Minbiziaren aurkako Aiztondoko martxa, urriaren 7an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 20a, 02:00

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko hainbat kidek eta Aiztondo eskualdeko Udal ordezkariek, ‘Minbiziaren aurkako Aiztondoko martxa’ ekimena aurkeztu dute gaur eguerdian Zizurkil eta Villabona lotzen dituen Zubimusu zubian:

Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Larraul herriak, minbiziaren aurka elkartu egin dira. Gaur hasi eta urriaren 7a bitartean, hamaika ekintza antolatu dute Aiztondo eskualdeko herrietan barrena. Azaldu dutenez, urriaren 7a izango da egunik potoloena. Maite Amenabar Zizurkilgo alkateordeak gogorarazi du, Zizurkil eta Villabonak 2016. urtean hartu zutela aurtengo ekimena antolatzeko lekukoa, “Aiztondoko gainerako herriak batu zaizkigu eta herritar guztiak animatu nahi ditugu ‘Minbiziaren aurkako Aiztondoko martxan’ parte hartzera”. AECCko psikologo Maider Sierrak, bere aldetik, Aiztondo bailarako bolondres taldea eta Udaletako ordezkariak, urriaren 7an egingo den martxara herritarrak deitzeko batu direla adierazi du. Baina martxa iritsi bitartean, herritarrak batzeko eta minbizia duten pertsonak eta haien familiak bakarrik ez daudela erakusteko, bi astetan zehar hainbat ekintza antolatu dituztela jakinarazi du, “gaur bertan hasi eta urriaren 6ra bitartean, eskualdeko ikastetxe ezberdinetan egongo gara haur eta gazteekin minbiziaren gaia lantzen. Bestalde, hurrengo astean, bai irailaren 26an eta 27an hitzaldiak izango dira, urriaren 3 eta 5ean, berriz, elikadura osasungarriari buruzko tailer eta show cookingak”. Hala ere, aurrez aipatu bezala, egunik potoloena urriaren 7an izango da eta egun horren inguruan aritu da zizurkildarra, “Goizeko 09:30etan hasi eta 13:30ak arte, ekintza ezberdinak izango dira Aiztondo bailaran. Aiztondoko herri txikietatik, herri guztietatik, oinez abiatuko dira 09:30etan. Larrauldik Asteasura jaitsiko dira, eta pixkanaka elkartzen joango dira Adunako, Zizurkil goiko edota Alkizako herritarrak… Guztiak Zizurkilgo Joxe Arregi plazan bilduko dira 11:00tan eta horixe izango da gure elkargunea”. Bitartean 8 urtetik gorako gaztetxoentzat kirol ekintza ezberdinak egingo dira Zizurkilgo Pello Mari Otaño ikastetxean, “bereziki gogoratuz, garrantzitsua dela bizitza osasungarria sustatzea. 11:00tan Joxe Arregi plazatik Villabonara abiatuko gara oinez, erreka jarraituz eta Villabonan Zarauzko taldeari harrera egingo zaio, hurrengo urtean Zarautzen burutuko baita ekimena. Behin lekukoa pasa ondoren, kirol ekintza ezberdinak hasiko dira Villabonan”. Asteasuko Pili Legarra alkateak hitz egin du aurkezpena bukatu aurretik eta herritar oro gonbidatu du Minbiziaren aurkako martxan parte hartzera, “garrantzitsua baita herritar guztion babesa”.

Egitaraua
Irailak 26, asteartea:
“Behin minbizia etxean sartzen denean, laguntza noiz eskatu?” hitzaldia. Adunako kultur etxean, 18:30ean. Hizlariak: Lara Franco eta Itxaso Uribeetxeberria. Sarrera librea, bete arte.

Irailak 27, asteazkena: “Minbizia, bizitzaren gaixotasuna?” hitzaldia. Asteasuko udaletxean, 19:00etan. Sarrera librea, bete arte.

Urriak 3, asteartea: Elikadura osasungarriari buruzko tailerra. Villabonako Behar Zana elkartean, 19:00-22:00. Javi Ribero sukaldariaren eta Maider Sierra psikologoaren eskutik. Prezioa: 15 euro. Izen-ematea: 943 65 21 43.

Urriak 4, asteazkena: Etxeko txikiekin fruta eta barazkiak jaten tailerra. Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean, 18:30etan. Guraso eta haurrei zuzenduriko tailerra. Gosari eta merienda dibertigarri eta osaungarriak sortzen.

Urriak 5, osteguna: Ondo jan, ondo bizi show cookinga. Villabonako Berdura plazan, 18:30ean. Javi Ribero sukaldariaren eta Maider Sierra psikologoaren eskutik. Izen-ematea: 943 65 21 43.

Urriak 7, larunbata: Minbiziaren aurkako Aiztondoko martxa:
09:30-11:00 8 urtetik gorako haurrentzako kirol ekintzak, Zizurkilgo Pello Mari Otaño eskolan.
09:30etatik aurrera, Larraul, Asteasu, Alkiza, Aduna eta Zizurkil goitik oinezko taldeak etorriko dira Zizurkilgo Joxe Arregi plazara.
11:10 Zizurkildik Villabonara kalejira, buruhandi eta musikariek lagunduta.
12:00 Zarauzko taldeari lekukoa ematea, 2018 martxa burutuko baita bertan.
12:15 Zumba eta spinning saioak, Villabonako gune ezberdinetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!