolore alai eta biziko margoekin margotzen dituzte euren eskuekin landutako jostailuak, jolaserako ez ezik apaingarri gisa ere oso egokiak direnak.

 

Eskuz eta mimo handiz

Egurrezko oholak moztetik hasi eta jostailu itxura eman arteko pauso guzti-guztiak euren eskuekin egiten dituzte Susana eta Mariak. Prozesua abiapuntutik bideratzen ikasi dute, hainbat laguntzaileri esker, “laguntzaile onak ditugu inguruan, asko erakutsi digutenak”, diote. Zerrarekin egur zatiak moztu eta pazientzia handiz lisatzen dituzte, ondo leundu eta goxatu arte. Puskak margotu egiten dituzte azkenik. Guztia eskuz, poliki eta mimo handiz.

Egurrezko ortzadarrak egitetik abiatu baziren ere, jostailu mota ezberdinak gauzatzen dituzte egun; puzleak, eraikuntzak, jostailu metagarriak, jaioberrientzako haginkariak… “Leku ezberdinetan ikusitakoak, guri bururaturikoak edo jendeak ematen dizkigun ideiei forma ematen ere saiatzen gara. Orain, esaterako, ortzadar bikoitza egin dugu, pertsona batek proposamen hori egin ondoren”. Herritarren eskura

Santio festetako artisauen azokan parte hartu zuten aurten lehenengoz eta euren proiektua jendaurrean aurkezteko aukera izan zen eurentzat, “biok ere nahikoa izaera hippya dugunez, esperientzia polita eta erosoa izan zen guretzat. Jendeak harrera ona egin zigun eta gure saltsan sentitu ginen. Webgunea sarean egonagatik, zuzenean gure lanak erakusteko beldurra galtzeko modua ere izan zen, jendaurrean aurpegia ematekoa”. Aurrera begira ez dakite azoketako bideari eutsiko dioten edo ez. Izan ere, euren jostailu gehienak ez dira txikiak eta agian ez dira azoketan saltzeko egokienak. Momentuz, www.sualma.es webgunearen bidez, artisauekin beraiekin harremanetan jarrita edota Villabonako Basajaun eta Tolosako Minimaliak jostailu eta liburu-dendetan eros daitezke euren produktuak.

 

Ikasten jarraitzeko irrikaz

Etorkizunari ilusioz begiratzen diote eta aurrera begira, hasitako bideari jarraitu nahi diote. “Bidean gauza asko ari gara ikasten, ez bakarrik egurra lantzen edota margotzen, baita webgunea eta sare sozial ezberdinak kudeatzen ere; diseinugintzaren alorrean ere aurrerapausoa eman dugu”. Ez dute zalantzarik, Sualma proiektuarekin batera, ikasten jarraitzeko irrikaz daude. Umeen hazkuntzak eta  bizimoduak uzten dieten neurrian egiten dute lan, “tarteka, ahal dugun ordutegian. Herrian bertan aritzen gara, Larrea auzoan dugun lokalean eta alde horretatik ere oso pozik gaude”. Ideia berriak dituzten sortzaileak direla jabetu dira eta indar handia eman die horrek aurrera jarraitzeko, “badirudi behin ama izandakoan bukatu egin dela zure bizitza. Baina hori ez da hala, gu oraindik ideiak erditzen ari gara. Guretzat, proiektu hau eskuartean izatea gauza handia da; motibagarria egunerokotasunerako eta gure buruei gauza gehiago egin ditzakegula erakusteko baliagarria. Etxetik, parketik edota lagunartetik kanpora, biltzeko txokoa izatea ere garrantzitsua da”.

 

Bakarrak, berdingabeak

Sualma, bailara mailan, kanpoko beste jostailu etxeak baino gehiago ezagut dadin lortzea litzateke euren helburua; erreferente izatea, inguruko herrietan behintzat. “Hartutako bidea, gure ogibidea izatea nahiko genuke, baina anbizio handirik gabe; lasai bizitzeko aukera izatearekin konformatzen gara, asko betetzen gaituen hori eginez. Oso idealistak gara eta maiz pentsatzen dugu gure eskuekin egindakoa noren eskuetara iritsiko den, edota gure jostailuekin zer nolako jolas sortuko den haurren eskuetan”. Susanak eta Mariak egiten dituzten jostailuak bakarrak eta berdingabeak dira, egurraren ezaugarrien arabera, ez baitago pieza bat bestearen berdinik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!