Azaroaren 5eko galdera erabakitzeko batzarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 21a, 02:00

“Andoain Esan” herri ekimenak erabakitze eskubideari buruzko herri galdeketa egingo du datorren azaroaren 5ean, eta egun hori iritsi bitarte jarri dituen hitzorduen artean, larunbat honetarako hausnarketa jardunaldia dago. Ekitaldia Basteron burutuko da, 10:00etan hasi eta 12:00ak arte. Modu ezberdinetan proposatu izan da galdera, Euskal herri zabalean egin diren kontsultetan.

Eztabaida gunea irekiko da Basteron larunbatean, bertaratutakoek azaroaren 5ean gauzatuko den kontsultarako galdera eraiki dezaten. Andoain Esan herri ekimenak galdera osatzeko prozesu parte hartzailea jarriko du abian era horretan; herritarrak bihurtu nahi ditu erabakiaren sustatzaile.

Galdeketen dinamika Etxarri Aranatzen hasi zenetik 2014an, geroz eta herri gehiago dira heldu diotenak bide horri. Leku bakoitzean herritarrak izan dira erabaki dutenak zer galdetu, zein hitz eta zein termino erabili.

Egia esanda, gaur arte galdeketa egin diren herrietan, modu ezberdinak erabili izan dira galdera herritarrei aurkezteko. “Nahi al duzu“ edo eta “Ados zaude” aipatu ostean, zer hori zehazteko orduan etorri dira formulazio anitzak:

- “Euskal estatu subiranoa” (Arrankuadiaga).

- “Euskal estatu independientea”  (Azpeitia, Debagoiena-Aramaio eta Usurbil).

- “Euskal estatu burujabea” (Goierri, Tolosaldea, Urola Kosta Aizarnazabal, Azkoitia, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa, Zumaia, Isparter, Dima, Larrabetzu, Arrigorriaga, Ajangiz, Busturia, Morga, Gernika-Lumo, Forua, Ereño, Muxika, Murueta, Gautegiz-Arteaga, Nabarniz, Kortezubi, Bermeo eta Ea).

- “Euskal estatu librea” (Lezo).

- “Euskal herri burujabe” (Pasaia, Mendata, Errigoiti, Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz, Bortziriak eta Ziordia).

- “Euskal estatu batekoa” (Oiartzun)

- “Euskal Errepublika” (Eibar).

- “Euskal herri independientea” (Etxarri, Itziar, Mutriku, Soraluze, Zubieta, Bakaiku, Zaldibar, Zeanuri, Legutio eta Orozko).

- “Euskal estatu burujabea” Abadiño, Elorrio, Zornotza, Lea-Artibai, Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxeberria, Gizaburuaga, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Ondarroa, Ziortza-Bolibar, Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Jatabe, Meñaka eta Mungia).

Izan dira galdera modu bereziagoan egin duten herriak, “zer” hori definitzerako orduan. Hona zenbait.

Olazagutian, “Nafarroa burujabea”.

Altsasun eta Lakuntzan, “Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko?”.

Hernani eta Astigarragan, “Euskal Herria Errepublika burujabea eta independientea”.

Arratzun, “Geure etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde zagoz?”.

Durangon, “Bere etorkizuna modu librean erabakiko duen euskal estatu bateko herritarra izan nahi duzu?”.

Arbizun, “Nahi duzu Nafarroak gainerako euskal lurraldeekin estatu bat eratzea?”.

 

Bi galderez osatutako kontsultak

Galdera bakarra ez, baizik eta bi proposatu zituzten beste zenbait herrietan. Baldin eta lehen galdera baiezkoa bazen, herritarrari bigarren galdera bati erantzuteko aukera eman zitzaion.

Deba eta Elgoibarren, adibidez, hona zein izan ziren bi galderak: "Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea?”. Eta bigarrena: “Nahi al duzu euskal estatu independentea?”.

Errenterian, hona zeintzuk izan ziren bi galderak: “Ados zaude Euskal errepublikara burujabe ba eratzearekin?” eta “Ados zaude “independientea izatearekin?”.

Lasarten, berriz: “Erabakitzeko dagokizun eskubidea erabili nahi duzu interes publikoko gaietarako?” eta “Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan”.

Nafarroako Mendialdeko herriek ere (Araitz, Arano, Betelu, Areso, Goizueta, Lekunberri eta Leitza) bi galderen formatua hautatu zuten: “Nahi duzu Nafarroako herritarrok gure etorkizun politikoa modu askean erabakitzea?” eta “Nahi duzu euskal herri libre bateko herritarra izan?”.

Nafarroako beste zenbait udalerrietan, bi galderari eutsi arren biei erantzutea proposatu zieten herritarrei. Imotz eta Basaburuan, konparazio batera, hona ze modutara: “Nahi duzu Nafarroako herritarrok gure etorkizuna aske erabakitzea” eta “Nahi duzu euskal herri burujabe bateko imoztarra/basaburutarra izan?”.

Irurtzunen, “Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko? eta “Nahi al duzu euskal herri burujabe bateko irurtzundarra izan?”.

Eta azkenik, Urdiainen, “Nahi al duzu herritarrok gure etorkizuna era librean erabakitzea?” eta “Nahi al duzu euskal herri burujabe bateko urdindarra izan?”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!