Ordainpekoa izango da N-1 errepidea kamioientzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 21a, 02:00

2018tik aurrera, N-1 errepidea ez da guztiz doakoa izango. Ez behintzat pisu handiko kamioientzat. Etzegaraten, Andoainen eta Irunen jarriko dituzte ordainlekuak.

Eskualdeko gidariek ondo dakiten bezala, milaka ibilgailuk zeharkatzen du egunero-egunero N-1 errepidea. Horietatik 12.000, pisu handiko kamioiak dira. Estatutik Europarako pasabide nagusia da gure eskualdea zeharkatzen duen errepidea, eta horren eraginez, trafiko handia izaten da bertan. Merkantzia garraiorako ardatz da N-1 errepidea, kamioien joan-etorri handia eraginez. Pasatzen diren kamioien %60, gainera, atzerritarrak dira.

 

Mantenua

Duela berrogei urte eraiki zuten orain ezagutzen dugun N-1 errepidea eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena da mantenuaren ardura. Egunero-egunero bertatik igarotzen den trafikoak, eragin zuzena du mantenuaren kostuan eta gastu horiei aurre egiteko, kamioientzako bidesari sistema jartzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Iragarri dutenez, 2018tik aurrera ordaindu egin beharko dute bertatik pasatzen diren kamioilariek. Bide Azpiegituretako diputatua da Aintzane Oiarbide eta bere iritzian, “gipuzkoarrok soilik ezin dugu ordaindu Europako ardatz transeuroparrean dagoen azpiegitura honen mantenua eta hobekuntza. AT sistemak kanpoko kamioilariek ibilbide osoa ordaintzea bermatzen du eta Gipuzkoa barruko bertakoen joan-etorrietan ahalik eta eragin gutxiena egingo da”. N-1 errepidean kamioientzako bidesari sistema jartzeak beste abantaila bat ere izango duela azpimarratu du Foru Aldundiak: “trafikoen oreka ere eragingo du. Izan ere, aurreikuspenen arabera, kamioien joan-etorriak, neurri batean, N-1etik AP-8 eta AP-1era bideratuko dira, eta horrek nabarmen hobetuko du gure sarea, N-1eko trafikoa arinduz”.

 

Ordainleku bereziak

Sistema berria erabiliko dute kobraketak egiteko eta hiru ordainleku jarriko dituzte horretarako; Etzegaraten, Andoainen eta Irunen. Ez dira ohiko ordainlekuak izango. Errepidea aldenik alde zeharkatuko duten ate edo portiko itxurakoak izango dira eta pisu handiko kamioiak identifikatzeko sistema berritzailea erabiliko dute. Eskaner berezien bidez pisu handiko kamioiak noiz eta zein norabidetan pasatzen diren jakingo dute. Kamioi bakoitzak aparatu igorle bat izango du, identifikazioa egin ahal izateko eta sistemak zuzenean egingo dio kobraketa kontu korrontetik. Kobraketa modu horrekin, ibilgailuek ez dute geratu beharrik izango ordainketa egin ahal izateko. Ilararik ez da sortuko, beraz. Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, “teknologikoki Europako abangoardian kokatuko du Gipuzkoa, Suedia edo Norvegiaren moduko Europako herri aurreratuenek baitute sistema hau, eta Estatu mailan lehendabizikoa izango da”.

 

Igorlea

N-1a errepidea erabiltzen duten kamioilariek, beraz, aparatu igorlea beharko dute ordainketa egin ahal izateko. Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, “horretarako nahikoa izango da ordainpeko gainerako autobide eta autopistetan erabiltzen den TAG edo ViaT aparatua izatea”. Etzegarate, Andoain edo Irungo portikoak aparatu-igorle horiek eskaneatzeko prestatuta egongo dira eta automatikoki egingo diete kobraketa pisu handiko kamioiei. Gisa horretako aparaturik ez duten kamioilariek Foru Aldundian egin beharko dute eskaera. Nolanahi ere, sistemaren berri zehatzagoa izan dezaten, Gipuzkoako kamioilariei zuzendutako informazio kanpaina abiaraziko du Foru Aldundiak epe laburrean.

 

Bidesaria, zehazteke

Oraindik erabat zehaztu gabe dago N-1 errepidea erabiltzeagatik kamioilariek ordaindu beharko duten kopurua. Batzar Nagusietan erabaki beharko dute hori. Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, ordea, Irun eta Etzegarate arteko bide osoa egiten duten kamioi astunenek, 10 eurotik behera ordaindu beharko dute. Gure eskualdeari dagokionez, berriz, Andoaingo arkua bakarrik zeharkatzen dutenek, euro baten azpitik ordaindu beharko dutela jakinarazi du Aldundiak, nahiz eta oraindik zehazteke dagoen kopuru zehatza.

 

Urrirako, jarrita

Iraila amaieran edo urria hasieran egingo dituzte Andoaingo arkua jartzeko lanak. Ikastolaren pareko bihurgunean kokatuko dute eta dagoeneko eginak dituzte lehedabiziko lanak. Uda hasieran atondu zuten arkuaren kokalekua, eta orain, egitura metalikoa ezarri beharko dute. Gauez egingo dituzte lan horiek, ahalik eta trabarik gutxien sortzeko. Izan ere, 30 metroko luzera eta 16 tonako pisua baitu arku metalikoak eta zenbait orduz itxi beharko dute N-1 errepidea Andoain parean egitura metalikoa bere tokian jartzeko. Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, errepidea itxita egongo den ordu horietan, ordezko bideak seinaleztatuko dituzte, gidariei beharrezko informazioa eskainiz.

 

Froga

Andoaingo ordainlekua izango da jarri beharreko azkena, eta lan horiek egindakoan, sistema frogatzeko garaia iritsiko da. Zenbait astez, kamioiak identifikatu eta datuak igorriko dituzte, kobraketarik egin gabe. Urte hasieran aurreikusten dute sistema erabat martxan izatea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!