Modan da euskara, ekitaldiz beteriko egitasmoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 21a, 02:00

Moda eta euskara uztartu nahi dituen programa zabal eta trinkoa aurkeztu dute Andoaingo Udaletxean. Formatu ezberdinetako hainbat ekitaldi iragarri dira hurrengo egunetarako; besteak beste, kale antzerkia, erakusketak, moda tailerra, musika saioak, mahai inguruak... Udalak, Salkin merkatarien elkarteak eta herriko hainbat moda diseinatzaileek elkarlanean antolatu dute egitasmoa.

Programa atondu duten eragile guztiak izan dira aurkezpenean, Ainara Rodriguez Udaleko Euskara zinegotzia, Jon Zulueta Enplegu eta Merkataritza zinegotzia, Luis Angel Orte Salkin merkatari elkartearen presidentea eta Andoaingo bost moda sortzaile eta diseinatzaile izan dira: Maddalen Marzol lurrinetan aditua, Irati Guarretxena (Letitare), Urtzi Azpiroz (Urtzi Alkain), Pili Jimenez (Muchas Telas) eta Fanny Alonso (Fanny). EE-PSE alderdiko Maider Lainez eta Petri Romero zinegotziak aurkezpen ekitaldian izan dira.

Ainara Rodriguezek egitasmoak helburu hirukoitza duela adierazi du: “Euskararen erabilera sustatzea eta euskararekiko estimua areagotzea gure herritarren artean; bigarrena, merkataritzaren jarduna sustatzea eta zabaltzea; eta hirugarrena, modaren ezagutza ahal den neurrian zabaltzea, hala ikuspegi ezberdinetatik landuz nola modan diharduten Andoaingo sortzaileen lanak ezagutzera emanez”.

Rodriguezek erantsi du euskararen erabilera zabaltzeko Andoaingo Udala aspaldian ari dela ahaleginean, eta alde horretatik, oso garrantzitsua ikusi du hizkuntzaren normalizazio prozesuak bat egitea herritarrei bere egunerokoan gogoko zaizkion balioekin. “Modarekiko interesa da balio horietako bat, eta horrenbestez, modarekin lotu nahi dugu euskara, euskaraz jantzi nahi dugu euskara”.

Hitza hartu duen Jon Zulueta zinegotziak ere modu baikorrean baloratu du ekimena, merkataritzari lotutako Udal sailaren ikuspegitik: “merkataritza bizi eta sendo batek herria biziago egiten du, eta argi dago ekimen honek merkataritza sektorea indartzen duela; eta gainera, euskaraz”.

Andoaingo merkatariak egitasmoko partaide dira, eta euren izenean hitz egin du Luis Angel Orte Salkin elkarteko presidenteak. “Gure helburua herriko merkataritza lantzea da, badakigulako horrekin Andoaingo herriaren indarra sendotuz joango dela aldi berean. Merkatariok egunero erabiltzen dugu euskara, gurea sentitzen dugu, eta horrexegatik oso interesgarria ikusten dugu ”Modan da euskara” egitasmoa. Gure ekarpena kasu honetan, pintxo lehiaketan eta “Gau txuria”n parte hartzea izan da”.

Gau txuri izeneko ekimenaren baitan, herriko komertzio ezberdinek nork bere karpa eta bertan beren produktuak jarriko dituzte ikusgai, bai Juanita Alkain plazan eta baita euren dendetan, arratsaldean hasi eta gaueko ordu txikietara bitarte.

 

Diseinatzaileak, eragile

Herriko zenbait diseinatzaile gazteek parte hartu dute egitasmo honen antolakuntzan. Lurrinetan aditua den Maddalen Marzolek esku hartu du urriaren 2tik 7ra entzun ahal izango diren hitzaldi eta mahainguruen osaketa prozesuan, eta horien berri eman du. “Moda munduan ikuspegi ezberdinak dituzten ahotsak biltzen saiatu gara, eta ziur naiz aberasgarriak gertatuko direla herritarrentzat”.

Sorkuntza lantegiak antolatu dira beste hainbat ekitaldien artean, eta Irati Guarretxena diseinatzaileak gidatuko ditu horietako batzuk. “Bertan parte hartzen duten herritarrek, norberak jantziak diseinatu ahal izango ditu eta baita etxera eraman”.

 

Egitasmoa, egunez egun:

Urriaren 2a, astelehena.

18:00. Sorgunea: lantegia. Fanny Alonso eta Pili Jimenez diseinatzaileekin.

19:00. Hitzaldia: “Janzten zaren bezalakoa ote zara?”.

