Andoain eta Urnieta euskara ikasteko aproposak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ira. 18a, 02:00

Euskara ikasteko aukera gertuago dago orain, Andoainen eta Urnietan. Ikasturte berrirako matrikulazio epearen irekiera ekitaldian Aize Otaño euskara irakasleak ondo adierazi bezala, “aurreneko aldiz, Buruntzaldea osatzen duten sei herriek euskaltegi bana daukate, Urnietan euskaltegia ireki berria baita. Gainera, Andoainen euskaltegi berria zabaldu dugu”.

Beterri-Buruntza osatzen duten zazpi herrietako euskaltegiek 2017-2018 ikasturterako eskaintza zabala aurkeztu zuten Urnietan, joan zen astean. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, eta aurtengoan mila ikaslera iristeko erronka jarri dute. 
Ikasturte berriaren aurkezpen ekitaldia Urnietan zenez, Maripi Sarasola Urnietako Udaleko euskara zinegotzia izan zen lehen hizlaria: “Eskualdeko Udalok euskaltegietako matrikulazioa sustatu nahi dugu. Aurtengo kanpainako leloak dioen bezala, Euskara jakiteak merezi duelako. Galtzekorik ez, baizik eta ikasteak irabazteko asko duelako”. Euskaltegi guztietako langileen lana goraipatu nahi izan zuen Sarasolak, eta Urnietan euskaltegi berria irekiko delako poza agertu zuen: “Guretzat erronka handia da; Urnietako herritarrei euskara ikasteko aukera eman nahi zaie, eta itxaropentsu gaude”.
Ainara Rodriguez Andoaingo Udaleko euskara zinegotziak ere hitza hartu zuen prentsaurrekoan, Baietz mila aurten! kanpainaren goiburuetakoa azaltzeko: “Erronka modukoa da guretzat. Zergatik erronka? Iaz 946 pertsona izan zirelako eskualdean euskara ikasten aritu zirenak, eta aurtengo ikasturteari begira pauso bat gehiago eman nahi dugu, iazko kopuru hori gaindituz”.
Rodriguezek euskaltegien eskaintza zabala azpimarratzeaz gain, diru-laguntza lerro ezberdinak nabarmendu zituen.  Erakundeen aldetik euskara ikastea sustatu nahi baita, abantailak eskainiz: “HABEk matrikularen zati handi bat itzuliko die aurten ere A1etik C2ra arteko ikasmailaren bat gainditzen duten ikasleei. Bestetik, eskualdeko sei udalek ere laguntzak eskaintzen dizkiete euskara ikasten ari diren herrikideei. Bataz beste, herriaren arabera, matrikularen kostuaren %75 eta %100 arteko laguntzak eskaintzen dituzte”.

Eskaintza zabala
Hernani eta Lasarte-Oriako udal euskaltegietako ordezkari Joseba Arbelaitzek ongi etorria eman nahi izan zien tituluaren baten atzetik (A1, A2 eta B1 mailetakoak) dabiltzan ikasleei, eta baita tituluen premiarik ez dutenei ere, “euskara mantendu, aberastu edo txukundu nahi duten horiei guztiei”.
Ohiko jarduera akademikoaz gain, gaur egungo eskaintza oso zabala da: “Asteburuko barnetegiak, bisitaldiak, txangoak, tailerrak, mintzalagunak, kafe tertulia…”.
Bestalde, lehen aldiz euskaltegira hurbilduko diren pertsonak, eta batik bat migratzaileak eduki zituen gogoan, ongi etorria emanez horiei: “Iaz ikasle berri dezente eduki genuen. Batzuetan, eta uste denaren kontra, geroz eta ikasle gehiago arrimatzen da euskaltegietara, eta horien artean migratzaileak daude. Jakitun dira euskara jakiteak ate asko irekiko dizkiela, eta gainera, harreman sare berriak sortuko zaizkiela. Eskerrak eman behar zaie egiten duten ahaleginagatik eta euskal gizarteari egiten dioten ekarpenagatik”.
Afektibitatea izan zuen mintzagai azkenik, AEK euskaltegiko Haize Otaño irakasleak: “%100 afektiboa da ikasturte honetarako AEKk zabaldu duen leloa. Euskara hemengo hizkuntza denez, afektibitatea landu beharreko kontua da zalantzarik gabe. Alde horretatik, euskara ikasteko modu afektibo eta efektiboa eskaintzen dugu AEKn”.

Andoaingo eta Urnietako euskaltegiak

Irailean zehar martxan izango dira bi herrietako euskaltegiak. Andoaingo AEK euskaltegiak egoitza berria zabaldu zuen asteazken honetan. Urnietakoak ere laster egingo du irekiera ekitaldia. Datorren irailaren 26an izango da, asteartearekin, arratsaldeko 19:00etan hasita. 

URNIETAKO AEK
Errekalde kalea, 1.
Izen-ematea:
09:00-13:00 Astel.-asteazk.
17:00-19:00 Astear.-osteg.

ANDOAINGO AEK
Plazaola kalea, 2.
943 59 17 04.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!