Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 21a, 02:00

Bertsozale Elkarteak, Euskal Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurkezpena egin zuen atzo ilutzean Villabonako Subijana etxearen atarian. Txapelketan parte hartuko duten kideez gain, antolatzaileak, Udal ordezkariak nahiz hainbat bertsozale bildu zen bertan:

Argazkiak

Amasa-Villabonako Oinkari dantza taldeko dantzariek, Paxkal Irigoienek konposatu duen Txapelketa Nagusirako sintoniaren doinuari bizia eman zioten aurkezpenaren hasieran, koreografia goxoa eskainiz. Bertsozale Elkarteko koordinatzaile orokorra den Aritz Zerainek hartu zuen hitza jarraian eta Villabona herriari asko zor diotela adierazi zuen, "Villabonan egin genuen aurreko Txapelketako lehen saioa eta eta aurten ere bertan aurkezpena eginez hasiko dugu Txapelketa". Txapelketa Nagusia aurrez eginiko lanaren isla dela adierazi zuen eta transmisio eta sustapen sailetik, Bertso Txapelketa ez ezik, bertso eskolen eguna,Txapelketa Nagusian azterketa soziologikoak edota euskaltegietan txapelketa presente izateko ekimenak bideratuko dituztela jakinarazi zuen, "bertso eskolen mugimenduari esker" eta esker oneko txaloa eskatu zuen haientzat. Era berean, eskerrak eman zizkien erakundeei ere, "aurten bereziki leku berezia eman nahi diegu Bertsozale Elkartearen eguneroko lanean sinesten duten erakundeei". Baita bazkideei ere. "2400 bazkide gara egun eta gountz doa kopuru hori. Haiek ilusioz ematen dute izena eta guk ere hala hartzen ditugu". Hizlari guztien leloa izen zen "Egin dezagun gurea, baina izan dadila denona" esaldiarekin amaitu zuen bere parte hartzea.

Ilusioz beteta

Aurreko Txapelketan abestu zuten hainbat bertsolariren bertsoak entzun ahal izan ziren segidan eta Sabino San Sebastian eta Beñat Vidalek hartu zuten hitza ondoren, talde antolatzaileko beteranoa lehena, berriagoa bigarrena. Biek ere ilusioz beteta zeudela adierazi zuten."Gure ardura izango da Txapelketako talde guztiak indartsu eta koherentziaz mantentzea. Herrialdekako Txapelketak igarota, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin zikloa ixtera goaz". 43 bertsolarik zapalduko dute aurtengoan oholtza, irailaren 23an Baigorrin hasi eta 2017ko abenduaren 17an Barakaldoko BECen amaituko den 17. edizio honetan. Aurten Euskal Herriko zazpi lurradeetan jarriko dira oholtzak eta talde antolatzaileko arduradunen ustez, "ez da ametsa, ez da kontu sinbolikoa; errealitatearen isla da eta indar gehiago edo gutxiagorekin, lurralde guztietan lanean ari garela esan nahi du horrek. Egin dezagun gurea, baina izan dadila denona".

Epaile eta gai jartzaileak

Epaile eta gai jartzaile taldeko kideek agerpena egin zuten aurkezpenean eta haien izenean,  bi ordezkarik hartu zuten hitza; Nerea Bruñok eta Iker Iriartek. Guztira 20 epaile eta 18 gai jartzaile ariko dira lanean Txapelketan zehar. Hasiak dira lanean dagoeneko. Euren arduraz jakitun direla adieraztearekin batera, euren onena ematen ahaleginduko direla gaineratu zuten. "Egin dezagun gurea, baina izan dadila denona".

Umorea, bertsotan

Haritz Mujika eta Unai Mendizabal Asteasu eta Zizurkilgo bertsolariek umorea ekarri zuten ekitaldira. Txapelketaren inguruan gertatzen diren hainbat egoeraren inguruan osatutako bertso txinpartadunak abestu zituzten, Tomas Lizardi musikariak gitarrarekin lagunduta. (Bideoak epe laburrean ikusgai).

Bertsolarien aurkezpena

Banaka-banaka, Txapelketan abestuko duten bertsolarien izenak izendatzearekin batera, Maiatzaren Lehena plazaren erdira gerturatu ziren bertsolariak eta hantxe, taldean zirela, Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruak hartu zuen hitza. Bakoitzak bere bidea egiteko eta ahalik eta Txapelketarik onena egiteko opa zien, "guk horrekin gozatuko baitugu. Lehiak lehia, jakizue bertsozaleon sarea zuen ondoan izango duzuela beti. Egizue zuena, baina izan dadila denona". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!