Aurkezlea, Urtzi Azpiroz diseinatzailea.

Hizlaria, Alazne Izagirre psikologoa. Bastero.

 

Urriaren 3a, asteartea.

18:00-. Sorgunea lantegia. Zapi bat atontzen (1. Zatia).

Devoré teknikaren bidez, zapia bat atontzeko aukera. Gidaria, Irati Guarretxena diseinatzailea.  

Izena ematea, Udaletxeko Ataria-n. Irailaren 29a baino lehen. Matrikula: 20 euro.

 

Urriaren 4, asteazkena.

18:00. Sorgunea lantegia.

Fanny Alonso eta Pili Jimenez diseinatzaileekin.

19:00. Hitzaldiak: “Modaren ikuspegiak eta komunikazioa”.

Aurkezlea, Urtzi Azpiroz diseinatzailea.

Hiru hizlari:

Maddalen Aduriz (irakaslea), “Moda generoa berdintasunaren ikuspegitik”;

Mikel Aramendi (modeloa), “Modelo maskulinoa: modaren beste ikuspegia ote?”;

Maider Gorostegi (kazetaria), “Moda, komunikazioa eta sare sozialak”.

 

Urriaren 5a, osteguna.

18:00. Sorgunea lantegia. Zapi bat atontzen (2. Zatia).

Gidaria, Irati Guarretxena diseinatzailea.  

 

Urriaren 6a, ostirala.

17:00. Sorgunea. Dokumentala. The true cost/benetako kostuak.

Bene-benetan nork ordaintzen ditu gure jantziak?

19:00. Hitzaldiak: “Josi eta atondu”.

Aurkezlea, Urtzi Azpiroz diseinatzailea

Hiru hizlari:

Igor Uria (Cristobal Balenciaga museoa): “Moda, ofizioaren esentzia”.

Irati Guarretxena (diseinatzailea): “Ofizioa, gaur egun”.

Maddalen Marzol (lurrinetan aditua): “Ikusten ez den moda”.

 

Urriaren 7a, larunbata.

11:00. Mahai ingurua: “Moda astintzen”.

Moderatzailea: Maider Gorostegi.

Hizlariak: Igor Uria (Cristobal Balenciaga museoa), Jokin Aierregarai (komunikatzailea), Urtzi Azpiroz (diseinatzailea).

13:00. Kale antzerkia. Femmes.

Bastero eta Santa Kruz bitartean.

17:00. Karpen irekiera.

Dendak eta karpak gaueko 12ak arte irekita egongo dira. Juanita Alkain plazan.

Partehartzaileak: Alice, Durazno, Gloss, Izeia, Samay, Xelena, Xare, La invitada perfecta.

Gau txorian parte hartzaileak (00:00ak arte irekiko dutenak): Amantegi mertzeria, Cisneros oihalak, Iturbe oinetakoak, Gonzalez sastrea, Gamer, Asun, Samay, Orte optika, Enara bitxidenda, Zabala bitxidenda, Ogi Donostia, Ormendi kirolak eta Pepi lentzeria.

17:00. Kale animazioa. Santa Kruz zubian, Basteron eta Juanita Alkain plazan. Herriko hainbat musikarik kaleak alaituko dituzte.

19:00. Modeus Pintxo lehiaketako sari banaketa. Juanita Alkain plazan.

22:00. Mikel Urdangarin eta Esti Sistiagaren kontzertua. Juanita Alkain plazan.

00:00 Gau txuriaren bukaera.

 

Beste zenbait ekimen:

* Aste guztian zehar: Erakusketa, “Euskal jantzien bilakaera XVI-XX. mende artean”. Iraultza dantza taldearen eskutik. Basteroko erakusketa gelan.

* “Modeus pintxoa”. Pintxo lehiaketa herriko hainbat tabernetan. Bi sari, bata herritarrek emango dute bata, gastronomiako adituek besteek. Osteguna eta ostirala, 18:00-21:00. Larunbata, 12:00-15:00/18:00-21:00.

 

Guneak:

Bastero kulturgunea: Jantzien erakusketa, hitzaldiak eta mahai ingurua.

Juanita Alkain plaza: Gau txoria eta kontzertua.

Sorgunea: lantegi eta sortzaileen lanen erakustoki eta saltokia.

Ordutegia: Astelehena-ostirala: 17:00-20:00. Larunbata: 10:00-13:00/17:00-00:00.

Sortzaileak: MarMar (Urtzi Alkain, Latitare), Bitxigu, Fanny Alonso, Pili Jimenez (Muchas Telas).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!